1846: Maisu langille festa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Etxagarai Jose Vicente »  1846: Maisu langille festa

Jose Vizente Echagaray



1846





Donostiako Gazteak

Maisu Langille Festa,

Zanpanzart Iñaute Eguardian

1846-Garren Urtean





Martxa



1
Zanpanzart jauna iñaute azken
egun berdiñik gabea,
goizetik arrats aspertzen ez da
jan eranean jendea:
gaur langilleak, ase ta bete,
txit urri degu nekea,
eta andreak ardatza nagi,
beren linaya betea.
2
Soñuarekin kantari datoz
plaza berrira gazteak,
zortzi langille maisu azkarrak
eta beren emazteak:
Donostiarrak iñauterian
dira beti lenokoak,
zaldunak eta emakumeak
txit umore onekoak.


Zortzikoa



1
Lorua bezelaxe
nator kantatzera,
zeren biyotzetikan
maisu det euskera,
aditzen dezutenai
par eragitera,
eta neri esker onak
ager egitera.
2
Ez dakienarentzat
guztia da gaitza,
eta nere tokian
jar bedi bakoitza:
ez jakiñean dedan
zoruaren antza,
barkatuko zaitela
daukat esperantza.


3
Azkeneko gabean
nere lagunakin
kunplitu nayan nago
Donostiarrakin:
adiskide-legean
adiyo batekin,
urrengo aldi arte
esker onarekin.
4
Merezi ez ditugun
mesede aundiak,
ager egin dizkigu
aurten Donostiak:
ematen diozkagu
bertatik graziak,
eta gurekin dauden
alegin guztiak.


5
Erri eder alaya
Donostiakoa,
jende maitagarria
pare-bagekoa:
ar ezazu oroitzen
biotz gurekoa,
egiazko naitasun
beti betikoa.
6
Adiskidetasuna
arturik zuekin,
ezin sinistuz nago
barren-pozarekin:
munduak zuen fama
ondo dezan jakin,
zabalduko det gozoz
atsegiñarekin.


7
Zuen modu naikerak
ez ditu aztuko,
zuekiko ezaguerak
beñere damuko:
despeditzen zaituztet,
bañan ez betiko,
ez-adiyo, maiteak,
asko degu gaurko.


Despeida



Erriko agintari danentzat
nago atzarez betea,
arrazoya da gaur despeidako
esker onak ematea:
prestuak dira eta dakite
naitasun aundi gurea,
barkatutzeko egindako uts
jakinduria bagea,
ezaguturik ezin obea
degula borondatea.


Kontu Gero...



Goi goyenetik begira zauden
iru txorroko txapela,
geldirik utzi neskatxa arri,
kontu nerekin bestela:
aztu bazaitzu, jakiñ ezazu
pake guardian zaudela,
eta batere emakumerik
palaka ez dezazula.


IKUSI:

“Euskal-Erria”, XL, 1899, 126 orri-alde.

Kanta-papera: “San Sebastián. Imprenta de Pío Baroja. - 1846”. (Bonaparte-ren bertso-bilduma, The New Library, Chicago.)

Onek, asiera ta lenengo bi bertsoak, Euskal-Erria-k bezelaxe dakarzki, bañan urrena lau bertso ditu, ta oyek 1830-ngo Langille Maisuen festa-ko Zortzikoarenak dira.

Manterola-k ere (“Breve noticia...“, “Euskal-Erria”, VIII, 1883, 105 orri-alde) onela dio: “y el martes de 1846 se verificó la cuarta Comparsa de Oficios o artesanos. Para ella no se compuso más que nueva Marcha, pues se repitió el mismo Zortziko de 1830.)

1899 urtean Manterola illa zan; beraz, bertso auek Euskal-Erria errebistan atera zituanak, Manterola-k ezagutu etzuan tokiren batetik eskuratu zituan.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org