Utopia islara joatea LUR HOBERENAREN BILA JOATEA da, lurrik hoberena edukitzea baita utopia islaren osagarririk garrantzizkoenetakoa. Hala dio Juan Mari Lujanbiok:
"Ameriketan iñork dionez
bada amaika leku on,
eta ara buelta bat egin gabe
iñola ezin naiz egon". (48)
|
Beste bertsolari batentzat "ETORKIZUNARI BERRIYAK ESKATZEA" (49) izango da, definizio zoragarri batetan, utopia, nolabait gizona etorkizunerako asmo gisa ulertzen duen filosofiaren arauera; gero komentatuko dugun Ernst Blochen "esperantza printzipioa". Edo Bautista Galarregik zioen bezala, mila grazien lurra.
"...or pentsatzen da Amerika onek
badituela milla grazi,
etorri ezkero dirua erraz
egiten dala irabazi..." (50)
|
LANAREKIN ESKER ONEKO lurra da utopia, sofrimenduari bere saria ematen diona, J.R. Zubillagaren definizioan, harantz abiatzen dena aberri berria maitatzeko eta bere eraikuntzan iharduteko prest egonik noski.
"Lontxok aberri ontan samin gogorrak eta ikaragarrizko nekeak ainbeste urtetan egin arren, aberri au beste edozeñek bañon maiteago du. Anai gizajo onek gaur badauka ongi bizitzeko modua. Eta bere zortzi seme-alabari 80 milla pexo eman dizkie, etorkia edo herentzia, azkenengo orduraño itxoin baño len" (51)
Badirudi utopia-aberriarekin IDENTIFIKAPEN PROZESUA guztiz beharrezkotzat jotzen dutela migralariek arrakastatsu eta zoriontsu izateko. Hori dio Zubillagak berak: "Argentinan, euskaldunik nik ez det ezagutu aberri onengatik iñoiz gaizki mintza denik, emen beste arrotz askok egin oi duten bezala"(52) .
Abiapuntuko egoeraren aurkako zerbait bezala aurkeztu izan digute lur berria, KONTRAJARKETA hau utopia islaren osagarrien arteko garrantzitsuenetako bihurtu arte.
"Amaika urterekin asi zan lanean bere aitarekin, Ponpollegi'ko minetan. Mina ok dira Eskolmendi deitzen zaion Lesaka-ko terrenuan, Irun-go mugan. Igantzi'tik lana egin bear zuten tokira, bazen lau orduko bidea. Ta egunero yoan da etorri egiten zuten. Yatekoa izaten zan sardin zarra, opilla, gazta pixka bat, ta pitarra; ta larunbatetan bakarrik ardua". (53)
Azkenik esan dezagun DIRUA EGITEKO toki ezin hobea bezala joko dutela aberri berria. Hala zioen Jose Mari Mendiburuk.
"...Nola iruditu zaik
Californi aldia?.
Auxen duk guretako
xarmanta tokia,
dirua egiteko
nun dago obia?. (54)
|
Lur xarmanta, beraz, lurrik hoberena. Ez da batere harritzekoa lurra izatea utopia horren lehenengo osagaia. Ez dugu ahantzi behar betidanik lurra eta zeruaren harremana hastapen pasiboa eta aktiboaren artekoa izan dela; agerpenaren arlo emea eta arra; iluntasuna eta argia.
Lurra sustantzia unibertsala da, kaos nagusia, uretatik bereiztutako lehengaia, Genesiaren arauera behintzat, basurde vishnutarrak ur-azalera eramana; shintoko heroi mitikoek gogortua; sortzaileak sorkuntzarako erabiliko duen lehengaia. Aitzurrak eta goldeak urratutako birjina, zeruan hazi diren euriak eta odolak ernaldua. Unibertsalki, iturburuak, mineralak eta metalak erdituko dituen umontzia.
Beraz, badirudi beste zenbait gauzen artean eginbehar amatiarra sinbolizatzen duela lurrak: Tellus Mater. Berak hartzen du bizitza eta berak ematen. Lurrean etzanda zegoen Jobek zioen bezala "Biluzik sortu ninduen amak, biluzik itzuliren naiz hara"(55) ,bat eginez ama lurra eta amaren magala. Amarekin lotuta, gure migralarien idaztietan, lurra emankortasun eta birjeneratze sinbolo da. Horregatik asimilatu izan dira hain sarritan goldea eta emakumea aintzineko tradizioari dagokion literaturan: ildo ereinduak, lur goldeatua eta sartze sexuala, erditzea eta uzta, laborarien lana eta ernaltze ekintza, fruituen uzta eta idostea, golde muturra eta gizonaren zakila.
Guzti horrekin batera, gure migralarientzat Amerikako lurrak LUR SANTUAren itxura hartzen du. Ez bakarrik emankortasun zentzuarekin baizik Hilezkortasunaren Lur gisa ere, nolabait lehen paradisuaren gauzatzea balitz bezala. Agindutako lurra, Danteren espirituaren poloetako bat, hebertarren Kanaan, Ulisesen Itaca, kristauen Jerusalem zerutiarra, zenbait bertsolariengan hain present dagoena, Joan Migel Berarengan besteak beste.
Ondoren, esan dezagun utopia horrek ZORION BILA joatearen forma ere hartzen duela. Ramon Artolak adibidez honela dio bere Urrutiko Intxaurrak saioan:
"Zorion bila joanik
ainbeste bidean..." (56)
|
Baina beharbada JANARIARI ETA EDARIARI ematen zaion garrantzia izango litzateke isla utopiko horren bereizgarririk nabarmenetakoa. Ugaritasuna eskatzen zaio lur horri eta, ahal baldin bada, ia lan ezaren truke. Euskal migralariak lanari ez diola beldurrik ia eztabaidatu ezin den puntua da. Orohar badirudi langile amorratua dela eta horrexegatik izan dela hain estimatua. Baina ez dakigu noraino har daitekeen lana norberaren eta ingurugunearen osotasunareko baliabide guztiz ongarri gisa, horrela benetazko lan duingarriaren mistikan sartuz eta noraino Genesis liburuko zigor gisa. Agian bigarren ildotik abiatuz gero ziurrago ibiliko ginatekeela uste dut gure migralariekin, behin eta berriro deiadarkatzen baitute janari eta edariaren ugaritasuna nahi dutela, eta ahalik eta lan gutxien eginez. Juan Mari Lujanbiok esate baterako honela dio:
"Buenos Aires-en an dare
jan eta edan pasiatu 'ta
iya kasikan lan gabe,
ezta posible ni egotia
aien ondora joan gabe". (57)
|
Zubillagak ere antzeko zerbait esaten digu:
"Orain Bahia Blanca-n, garai batean bezela ogia eta patata bakarrik janda ez nintzan bizi. Orain ikasi nuen aragi ona ezagututa, bera erosita, janari bikaña, adelatzen, neronek jateko". (58) Josetxo Yanzik California aldean kokatzen du ugaritasun hori, eta artzaien testuinguruan.
"Orra, osaba, artzaiak nola
bizi geran Amerika-n,
lekua ontan jan eta edana
naikua bada oraindikan;
guk emen geiegiakin beti,
ez degu eziñ izanikan,
mendiya otan ibilli biarra
zerbait izanagatikan,
jateko gogua duenentzat
ez dago ezeren faltikan" (59)
|
Josetxo Yanzik berak beste bertso saio batetan oraindik gehiago zehazten du lurralde utopiko horretan lor daitekeenaren definizioa:
"Ez pentsatu ez dela
gizonaren planta,
lo naikua egiñez
nai adin bat janta,
egunaren orduak
igaro etzanta,
biziko zerade guri
konsejuk emanta". (60)
|
Guztiz bitxia da, bestalde, zenbat eta zenbat aldiz, edaria aipatzerakoan ARDOA eta sagardoa jotzen dituzten utopia lortuaren sinbolo bezala eta ezin hobeto erabilita daudela esan beharrean gaude. Ardoarena batez ere, nahiz eta atzean utzitako lurra sagardo lurra izan. San Bernardok ardoan beldurra eta indarra besterik ikusten ez bazuen ere, ardoa betidanik egon da odolarekin lotuta, eta ez koloreagatik bakarrik; baita landarearen esentzia izateagatik ere. Horrexegatik adierazi nahi du bizitzaren eta hilezkortasunaren elixirra. Horrez gainera, batez ere gureak bezala, tradizio semitikoan edan duenarentzat jakituriaren eta hastapenaren sinbolo da, sortarazten duen mozkorraldiagatik. Ezin dugu ahantzi Grezia zaharrean Dionisosen odolaren tokia hartzen zuela eta hilezkortasunaren likorea sinbolizatzen zuela. Baina batez ere tradizio biblikoarekin lotu beharko dugu gure migralariek eman nahi dioten esanahia. Eta Biblian alaitasunaren zeinua da lehengoz (61) eta orohar Jainkoak gizonei egin dizkien dohain guztiena (62) . Hurbileko erlijio guztietan ardoa jainkoen edaria denez, ez da harritzekoa alde batetik israeldarrek balio sakratua ematea, horrela toki guztiz berezia hartuz kultoko sakrifiziotan; eta bestetik, kulto paganoekin hain estu loturiko edari hau zenbait kasutan debekatuta egotea; Jeremiasek 35. atalean aipatzen dituen erretxabitarren artean adibidez.
Horregatik, beste zenbaitetan, Jainkoaren haserrearen sinbolo bezala gelditu da. Ikusi bestela Isaias 51,17... edo geroko literatura unibertsalean John Steinbeckek erabiliko duen The Grapes of Wrath, "Haserrearen Mahatsak" espresioa.
Baina Itun Berrian zentzu sinboliko boteretsuz kargaturik dago, batez ere San Joanen idaztietan. Gogoratu bestela Kanako Eztaiak... eta Eukaristian daukan sinbologia guztiz erabakiorra. Eta islamiar tradizioko Jalal-od-Din Rumi poeta sufi mistiko izugarriak hauxe kantatzen zuen:
"Mundu hontako lorategiko mahastia eta mahatsa baino lehen gure arima ardo hilezkorrez horditurik zegoen".
Dena dela, aurrean adierazi dugun guztia egia izan arren, agian "FORTUNA EGITEAREN" ideia izango litzateke utopia horren seinalerik bereziena eta aipatuena. Agian inork ez du Paulo Yanzik baino hobeto zertzelatu zertan datzan fortuna egite hori, zeintzu diren bere osagarririk inportanteenak. Berez, bitxia da nola migralariek Erroman esate baterako esanahi hain ezberdina zuen Fortunari geroko interpretapena emango dioten. Hain zuzen ere, hasieran, destinoaren jainkosa izanik, gure bizitza arautzen duten kapritxo eta arbitraritatearen sinbolo zen. Urrikalgaitza zen, baina ez gaiztoa izateagatik ala gorroto hutsagatik, adurraren ondorioengatiko indiferentziagatik baizik. Gobernaile baten bitartez adierazten zuten Fortuna, sarri jainkosa itxu gisa ere ikusi ohi dugu.
Baina Paulo Yanzik ondorengo bertsua idazten duenean:
"Josetxo, adiñ ona
daukak oraindikan,
fortuna bat egi-
teko Amerikan;
diro askokiñ etor-
tzen bayaiz ortikan
iñoiz billatzen badek
bueltan biderikan,
urriak patrikan,
neskak ondotikan,
denak i naizikan,
Lesaka'n karrikan
señorita guziyak
ire atzetikan" (63)
|
beste zentzu guztiz ezberdinez ari da. Badakigu hasierako zentzu hura galdu eta geroago Isis eta Tycherekin bat egin zenetik zoriaren jainkosa bihurtuko dela eta ugaritasunaren adarra izango dela bere sinboloa. Emankortasunaren lagun, garaipenaren eragile, gero eta ugariagoak izango dira eraikiko zaizkion tenpluak. Ez dago dudarik, migralariak fortunaz mintzatzen direnean, azkeneko zentzu honetan ari direla, emankortasunarenean, ugaritasunarenean, urrutira joan behar izanak suposatu duen borroka izugarri horretatik garaile irtete zentzuan.
Amets guztiz erakargarria, antza denez,
"Amets ori egin da
mirabe gaztiak
eunka juaten dira
utzirik guztiak..." (64)
|
Juan Jose Arrietak esaten digunaren arauera. Hala beharko du izan, ezen porrota, fortuna eza ere termino beraietan adierazten baita.
"...joan baño pobreago
bainator urean,
iru dukat eztira
nere poderean". (65)
|
Lehia hortan, fortuna egin nahi eta batzutan ezin horretan jartzen ditu Juan Mari Lujanbiok saioaren bi poloak.
"...danak aberats nai ta ezin izan,
abek dira komeriyak..." (66)
|
Fortuna egiteak DIRU ASKOREKIN ETORTZEA suposatzen du batez ere. Hala diote Paulo Yanzik: "...iñoiz etorko balitz, diro asko patrikan..." (67) , hala Mañex Etchamendyk: "...moltsa luzea beteko duzu, laster ene iduriko..." (68) eta ildo beretik ariko zaigu Txirrita.
"Amerikatik baldin baletor
gizon bat ona ta fiña,
bere lanaren sakrifiziyoz
diru-puska bat egiña,
parientiak bisitatzera
ark dakarren atsegiña;
allegatzian eztu faltako
ondo zeñek itzegiña". (69)
|
Patrikan datorren diruak, sarri "URRIAren" forma hartuko du, askotan aberastasunaren keinu gisa soilik hartzen dugun sinbolo honek seguraski hori baino esanahi askoz sakonagoa baldin badu ere migralarientzat. Hainbat aldiz aipatzen dute migralari arrakastatsuaren sinbolo utopiko gisa... Migralariek elizetako aldaretan ikusi zuten urrea, argiaren diztira duena, suarena, gure suarena, eguzkiarena, Jainkoarena, Prometeok lapurtu nahi izan zuena. Hala diote antzinekoek, jainkoen haragia urrez eginda zegoela eta urrez ere Ejiptoko faraonena. Urrekarak ziren erretaulak, urrekarak dira Budaren ikonoak, akatsik gabeko argiketa eta perfekzioaren seinale, eta urrekarak Bizanzioko ikonoen hondoak, argi zerutiarraren islada.
Greziar tradizioan eguzkiaren ebokazioa zen, bere sinbologiarena: emankortasuna, aberastasuna, agintea, berotasun-amodio-emaitzaren erdigunea, argi-jakituria-erradiazioaren etxe. Eta nola ahantzi urrezko labainak erabiltzen zirela jainko uranikoei sakrifizioa egiterakoan eta urrezko ihitaia eramaten zutela druidek eskuan mihura moztu behar zutenean. Apaizek ezkutaturik gordetzen zuten urrea, argiaren sinbolo, profanoen begiradek zikindu ez zezaten. Horrela ulertuta indar berezia hartzen dute migralarien testuek eta ez dugu uste esanahi iradokikor horiek baztertzeko eskubiderik dugunik. Josetxo Yanziren bertsoa guztiz da adierazkorra.
"Jan ta edanen faltik ez dago
gu bizi geran etxian,
ogi zuriya, zato ardua,
okela beti eltzian,
errekiya alderdi batian
ta egosia bertzian,
otaz gañera urre gorriyak
lanan saria artzian...
Europa aldera juango gerade
boltxetik ondo jartzian". (70)
|
Guztiz adierazgarri gertatzen zaigu beste puntu honen egiaztapena egitea, lotura estua dagoela fortuna egin eta EMAKUMEEKIN ARRAKASTA izatearen artean. Ulergarria da. Erorketarekin hasi zen gizonaren egiazko historia; paradisutik irten behar izan zuenean kokatu zen denboran eta espazioan, orduan oinkatu zuen munduko eszenarioa. Orduan hasi zen benetazko drama haundia: liluraketa eta pekatuarena, ongiaren eta gaitzaren ezagupenarena, erru eta barkamenarena.
Giza izatearen batasuna sexuen bikoiztasunean bakarrik garatzen da. Eta betidanik antitesia izan da sexuen arteko harremana markatu duena. Eta ez dago ezer esan beharrik objetiboki tesiari (gizona) antitesia (emakumea) kontrajartzen zaionean. Baina oker daude noizbait sintesi baten bila abiatzen direnak, irtenbiderik gabe aurkitu bait dira hortan saiatu diren Asia Txikiko nahiz Arabiako jopu-merkatuetako amazonak.
Arra eta emearen existentzia ez da gizon eta emakumean oinarritzen, kreakuntzan bertan baizik. Erlatiboki existitzen den oro ezin baita erlatibotasunean oinarritu, izaki absolutuan baizik. Bi sexuak fisikoki existitu baino lehen hastapen traszendente gisa sortuta hartu beharko ditugu. Jainkoak lehen bikotea sortu baino lehen beragan zeraman bikotearen irudia. Horregatik mintza gaitezke Julius Evolak egin duen bezala, sexuaren metafisikaz.
Zera esango genuke, bikoiztasun hori etengabe ikusten den zerbait dela migralarien pentsamenduan eta EZKONTZA bi ezberdintasunen arteko emate sakon gisa ulertzen dutela, Novalisen hitzetan "kanpokoa egoera misteriotsura eramandako barnekaldea baita" edo Friedrich Hebbelek idazten zuen bezala,
"...halabeharrez bi mundu uztartzen dira,
eta zigilua bailitzan irekitzen da naturaren sakontasuna,
eta nian irekitako kreakuntzaren putzutik
astroek gidatzen duten uhina jalgitzen da". (71)
|
Egia da, puntu hau ukitzerakoan batzutan bertsolariek umorez egiten dutela, Paulo Yanzik bezala:
"...orrela luzitzen det
gazte batek aña,
iru ogei ta zortzi
urte dauzkat baña
oraindik ere neska-
txetan, alajaña!" (72)
|
Baina normalagoa da andrearen falta era nostalgikoan nabarmentzea, ia utopiaren kaian dagoenak osotasunerako behar duen zerbait gisa. Horrela ikusten du Salbador Etxartek, adibidez.
"Ez nuen pentsatzen emen ibiltzea
oneñen modu edertan:
jana eta erana sobrante daukat
ta gasturik ez ezertan
gorputza lanin nekatu gabe
sari ederra urretan...
andregaia pasatuko banu
zer bizipidea bertan". (73)
|
Andrea "NORTEKO IZARRA" izan baitaiteke, luminaria, argi iturri. Nikolas Lujanbiok andrearen edertasunaren parametroak jartzen dituenean, horixe da azkenekoa, aurreko guztien laburpen gisa jo dezakeguna.
"Orain bederatzi urte
etzeguan txarra,
aixa egiten zuan
algara ta farra;
arpegi mazizua,
zabala bizkarra,
kasikan ziruriyen
Norteko Izarra" (74)
|
Izarrak, zerutarrak direnez, espirituaren sinbolo gisa agertzen zaizkigu, argiaren espirituen eta iluntasunarenen arteko borrokaren sinbolo. Baina Lujanbio ez zaigu edozein izarrei buruz ari. Ipar izarra da bere sinbologiaren oinarria, sinbolika unibertsalean rol guztiz garrantzizkoa jokatzen duena, bera baita inguruan etengabe biraka daukan firmamentoaren erdigune absolutua. Puntu mugigaitz honek Lehenengo motor mugigaitza gogoratzen digu eta unibertsoaren Erdigunea. Ipar Izarraren arauera markatzen da beste izarren kokaketa, itsasgizonena, nomadena, karabanlariena, lurreko, itsasoko eta zeruko bidailari guztiena. Shakespearek "irmo jarraitzen duen gizonarekin" konparatzen du bere Julius Caesar obran. (75) Irmotasun hori, norantza ziurra, zintzoen amaigabeko bizitzaren ziurtagiri. Ez da harritzekoa ezkontza bedikoetan bere zeregina erritoaren erdigunean kokatzea. Senarrak bere emazteari hauxe dio: "Izan hadi tinko, har ezan nigandik hire janaria". Emakumeak honela erantzuten dio: "Ipar Izarra ikusten dut, aurki dezadan ondorengoa!"
Izan ere, ezkontza, BODA da migralarien utopiarako bidaiaren azken urrats garrantzizkoenetakoa. Txirritak berak ezin hobeto adierazten zuen:
"Mandaburu-ko indianua
etorri omen den, neska,
atzo nigatik ibilliya da
soltera nagon galdezka.
Laister emen den pretenditzera,
ai au demontrezko festa!
Ai ze trajia egingo nuken
aren dirubak baneuzka!" (76)
|
Manex Etchamendyk ere bere modura hori bera kantatzen du:
"...Moltsa luzea beteko duzu
laster ene iduriko.
Orduan hunat Euskal Herrirat
etzireia itzuliko?.
Norbaitez hemen agradaturik
lagun bat duzu hartuko.
Nik kontseilu bat zuri emanik
etzaizu ez gaitzituko". (7778)
|
Beraz, migralarientzat, atzerrian hainbeste urte eman eta gero, ezkontzak halako zentzu boteretsu eta ia sagaratua dauka, goian esaten genuen bezalako bizitzaren burutze gisako zerbait, aintzineko jainko eta jainkosen arteko hierosgamos haiek bezala, hain garrantzizkoak munduaren iraupenerako, munduaren indar polarrak armonia erritmikoan egon zitezen eta erritmikoki eragin ziezaioten munduari, geroari. Horrekin lotuko du migralariak Bibliatik jaso ahal izan duen ezkontz-mistikoaren zentzua. Nolabait erosen mundutik jasotako metaforak baliagarri gertatuko zaizkio, zentzu zabal batetan gure bizitzako arlo zentzumenezkoa eta espirituala lotu ahal izateko, infinitoari egiten zaion erreferentziari esker. Emakumeaz agertzen diguten ikuspegiak badu halako zentzu espirituala, berarenganako estimazioan bertuteari izugarrizko garrantzia ematen baitzaio, nahiz emakumea nahiz gizonarengan. Bestela entzun Txirritari:
"Izeba, neri ez dit inportik
naiz izan erdi zartua
gazte txorua baño obe det
juiziyuan sartua;
diru-piska bat baldin badauka
egingo degu tratua!" (79)
|
Eztaien puntua, halabeharrez ez bada ere, gehienetan ITZULERArekin lotuta dago, horrela utopiaranzko gure migralarien bidaia joan etorrikoa zela adieraziz. El Dorado behineko estadioa besterik ez zen bizitzan, gero abiapuntura itzuli ahal izateko. Itzuli, baina arrakastaren seinaleak edonon agertzen direla. Ez ziren oso gehiegizkoak, ez. Kate gorria, bibotea, patrikan txekea... eta itzulera batez ere, itzuli ahal izatea, abenturak bere errai gosetietan ez zituela jan erakusteko. Honela zioen Paulo Yanzik:
"Ezagutzen det nolakua den
Amerikako Nortia,
orko oiturak artu bitarte
naiko paraje torpia;
bañan gaztiak or lana egiñez
irabazten du dotia,
gero kate gorri bat zintzillik,
ezpañetan bigotia,
patrikan txeke aundi batekiñ
Europa aldera trotia". (80)
|
Egia da utopia islako animaliak normalki etsai gisa aurkezten dizkigutela migralariek, hain zuzen ere, aurrerago ikusiko dugun bezala, utopiaren eraikuntzarako oztopo direlako, batez ere eraikuntza hori ardizaintzaren inguruan jaso nahi denean. Halere, behin arazoa konponduta, bertako ugaritasun egoera adierazi ahal izateko, sarri ekartzen digute ZAKUR ASEAren figura. Josetxo Yanziren bertsoa aukeratu dugu.
"...zakurrak ere gizen dauzkagu
gere sobriak emanta,
ez degu oinbeste jan biarko
geren errira juanta". (81)
|
Irudi bizi bizia da, ebangelioko Epulon eta Lazaroren alegoria gogora ekartzen diguna. Eta ez da harritzekoa, ez baitago mitologiarik zakurra onartu ez duenik: Annubis, T'ien-K'uan, Cerbero, Xolotl, Garm... eta unibertsalki onartutako zakurraren lehen zeregin mitikoa psikoponpoarena da, heriotzaren gauean gizonari laguntzearena, bizialdian gizonaren laguna izan ondoren. Baina horretaz gain, ikustezinarekin hain familiarizatuta dagoen txakurra bitartelari egiten da mundu honen eta bestearen artean, bizidunen trujuman bilakatzen da hildakoei eta beren lurraldeko jainkotasun gorenei galde egiteko.
Horrek eta zakurraren sinbolikaren beste zenbait alderdik -heroi zibilizatzaile, arbaso mitiko, botere sexualaren eta horrexegatik hilezkortasunaren sinbolo, liluratzaile, linburkoi, udaberriko natura bezala bizitasunez gainezka, debekatutako elkartze baten fruitu...- sinbolo baten eguneko aurpegia agerterazten digute. Baina ezin dugu ahantzi gauaren aurpegia ere nabari dezakegula zakurrarengan eta hortik dator, adibidez, gizarte islamiarrean jasaten duen debeku izugarria, islamek zakurrarengan ikusten baitu kreakuntzaren aurpegirik nazkagarriena. Dena dela, garbi dago gure arteko migralariek goian aipaturiko balioen sinbolo bezala ikusten zutela, eta zakur gizen gisa gainera.
Nor harritu daiteke, guzti horrekin migralariek utopiaren lur berria europearrentzat EREDU gisa jartzen badute?. Hori uste du Josetxo Yanzik.
"...gu baño obeki denikan bada
ori ebendako obe,
leku askotan ez dira egongo
ausarkiya onen jabe,
obe lukete Europa'n denak
modu onetan baleude". (82)
|
Ameriketarako bidaia aurreranzko utopia denez, ZERBAIT BERRIAREN BILA JOATEA bezala ere aurkeztuko digute behin baino gehiagotan. "Banua ni/berriyak eskatzera/ etorkizunari..." kantatzen zuen bertsolari anonimoak (82) eta halako zerbait dio Mañex Etchamendyk ere:
"Hortakotz utzi izan dut
behingoz neure herria,
Ameriketan bazela gauza
noizbait jakinik berria..."(83)
|
Eta zerbait berriaren bila joate hori begi irekiarekin konpara daitekeela esango digu J.R. Zubillagak, ordurarte itxita eduki izan bailituan.
"Nere lenengo jayotzarengatik ez det ezer esanik, begiak itxita jayoa naizelako. Baña, bigarren ta irugarren piztu aldian, ez nebillen bada begiak iregi gabe. Bañan garai artan ez neuzkan, noski, bear aña irikiak. Bedayo'ko Gurdill-aundi baserritik Tolosara betiko baserri-lanak utzita lan berrietan sartzean uraxe izan zan nere bigarren jayotza. Nere aurrenengo erri aldaketa gogoratuaz, bigarren piztu aldia iruditzen zait" (84) .
Begi irekiz egin zuten jaiotza berri hura. "Arimak bi begi ditu, batak denbora begiratzen du, eternitatea besteak", idatzi zuen Silesiusek. Eta "bihotzaren begia"-ri buruz mintzatuko zaizkigu Plotino, Agustin donea, Paulo donea eta beste asko. Bihotzaren begia Jainkoa ikusten duen gizona izanik eta gizona ikusten duen Jainkoa. Arima eta Jainkoaren batasunaren bitartekoa, abiapuntu eta helmuga, esperientzia eta bertatik sorturiko esperantzaren traszenditzea, migralarien kasuan. Baina ez da hori bakarrik, adimenaren pertzepzioaren sinbolo ere baita eta era horretan barneko ikusmenaren organo, bihotzeko begiaren kanporatze. Begi irekiak jaiotze berrirako suposatzen duen jakituria zama izango da migralariaren fardela bidaiaren esperientziatik onez ateratzeko.
Mañex Etchamendyk AMETS gisa, urre amets gisa eskeiniko digu utopiaren urrengo osagarria.
"Herria uztearekin
deuseren ez nintzen lotsa,
urrearentzat bainuen
orduko neure ametsa..."(85)
|
Fréderic Gaussenek adierazi zuen bezala ametsa, eta migralariena batipat, "norberaren abenturaren sinbolo baita; hain sakonki ezarria norberaren kontzientzian ezen ihes egiten baitio bere sortzaileari; gure izakerarik egiatiarraren adierazpenik sekretuen eta linburkoiena bezala azaltzen zaiguna".
Migralariek askotan aipatzen dute "ametsa" eta ez beti zentzu kategoriko berdinarekin. Batzutan badirudi amets profetiko gisa ikusten dutela, iraganeko, oraineko nahiz geroko gertakizun kritiko bati buruzko ohar. Beste batzutan, zera ematen du, hastapen-zeremoniekin loturik legokeen zerbait dela, txamanena, eraginkortasun magikoz gainezka eta bidaia imajinario baten bidez beste mundu batetan sartu nahiko gintuzkeena. Hemen, Euskal Herrian, sorturiko ametsa, mundu berriaren abenturan sartu baino lehenagokoa. Amets telepatikoa, urrutiko pertsona eta taldeen pentsamenduarekin komunikazioan jar gaitzakeena, artzaiak Kaliforniako bakardade gauetan duena bezalakoa, gakoa, aingura, soka luze kutuna. Edo, behin bidaian jarrita, amets bisionarioa, H. Corbinek "irudien mundua" deitzen zuen hartara garraia gaitzakeena eta beharbada XXI. mendeko gure gizarteak jadanik galdu dituen kontzientziaren zenbait botere suposatzen dituena. Edo susmoen ametsa, mila balizkoen arteko bat susmaraz diezagukeena, beste askok porrot egin arren, agiango gure arrakastara bultzatzen gaituena. Amets mitologikoa azkenik, arketipo erraldoiren bat berrezarri eta oinarrizko larrimin unibertsala isladatzen duena. Hau ere sarri agertzen baita gure migralarien testuetan.
Horrez gain, Maria Zambranok maixuki adierazi digu gaueko mundu guzti hori, migralariek bezala, egunargiz ausnartu eta kontzientzia eta arima sinbiosian sartzen diren horretara iragatean, orduan sorkuntza forma bilakatzen dela, nahiz bizimodu pertsonalaren prozesuan nahin eginbeharrarenean. Beraz, arlo horien loturan jarri beharko genuke migralarien mundu hobeagorekiko ametsa.
Gizonaren ahalbide guztien bitartez sorturiko isla utopiko hori MUNDU HONTAKO ZERU izango zaie migralariei. Hala dio Jose Mari Mendiburuk:
"...emeretzi urtetan
California'i buru,
intentzio aundiakin
egiteko diru,
ura izaten delakotz
mundu onetan zeru". (86)
|
Mundu hontako zeru egin nahi dute migralariek lurralde berria. Traszendentziaren, boterearen, hilezkortasunaren eta sakratuaren manifestapen. Berriztapenari dagokion itxuraldatzea, traszenditze jainkotiarra bailitzan, zeruaren atzemangaiztasunean adierazten baita, bere infinitasunean, eternitatean eta indar sortzailean. Horrela amaigabeko hierofania dela esan genezake zerutan izatearen berezitasunik nabarmenena.
Ezin izango dugu ahantzi, egituratze kosmikoaren regulatzaile gisa, zerua erregeen eta lurreko jaunen aitatzat jotzen dela, utopiako izakera berriaren haurren aita, bera izanik gizonaren gainetik dauden indarren sinbolo unibertsala. Inmentsitate susmagaitza, erritmo unibertsalen esfera, argitasun izugarriena, argiaren iturburu eta migralariek hain maiz deiadarkatzen duten patuaren indar sekretuen gordailu.
Eta zerua jainkotasunaren egoitza da eta zoriontsuena. Eta beharbada, goian bainoago hemen kokatu beharko da migralarien zeru-kontzeptua. Apokalipsiko Jainkoaren egoitza gisa, nolabait sinbolikoki Sortzailearen eta bere kreakuntzaren arteko bereiztapena egin ahal izateko. Beraz, zerua Jainkoa eta gizonen arteko harreman-sisteman sartzen da eta Jainkoaren haragitze- redimitzaileari esker, gizona eta Jainkoaren arteko harremanak aldaturik gelditzen direnean, zeru berri batetaz mintzatuko zaigu Apokalipsiko idazlea.
"Zeru berri bat ikusi nuen, eta lur berri bat, joanak baitira jada lehen zerua eta lehen lurra eta ez dago itsasorik. Eta Hiri Santua ikusi nuen, Jerusalem berria, zerutik jeisten zen Jainkoaren etxea... Eta zera esan zuen jauraulkian eserita zegoenak: Begira, berri egiten dut dena" (87)
Horrekin lotzen dugu eta giza irritsen absolututasunarekin batera, bilaketaren betetasunarekin, izpirituaren perfekzioaren kokagune lez, zerua munduaren izpiritua bailitzan.
Mundu hontako zeru horretan dagoen migralariak ONGI IZATEAREN kontzientzia dauka, Ramon Artolak esaten digun bezala.
"...bañan ez dira gaizki
ez, an ere denak,
baitira ta ez gutxi
ongi dirarenak..." (88)
|
J.R. Zubillagak modu askoz sinpleago batetan adierazten digu: "aldi artaraño, Argentinan nik ez nuen iduki illezko koltxoirik eta maindirerik..." (89)
Zubillagak berak, gaurkotasunez beteriko PRIMERAKO TRENAren bitartez emango digu aditzera utopiaren beste osagarri bat. "Bahia Blancatik Buenos Aires'a 600 kilometrotik gora dira, ta arren bidea luzea zalako, nik aurrenengo aldiz artu nuen treneko igarobide lenengoa edo primerakoa" (90)
Esan beharrik ez dago trenak bai haurren marrazki eta ametsetan bai helduen bizitza eta ametsetan zibilizazio berri baten ezaugarri marka jaso duela, zibilizazio iraganetan zaldiak eta zalgurdiak hartu zutenaren hainakoa. Irudimenaren munduan sartu da eta toki guztiz garrantzizkoa hartu du sinboloen munduan. Agian hastapen kosmiko inpertsonalaren irudi gisa hartu beharko genuke, norberaren erritmo zatikatuei bere erritmo anker, kupigabeak ezartzen dizkiena. Beraz, bizitza kolektiboaren irudi gisa hartu beharko dugu gure migralarien testuetan, bizitza sozialarena, garamatzan destinoarena... baina era berean beraien arrakastaren adierazle menperakor gisa. Hain zaila zaigun eboluzioaren garraiobidea iradokitzen digu, bizimodu berri batetara errestan garamatzan kontzientziapen berria.
Berandu iristea, trena galtzea... edo azken segunduan trenera igotzea: hainbat eta hainbat dira aukera pasatzen utzi dugula adierazten diguten ametsak. Geltokia da gure entrepresa material, fisiko eta espiritual berrietarako abiapuntua. Milaka norantza balizko ditugu baina egokia duguna hartu beharrean gaude. Baina migralariek behin baino gehiagotan adierazten digute helmuga ere, gure destinora heldu izanaren seinale. Eta gehienetan bidaiaren hasieraren sinbolo gisa soilik ikusi izanagatik, ez dugu ahantzi behar zenbait kasutan biziki present dagoela lortu izanaren esanahia.
Baina utopiaren osagarrien arteko sinbologiarik gaurkotiena aukeratzekotan, AUTOArena aipatu beharko genuke, bera baita sarrien agertzen dena. JR Zubillagak bere anai Lontxoren arrakastaren berri eman nahi digunean hauxe esaten digu:
"Bi bider bakarrik joan izan gera, Lontxo ta bereak bizi diran tokira. Autoa ere badaukate elizara joateko". (91)
Autoa, dudarik gabe, egokitze baten sinbolo bezala hartu behar dugu aztertzen ari garen testuetan. Migralariak autoaren barruan ikusten du beti bere lurralde berrian burutu duen arrakastaren bidaia... eta, batez ere, itzulerakoa. Eta kotxearen berezitasunek, lujoak, apaltasunak adieraziko digu gaztetandik eginiko bidaiaren emaitza hobea ala okerragoa, jasan behar izan duen eboluzioarekiko egokiketa. Ia ez dago migralaririk auto baten barruan itzultzeko ametsa benetan adierazten eta maite ez duenik. Txirritaren bertso hauek indar haundiz isladatzen dute esaten ari garena.
"...lana egiñaz aberastuak
dabiltza ondo jantzita,
gaur ez lituke ezagutuko
beren amak ikusita...
..........................
Nik ezagutzen nituen zenbait
Amerikara juan zian,
gu emen asko gauden bezela
poltsatik ariñ antzian;
ta orañ berriz pasiatuaz
lujo aundiko kotxian;
gaur gizon batek eztu jakiten
bestia nola bizi'an". (92)
|
Edo Jose Mari Mendiburuk zioen bezala:
"...aberasten bagaituk
ongi egundaño,
sor-leku maitea;
an izan duk oño,
artu kotxe bat eta
joain gaituk araño". (93)
|
Batzutan ordea, beste ogibidentzako gutiziaren ikurra ere hartzen du utopiak eta ikustekoa da nola LANBIDE LIBERALEN LILURAK ere erakarri egiten duen migralaria, sozial mailan aurrerapausoa bailitzan.
"Ez gaitu mantendutzen
pruma eta tintak,
esango det zer diran
gure erremintzak:
paziya ta padera
eta kanibitak". (94)
|
Eta maiz ONGI IKUSIA IZATEA izango da beste ikur bat. Dabid Aranbururenak dira ondorengo lerroak.
"Sinistu gero euskaldunak gu
ez guazila gainberan,
nai det esan nik Ameriketan
nola ikusiak geran:
sekulan naiz ez ezagutu zuk,
lendabiziko izkeran
begi argiyaz galdeko dizu
ia zu eskalduna zeran". (95)
|
Jose Mari Mendibururenak urrengoak:
"...ez degu bertzeik pentsatzen
irabaztea baizik,
gu emen ederki
laketuak gautzik,
suertea izanez geroz
aberats gaituk goizik". (96)
|
Eta guzti horren ondorio gisa hartu beharko dugu ametsa lortu izanaren adierazle bezala Paulo Yanzik ematen digun ikurra, URREZKO HORTZena, gogoratuz hortzak galtzea indar erasokorrik gabe, defentsarik gabe gelditzea dela, frustrazioaren, hondamenaren sinbolo.
Ezin dugu ahaztu hortza dela jebetzearen, asimilatzearen sinboloa, txehetzen duen hagina, desioari elikadura eman ahal izateko. Herensugearen hortzen hazitik sortu dira mitologian burnizko gizonak, boterearen irritsaren atzetik, beren handinahikeriak asetu arte geldituko ez direnak. Eta itzuleran urrezko hortzez horniturik datorren migralaria gizon boteretsua izango da, arrakastatsua, bidaiaren abenturan gailen irten dena, bereganaturik porrotak eta beraien gainetik eraikita garailearen diztira.
"Nere urrezko ortzaz
egon zera pensatzen,
ok mendiya oietan
dira irabazten,
ni ere gaztetan naiz
egona ardi zaitzen;
orai zartu ta ari
baizaizkit bakantzen
utsaren betetzeko
ok ditut paratzen". (97)
|
Oharrak:
48 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 41. orr.
49 ZAVALA, A.: Ameriketako Bertsoak. Mikaela Zarrama, 42. orr.
50 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 134. orr.
51
52 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 24. orr.
53 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 73. orr.
54 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 26. orr.
55 Ibidem, 109. orr.
56 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 237. orr.
57 Ibidem, 252. orr.
58 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 14. orr.
59 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 116. orr.
60 Job 1,21
61 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961). 102. orr.
62 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 74. orr.
63 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 171. orr.
64 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 135. orr.
65 Ibidem, 140. orr.
66 Salmo 104, 15
67 Gen 27,28
68 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 123. orr.
69 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 47. orr.
70 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 102. orr.
71 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 77. orr.
72 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 144. orr.
73 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 226. orr.
74 ZAVALA, A.: Txirritaren bertsoak II, Auspoa 103-104. Zb. 1971 Don., 41. orr.
75 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 136. orr.
76 HEBBEL, Friedrich: Das Heiligste
77 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 144. orr.
78 Ibidem, 267. orr.
79 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 124. orr.
80 Shakespeare, W.: Julius Caesar. III, 1. Ed. Austral, 1948.
81 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 43. orr.
82 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 226. orr.
83 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 44. orr.
84 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 131. orr.
85 Ibidem, 135. orr.
86 Ibidem, 135. orr.
87 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 26. orr.
88 Lafitte, P.: Op. cit. (1972).
89 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 175-176. orr.
90 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 47. orr.
91 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 115. orr.
92 Apok. 21, 1-2
93 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 104. orr.
94 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 170. orr.
95 Ibidem, 193. orr.
96 Ibidem, 237. orr.
97 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 39. orr.
|
| |
 |
 |
|