 |
|
 |
 |
|
Jose Vizente Echagaray
Eguerritako Kantak (1)
Sarartea Edo Idiarena
1
Arren laster atozte,
adiskide maiteak,
utzi zuben nekeak,
larga zeren lanak,
aditu diranak,
berri, berri,
zerubak emanak.
|
2
Bei-elea bildurik
gaur illunabarrean
ukullu bazterrean
nagoala lotan,
amets jolasetan,
Jesus, Jesus,
agertu zait bertan.
|
3
Beleneko sarreran
dago jayo-lekuba,
antxe dago zeruba,
an ama maitea,
an aita-ordea,
antxe, antxe,
Erredentorea.
|
4
Asnas-lurriñarekin
berotubaz lastoa,
daude idi, astoa,
ardia, bildotxa,
bigundu naiz otza:
guazen, guazen,
lasterka bakoitza.
|
Artzaigokia
1
Artzai maiteak, zorion,
gure deya du zerubak,
utzi agudo txabolak
eta zuben ganadubak.
|
2
Artzaiak, ariñ lasterka
guazen guztiok Belena,
Jabe Jaun bakar gurea
adoratzera aurrena.
|
3
Jaso biotzak batera,
begiak umildu bera,
eta belaunak lurrera,
guazen Jaunaren aurrera.
|
4
Agudo guazen bidean,
guazen artzaiak kontentuz,
zorion gurean dator
gaur gizonagana Jesus.
|
Koplaria
1
Aterik ate nabill
Jesusaren galdez,
eziñ iñon jakiñik
jayo dan edo ez:
nabill etxerik etxe
Jesusen galdezka,
erregalo egin nai
niyoke siaska.
|
2
Ditut troxa oyalak,
arkume-larruba,
aurraren berogarri
ondo legortuba:
amaren saldatxoaz
ez nago aztuba,
eta det aitarentzat
apari-moduba.
|
Euskaritxoa
Agur, aurtxoa, salbe, Jesusa,
zerala ongi etorri,
zeruko lore zuri ederra,
salbe guztiok zedorri. |
Zortzikoa
1
Egiñ arren gizonak
bere alegiña,
izan arren gogoa
borondate diña,
ez du erakutsiko
bear dan adiña,
miragarri gaurkoa
Zerubak egiña.
|
2
Lendanaz du Maria
Jaunak bedeinkatu,
bere berdiñik ez du
lurrean arkitu:
Espiritu Santuak
gero du argitu,
gaur da ama egiñik
birjiña gelditu.
|
3
Mariagandik dator
gure Egillea,
asierarik eta
azkenik bagea:
berea da zeruba,
lurra’re berea,
berarena guztiya,
goya eta bea.
|
4
Egiña dago bada
Jaunak aginduba,
zabal irikirikan
daukagu zeruba:
barkatuba bertatik
dago bekatuba,
egiaz biotzetik
badator damuba.
|
(1) Estos villancicos, puestos en música por el afamado maestro D. Pedro Albeniz, se cantaron en 1830 en las parroquias de Santa María y San Vicente de esta Ciudad. (Euskal-Erria-ren oarra, 17, 1887, 530 orri-alde.)
Santa Maria eta San Bizente Donostiako Premieleiza bietarako beren kapilla maisu On Pedro Albeniz jaunak soñuban ipiñiak, 1830-garren urtean. (Euskal-Erria-ren oarra, 19, 1888, 539 orri-alde.)
IKUSI:
“Euskal-Erria”, 17, 1887, 530 orri-alde. Koplaria 1/2: Jesusen galdezka. (Oso nabarmen dago punturako gaizki dagoana; ala, urrengoan dagoan bezela jarri degu.)
EUSKARITXOA, 1: Euskal-Erria-ren ale onek “salbe, o Jesus” jartzen du, eta besteak berriz “salbe, Jesusa”. Bigarren era ontan jarri det, garai artan “Jesus” bearrean, “Jesusa” esaten zalako, eta, ori ez jakiñik nunbait, Euskal-Erria ale onek ori aldatzen ibilli dala ematen dualako.
“Euskal-Erria”, 19, 1888, 539 orri-alde. Sarartea 1/4: zeron; Koplaria 1/8: sieska; Zortzikoa 2/6: arkitu.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |