|
D. ONDORIOAK
Aztertzen ari garen puntuak ahalik eta gehien zehazteagatik, orain ere arlo ezberdinetan zatituko ditugu ondorioak nahiz eta batak bestearekin lotura guztiz estua izan.
D.1. Pobreziaren mila aurpegiak.
Esan dezagun lehenik migralariak IJITOEN PAREKO sentitzen direla. Ijitoen erreferentzi puntua guztiz hurbila zitzaien gure migralariei Euskal Herrian nahiz herrialde berrietan etengabeko presentzia zutelako, beraiek bilakatu behar ez zuteneko ikur. Horrela dio bertsolari anonimoak:
"...gure bizi-modua
bere modukua,
ezin konparau leike
motxailla pillua,
Koltxilla zar pare bat
olana orrututa,
auxe izaten degu
gure lo-lekua". (1)
|
Ildo beretik jotzen du Zezilio Basurkok:
"Au ere esan egin bear det
daukadan arte buruan:
zapai batian biok lo eiten degu
ijituaren moduan" (2)
|
Hori hain zuzen ere, sarri, goiko adibideetan ikus daitekeen bezala, pobrezia gertatu zaielako sari.
Etchamendyk behin baino gehiagotan ukitzen duen puntua da, benetan identifikaturik aurkituko bailitzan.
"Bos'pa sei urte egon naiz
Amerikako kanpuan,
Fortuna on egitea
neraukalarik gogoan.
Baina ez dut, ez, diru
ezartzekorik kanpoan:
ez dute kesa beharrik
ene sosentzat bankuan" (3)
|
Gainera, honi buruzko gogartea egitean bertsolari berak garbi dauka gatazka edo krisialdi garaian pobreak direla, migralariak, lehenengo makilkadak jasatzen dituztenak. Egia esan, urrengo bertso honek irakurketa ugari har ditzake, denak zein baino zein ezkorragoak.
"Jornal gabiak aurrera bota
eta dutenak atzian,
guk ere ongiyan probatuko 'gu
gayian allegatzian..." (4)
|
Guzti hori horrela delarik, haatik ere, ez dago inolako zalantzarik pobreziaren aurpegirik zatarrena garaiz aurreko zahartzaroarekin erlazionatzen dutela migralariek. Ugari baino ugariagoak dira gaztetasun tristearekin, gazte zaharrekin lotzen diren testuak.
Ikusi besterik ez dago zernolako tristezia ia infinitoz mintzatzen zaigun Bautista Galarregi dibertsiorik ezagutu gabe, oraindik gazte, zahartu direnei buruz, berari eta beraren antzekoei buruz.
Jokua, Bautista Galarregik garbi adierazten duen bezala, heriotzaren aurkako sinbolo izan daiteke, elementoen aurkakoa, indar etsaien aurkakoa, norberaren beldurren, zalantzen, ahulezien aurkakoa. Eta helburu gisa gozamena besterik ez dutenean ere, beti dute garaipen zentzurik, gutxienez irabazlearen partetik.
Jokua, unibertsoan toki bat aurkitzera bultzatzen gaituen ekintza da, abentura eta arriskuaz. Bizitza errealean bezala, aurrez erabakitako markoan, osotasun, arau eta askatasun nozioak lotzen ditu eta jokuaren konbinazioak egiazko bizitzaren, pertsonala nahiz sozialaren, eredu dira.
Alde batetik nolabaiteko ordenak harremanen anarkiaren tokia hartzen du eta naturaren egoeratik kulturarenera pasarazten digu. Bestetik, ordea, ereduak direla eta, espontaneitaterik erakustean zilegi egiten digu kanpotik inposaturiko mugazien aurkako erreakziorik pertsonalenak erakustea.
Bestalde, ezin dugu ahantzi jokuak betidanik duela errito sozial zentzua, sinbolo gisa taldearen batasuna indartzen duena, taldearen barneko oposizioek irtenbiderik izan dezaten.
Migralariek inork baino gehiago behar zuten jokoan ematen den energeia sikikoaren transferentzia, jokoak irudimena bizkortzen baitu eta sentiberatasuna estimulatzen. Jokoan dagoenak jokoaren objetuan kokatzen du bere libidoa eta horrela zubi bat botatzen du fantasia eta errealitatearen artean. Jokua sarrera erritoa baita beti eta objeto errealerako bidea prestatzen digun zerbait magikoa.
Komunikaziorako bideak irekitzen dizkigunean izugarrizko kreatibitatea askatzen du, etengabe ajustatzen den energeia, geroa prestatzen duen sinbolo bizia.
"Emen ez dago alaitasunik,
bakarrik dago tristura,
ogei urteko gaztiak ere
daukate zarren itxura;
beti lanian, lanian beti
animalien modura,
dibersiyorik ez da ikusten
atsegin dena galdu da,
len pasatako egun ederrak
etortzen zaizkit burura" (5)
|
Beraz, harrigarria gertatzen zaigu zenbat aldiz mintzatzen diren gure migralariak jaiari, dibertsioari buruz, nahiz migratu aurretik ezagututako jaiegun zoriontsuak aipatzeko nahiz behin itsasoa tartean jarri eta gero "garaiz aurreko zahartzeari" buruz mintzatzeko ala dibertsio ezaz kexatzeko. Badirudi aintzineko Anarcanisek zioenaren arauera batzutan, eta aurka bestetan aurkezten dela arazoa. Anarcanisek "jolastea eta dibertitzea gero lan egin ahal izateko guztiz arrazoizkoa da, jolasak atsedena ematen bait digu eta zeharo ezinezkoa baita, atsedenik gabe, etengabe lan egitea", esaten zigun.
Beharbada, itzuli egin beharko genituzke terminoak euskal migralariek esaten dutena kontutan hartuz, lana geroko atsedenaren ezinbesteko baldintza gisa planteiatzen baitute.
Ez dakigu guztiz legezkoa litzatekeen baina interesgarria deritzait zera gogoratzea; filosofia aristoteliko-tomistan atsedena, "anapausisa", ez dela bizitzaren helburua. Aldiz, SKHOLE edo OTIUM-a bai, baina oroi gaitezen skhole hori ez zela jokua, THEORIA baizik, hau da, kontenplazioa.
Ortega y Gassetek eta Heideggerek bizitza zeregin gisa jotzen dute, betebehar gisa. Baina, beraiekin batera, ezin dugu ahantzi, gure bertsolariek nolabait somatzen zuten bezala, "lanarekiko zereginarekin" batera eta berari estu-estu lotuta, biek errealitate globalizatzailea borobilduz, "zorionarekiko zeregina" dagoela. Nolabait, giza iharduera bikoitza dela esango genuke, bertsolarien testuetan azaltzen zaigunaren lez: ESISTITU eta ESISTITZETIK ATSEDEN HARTU. Bigarren dimentsio hau, DIBERTSIOA, beraz, giza bizitzaren erroko osagaia izango litzateke. Horregatik, beharbada formulazio teorikoetatik urruti xamar ibili arren, dira bertsolariak hain setatsuak, geroan, itzuleran espero duten atsedena oihukatzerakoan, kultura orok kultura baliagarri izateko ihesaren eta dibertimenduaren kultura ere izan behar duela somatzen zutelako.
Orduan, dibertsiorik gabeko gaztearoa, benetan gaztetasun tristea dela uste izango dute, Joxe Mari Mendiburuk honako bertsoan digun bezala.
"Aberastu aitzinean
badago besterik,
gu beti egon biar
asko tristerik;
ez degu ezagutzen
sekulan bestarik,
arras penatua
bizi naiz ni seurik,
gaztetan ez degula
pastiko gustorik" (6)
|
Horren arauera, orohar, zahartzea bera pobrezia mota gisa hartzen badute
"Orain Argentinan nengoan, eta alaxe aaztu bearra izan nuen, ni gaztea nintzala. Jolasteko oiturak, zaarrak bezela, utzi nituen erabat" (7)
zer esanik ez hogei urte izan eta dagoeneko zaharra izatea, horrela onartu behar izan baitu bertsolari anomimoak, migrazio garaitik heldu zaizkigun bertso tragikoenetako batetan
"Ogei urte oin dira
ni jaio nintzala,
gaztia izan arren
eginda neu zarra;
gorputzian badaukat
ulia ta bizarra,
berbetan aztutzia
izango da txarra" (8)
|
Dena dela, guzti hori benetan gogorra izan arren migralariek badakite heriotza dela pobreziarik larriena eta beldur diote. Ugari dira horretaz ari diren aipuak. Kaskazurirena adibidez.
"Jakintsu batek emanak ditut
pasatako notiziyak:
semia franko galdu dirala
amak dolorez aziyak" (9)
|
"Semiak franko galdu direla...". Heriotza baitago sarrien present bertsolariek kantatzen duten Amerikako egoerari buruzko bertsotan, gizonaren esperientziarik miketzena bezala, aberats eta boteretsuenak menperatzen dituen burnizko makila horren azpian. Dudarik ez, gure perspektibatik erantzunik izan ez eta gure destinoarekin eta heriotzarekin lotuta daudenak lagundu dute, batez ere, mitoa, erlijioa eta filosofia sortzen. Baina kalkulaezinak dira, ekidiezinarekiko beldurragatik ere, heriotzean azken amaia ikusi nahi ez dutenak.
Hasierarekin lotuta dago amaia eta "nora goaz" galderak "nondik gatoz" galderara garamatza. Materiaranzko jaisketa zentrifugoari izakiaren erdigune absoluturanzko igoerak jarraitzen dio. Izaki orok sortzailearengana jotzen du. Fede horretan oinarriturik idatzi zuen Theodor Köinerel: "Heriotzaren gauetik amaigabeko egunalba sortzen da."Baina garaiko beste poeta batek, gazte hildakoa bera ere, Wilhelm Hanff-ek galdera honi ekiten zion: "Egunalba, herio goiztiarrerako argitzen al nauzu?"
Batzuentzat amaia dena beste batzuentzat hasiera besterik ez da, baina denontzat gerta dakizkiguke baliagarri Luderig Uhland-ek haur baten heriotzean idatzitako lerroak:
"Iritsi orduko zoaz urrats isilaz,
maiztar iheskorra baizinan lurtar mundu honetan,
Nondik? Nora? Guk Jainkoaren eskutik
Jainkoaren eskura zoazela bakarrik dakigu"
|
Gizonak heriotzarekin burutzen duen topaketa heriotzari, kezkatzen gaituenari diogun beldurrarekin hasten da, heriotzarekin ezaguna zaigun esparru lurtarretik irteten baikara ezezaguna izanik izenik ez duenarenean sartzeko; askoren ustetan ezerezean sartzeko. Baina nola kezka gaitzake ezerezak? Beharbada ezezagunari diogun beldurra izango da, aurkitu gabeko lurrari dioguna "bere lurretik ez baita bidailaririk itzultzen" (Shakespeare, "Hamlet"). Gizonok beldur diogu heriotzari, haurrek iluntasunean ibiltzeari dioten bezala.
Horrela, ate gisa senti daiteke heriotza, beste mundu batetarako iraganbide bezala, edo, nahi bada, hemendik haruntzako inoren lurra bezala. Mito, saga eta fabulatan erdiko erresuma hori, inoren lur hori baso bezala ager daiteke, oihan, ibai edo itsaso gisa. Ibaiak dira, batez ere, muga eta inoren lurra. Greziar mitologian Caronte ontzizainak garraiatzen zituen hildakoak Aqueronteren zehar. Eta Jonasen historia ezagutzen duen edonork gogora dezake irentsia izatea haruntzako ataria iragatearen sinboloa dela, barneko mundura jeistearena.
Hontan ere poetak izan dira bizitza eta heriotzaren misterioaz zerbait susmatu dutenak. Heinrich Heinek "heriotzaren gau hotzean zuhaitz bat jartzen da ohe gainean zioen" eta zuhaitzean urretxindor gozoak abesten du kantu garbia". Hurbilagoa zaigu Novalis berantiarraren oharra.
"Eztaietara deitzen gaitu heriotzak"
Eta estilo paregabeaz adierazten du Gottfried August Bürger-ek balada batetan nola ebasten duen maitaleak bere Leonore gau beldurgarri batetan;
"Begira hara begira hara, diztiraka dager ilargia;
gu eta hildakoak ziztu bizian goaz zamalka;
eta gaur bertan eramango zaitut ezkontohera
apustu batetan bailitzan".
|
Eta gizon emakumeoi ordu larri horretan laguntzea denez erlijio guztien rola, sinbologiak hartzen du hortan ere zereginik latzena.
Herio ondorengo bizitza denez artzaiek hain sendo sinesten zuten kristau erlijioaren rola, ugariak dira hasieratik erabili izan dituzten SOTERIA-rako sinboloak: ARRAIA, Jesusen jarraitzaileen kontrazeinu sekretua, Kristoren monograma, AINGURA, fedearen zeinua, XORIA, arimaren sinbolo bezala. BELUNTZIA haruntzako bidairako, EDONTZIA "refrigerium"-erako, PALMONDO adarra berpizkundearen eta Kristoren alde odola ixuri dutenen ikur; GURUTZEA, bizitzaren zuhaitzarena...
Paul Tillich-ek zioen bezala, "bere sinboloak literalki ulertzen dituen fedea superstizio bilakatzen baita; baina sinboloak sinbolokoki ulertzen dituenak ematen baitio Jainkoari, dagokion loria"
Hala zioen Kazkazurik.
"Orain ere mutilla franko
badô kinko eroriya,
bestiak beste aurtengo au da
joana bildurgarriya" (10)
|
edo
"Gurasoak zer pena artzen duan
bere ume bat galtzian;
zenbait zabarrek esan lezake:
"Arrisko artan juan zian".
Semeak bizi dirala uste
izanagatik etxian,
faltia franko somatuko da
gerra ori akabatzian" (11)
|
Kaskazuri kubako gerrari buruz ari zaigu noski, baina hedagarria da egoera. Hain da kezkagarria eta tristea migralarien egunerokoa ezen momentu batetan bertsolari anonimo batek bizitzako plazerrik sinpleenaren ametsetan zebiltzala esaten digun.
"Gosia tripan eta
bai anka-jokua,
ezin konparatu leike
geugaz kamellua;
tentera juateko
geure kontentua,
zetan ete daguan
indar lapikua" (12)
|
Benetan bitxia egin zaigu gameluaren sinboloa. Gameluarekin konparatzen du bertsolari migralariak bere burua, hain da zuhurra, sofritua eta gutxikin konformatzen dena. Ez zaio arrazoirik falta Asiako jasaneko herrialdeen sinbolo gisa hartzen duenari.
Baina, horrekin batera, desertua gurutzatzen laguntzen duen aberea da, nolabait erdigune ezkutua, esentzia jainkotiarra iritsi ahal izateko.
Desertuko lagun, oasi batetik bestera eramaten du gizona. Artzaina, gamelu. Mortuetan eta lapikoaren ametsean bizi denari bakarrik burura dakioke halako sinbolorik.
D.2. Deslilurapena
Amets hauek sortarazitako munduarekiko deslilurapenak hiru arlo hartzen ditu batez ere. Lehengoz, baieztapen baten deiadarra, Ameriketak sarri soinu asko duela eta intxaur gutxi, Juan Zabaletak esaten zigunaren arauera:
"...beti abundoso da
urrutiko sona,
jan geiegik ez digu
galdu osasuna" (13)
|
Bigarrena, eta diferentziz gehien azaltzen dena joan izatearen damua izango litzateke. Mendaro Txirristakaren lekukotasunarekin hasiko gara, bertara joandakoen iharduera "adar gabeko zezena"-rekin konparatuko baitu, aintzinaldetik datorkigun sinboloa erabiliz. Indarra eta sugarra, har gartsuaren irudi gertatuko zaigu eta labirintoaren zaindari den Minotaurorena. Rij-Vedako Rudra izugarria izango da, bere haziaz lurra ernalduko duena.
Greziar tradizioan zezen menperagaitzan bortxakeriaren leherketa sinbolizatuko du. Poseidoni sagaratutako animaliak dira, itsas eta ekaitzetako Jainkoari eta Dionisosi, hartasun ernalkoiaren Jainkoari. Zeusek berak zuritasun distirakorraren forma hartuko du Europa liluratzeko.
Gar kosmikoarekin lotuta, bizirik dagoen oro animatzen duen berotasuna izango da. Indra zezena, indar bero eta ernalkorra izanik ernalkortasunaren konplezio sinbolikoarekin lotuta egongo da: adarra, zerua, ura, tximista, euria... Beraz, Mendaro Txirristaka bertsolariak badaki zer esaten duen adar-gabeko zezenei buruz ari denean, akadieraz "adarra haustea indarra haustea" baita. Dena dela, hautsi gabe ere, indar hori sublima daiteke. Eta horrela, Indraren sinboloa izateaz gain, zezena Shivaren ikurra da. Mendi elurtua sinbolizatzen duenez, zuria da, noblea. Energia sexuala errepresentatzen du baina, Shivak bezala, zezena zamalkatzea energeia hori menperatu eta transmititzea erabilpen gogoko eta izpirituzkoaren arauera.
Horretaz gain, ekaitzaren, euriaren eta ilargiaren sinbolismoarekin lotuta dago. Hau aspaldiko gauza da betidanik jo baitira zezena eta tximisten jainkotasun atmosferikoen lekuko bezala. Kultura arkaikoetan ekaitzarekin lotu zuten zezenaren marrua eta trumoiarekin, biak baitira indar ernalkorraren epifaniak.
Boskimanoen eta Perukoen artean tximista-ekaitza-euria taldea ilargiaren hierofania bezala ikusita dago.
Ahantzi ere, ezin dugu ahantzi nola Asia Txikiko kultuetan, taurobolioa noraino zegoen Cibelesen kultoarekin lotuta. Odol bataioaren bitartez burututako hasiera-zeremonian horretarako bereziki eginiko zulo batetan sartzen zuten neofitoa eta, zuloz jositako sapaitik behera zipriztintzen zuten orduan bertan erailtzen zuten zezenaren odolaren bitartez. Horrela zipriztindurikoa "renatus in aeternum" gelditzen zen, aberearen bizi-energiak berbiztu egiten baitzituen neofitoaren gorputza nahiz arima. Bikoitza, beraz, sinboloa, zezenaren indar biologikoa alde batetik eta izpirituzko bizitza hilezkorra bestetik.
Bestalde, gogoratuko dugu nola zezenak baduen bere herio aurpegia ere. Adarren artean eguzki-diskoa daraman zezena ernalkortasunaren sinboloa da baina baita Osirisekin loturiko jainkotasun funerarioa. Zezenaren barnean anbiguitate guztiek baitute euren tokia. Ura eta sua; ilargikorra da ernalketaren erritoekin lotzen den heinean; eguzkikorra bere odolaren suagatik eta bere haziaren argitasunagatik. Uranikoa eta etonikoa, ur-eko errege-ilobiaren gainean zezena dago urrezkoa (eguzki eta su) bere burua eta lapislazuli (ilargi eta ur) bere kokotxa.
"Zazpi nazio Ameriketan
dira ibilli naizenak,
an ere asko, emen bezela,
adar gabeko zezenak;
konseju onak izanagatik
Redentore Jesusenak,
oker ibilli nai degunontzat
alperrik dira zuzenak" (14)
|
Asko etorkizunak zer ekar ziezaiekeen ez ezagutzeagatik kexu dira eta horixe jartzen dute damuaren motibo egina, Hala Sein Irigoienek:
"...etorkizunen berri
jakin izan banu,
nere aita ekusteko
Patriaren soldadu,
penaz akabatzeko
batek aski al du?" (15)
|
nola Juan Zabaletak.
"... abisatzen diotet
bati eta biri,
abitua damutu
zaiola amaikari" (16)
|
Juan Zarakundegik, bestalde, bertako "eguraldiarekin" lotzen du, sinbolikoki noski, joatearen damu hori.
"...Amerika kaskoan
sarri aize fiña,
ez gendun ezer galtzen
etorri ezpagiña" (17)
|
Idazten dutenen arteko iruditeria aztertzerakoan argi guztiz bereziz diztiratzen du normalean Mañex Etchamendy esterenzubitarrak. Ikusten ari garen puntuan ere bera da urtaroen sinbolismoa eskuan jarriko diguna, damu hori adierazteko.
Gizonaren bizitza sinbolizatzen duten urtaroek irudi ezberdin ugari hartu izan dituzte arte lanetan, guztiz iradokikorrak denak: udaberriak arkumea izan du, antxumea, arteetan, guztiz iradikokorrak denak: udaberriak arkumea izan du, antxumea, zuhamuxka edo lore koroa; udak garra darion herensugea, galburua nahiz ihitaia; udazkenak, erbia ala igaliz gainezka dagerren mahastia; neguak arrulia, basa ahatea, sutondoko garra... Eta urtaro bakoitzak izango du bere Jainkoa: Hermes, jainkoen mezularia, udaberriak; Apolo, Jainko eguzkia, udak; Dionisos, mahats bilketaren jainkoa, udazkenak; Hefaistos, suaren eta metalen arteen Jainkoa, neguak.
Urtaroen joan etorriak, ilargiaren faseek bezalaxe, bizitzaren erritmoa ezkutatzen du, garapen ziklo baten etapak: jaiotze, hazkunde, helduaro eta beherakada, bai gizabanakooi bai zibilizazioei egokitzen zaigun zikloa. Eta amaigabeko itzulera horrekin batera, berriro hasi beharraren alternantzia ziklikoa. Bestalde, ezin dugu ahantzi noraino dauden lotuta Mañex Etchamendyk gogorarazi dizkigun urtaroekin batera puntu kardinalak: ifarra eta urrea, zilarra eta ekia, lapislazuli urdina eta hegoa, errubi gorria eta mendebaldea. Horregatik budisten testuetan ere hauexek dira Meru, mendi unibertsalaren osagarriak: urrea ifarrean, zilarra ekialdean, zafiroa hegoaldean eta koralak mendebaldean.
Txinan bakoitzari kolorezko animaliak egokituko zaizkio: dragoi urdin batek ordezkatuko du ekialdia; txori gorri batek hegoa; tigre zuriak mendebaldea eta dortoken beltzak ifarra, beharbada iluna, arriskutsua eta hatzemanezin eta beltzaren artean dagoen harremana markatzeko.
Hauek dira Etchamendyren hitzak:
"Oi gaztetasun zoroa!
nun derabilan gogoa!
Orduko pentsamenduak
iduri bait Hegoa:
Iñorantzian utzi dut
damurik nik sor lekua,
Udan herritik jin eta
hemen kausitu Negua". (18)
|
Paulo Yanzik eskarmentu eta kalamidadeari buruz hitzegingo digu
"...Obeki biarrez gere etxiak
aisa ditugu utzitzen,
gero lauetik iru gerade
errukituak arkitzen...
kalamidadiak pasatuaz
or ikasten da bizitzen" (19)
|
Badirudi halako egoeran aurkitzearen motibuak markatzerakoan aurretik egon direnen aholkuak ez entzutearen barnean gelditzen direla, dudarik gabe gehienoi halaxe gertatzen zaigulako: norberak geure esperientziaren bitartez ikasten dugula bizitzen. Esperimentatu beharra, bizitza esistentzia gisa, hau da, egitasmo gisa ulertzearen osagarririk nagusienetakoa delako. Berak zilegiten digu aurrera pausoa eta berak hobekuntza posibleen abiapuntua, sarri txarrerako bada ere. Mañex Etchamendyk dioenez bera gaztetasunak ematen duen arintasunaren biktima izan zen.
"Amerikarat jin nintzan
izpiritua arinik.
Geroztik nago, ondikotz,
bortz pentsaketa eginik.
Gaztean ez dut aditu
gizon zuhurren erranik,
gero dut ongi frogatu
kasuak hala emanik" (20)
|
Batzuk, Zezilio Basurko adibidez, hain desliluraturik daude non Amerika urrutitik ezagutzea hobe dela esaten duten. Bi bertso guztiz miketzetan adierazten du hori.
"Amairu bertso atera ditut
nai dizkienak ikasi,
etorri gabe obe dezute
emengo berri ikusi..." (21)
|
Geroxeago, bertso saila berean honela azpimarratuko du ideia.
"...tristura aundi bat nabaitutzen det
orain nere barrenian;
zazpi urte dira pasatutxoak,
nua zortzigarrenian..." (22)
|
Guzti horren ondorio bezala hartu beharko dugu, deslilurapen honen azken adierazpidea, migraziora ez joateko gonbidapena, Mañex Etchamendyk luzatzen diguna.
"Zaudete, beraz, trankilki
zuen herrian bakean,
zuhurki lana maitatuz
zuen ait-amen aldean..." (23)
|
D.3. Itzuleraren irritsa.
Itzultzeko irritsak, ilusioak dozenaka lerro bete ditu migralarien literaturan. Esan dezagun orain arte aipatutako guztia dagoela irrits horren azpian, mundu hautsi bat, bete gabeko ametsak... eta agian sarriago, erreferentzi puntuen galerak sortarazi dien nongotasun eza. Migralariak, migrazio lurraldetan denbora asko eman arren, nolabait "no man's land" batetan aurkitzen dira, espiritualki behintzat. Horrekin batera, zera gogoratu beharrean gaude, Euskal Herriko egoeraren hobekuntzaren berri dutela eta ez dutela bi egoereen arteko ezberdintasun haundirik nabaritzen. Hori dio behintzat Bautista Galarregik.
"Zorionez iñoiz gaur edo biyar
joaten banaiz Españi'ra,
dudan jartzen det artuko dedan
berriz onerako jira;
gogo aundi bat sentitutzen det
juateko nere alderdira,
emen bezela eta obeki
an ere bizitzen dira,
aspaldi ontan burutaziyoz
orrera nago begira" (24)
|
Hain indartsua zaie itzulerako irritsa, batzuk heriotza besterik ez duten ikusten horretarako oztopo gisa. Ikusi bestela zer dion bertsolari anonimoak:
"Ni urrutira juan arren,
illtzen ez bagera,
bilduko gera oraindik
gure bazterrera;
ametsak narabillde
atzera eta aurrera,
San Antongo menditik
Zarautzko ondarrera" (25)
|
Lehen esan dugun bezala nongotasun arazoa izango litzateke batez ere migralari batzuk, Joxe Iriartek besteak beste, onartzen baitute beren egoera materiala beti ez dela txarra. Alderantziz.
"... iruki arren ondo egoteko
makiña bat komenentzi,
emen geatzia bueltatu gabe
guaindik ez diot ereitzi" (26)
|
Bestetan ordea, gehiago ezin jasan izanak bultzatuko ditu sorterrira, Ramon Artolak dioen bezala.
"Noiz bait naigabeturik
neraman bizitzan,
lur ura utzitzera
erabaki nintzan;
eta eztet damurik,
irten ezpainintzan
denbora gutxi barru
an ilko bainintzan" (27)
|
Ordea, itzultzen den gizona, gizon "higatia" da, jana bai kuraian eta bai osasunean jasandakoaren salneurria ordaindu beharra. Arras esanahikorrak dira J.C. Arrosagarayen hitzak.
"Orduan sortzekuak, orai ezkondiak,
zonbat itzuli duen geroztik mundiak;
gisa bera gaituzu gu abantzatiak,
osasun ta kuraiaz arras higatiak,
gazte itzul baginte zer dantza jauziak" (28)
|
Askotan, lehenago itzuli ez badira, diru ezagatik izango da. Horrela diote bai Ramon Artolak:
"Kontentuz joanak nere
moduban aruntza,
zenbait pozik jirako
lirake onuntza;
bañan nola baitiran
bear iru ontza,
nere gisan arkitzen
zaie poltsa utsa" (29)
|
eta baita bertsolari anonimoak ere.
"... juan diranak etorri
nai lukete baña,
ezin sobratu dute
biajientzat aña" (30)
|
Orduan ulertzen da hala egindako itzulera, frakasatuen itzulera izatea.
"Al zan bezela billatu eta
ekarriya dute andik,
an partiera nola izan zan
goguan degu oraindik:
Golfo guziyak ujuka noski
eziñ arturikan txandik:
"Beti gu joka ari da eta
erama'zute emendik" (31)
|
Eta Frantzizko Ugaldek zioenaren arauera, batzutan jendearen burla jasan behar ez izatea gertatzen zen ez itzultzearen motibo, nahiz eta itzultzeko irritsetan egon.
"Noiz egingo da
egun oi etorri?
tarte ortan pastu bear
guk zenbait tirri;
jendek ez banindute
egingo irri,
laster egin nindeike
abionian jarri,
gusto ederrian
martxatzeko sarri" (32)
|
D.4. Herriminaren aurpegia
Hauxe izango litzateke laugarren ondorioa, hirugarren kapituluan bereziki aztertuko duguna. Alabaina hemen ere bere eragina duenez, aitatu besterik ez aitatu nahi genuke.
Orain bertan gogora ekarri dugun Ugalde izango da lehenengo aitormenaren berri emalea.
"Nik ez dut pentsatzen
alfer egoitiaz,
baizikan emendik
laister joaitiaz;
enaiz ilusiatzen
emengo biziaz,
asko oroitzen naiz
sor-leku maitiaz,
urriki asko badut
ure an utziaz" (33)
|
Malkoa da migralarien egoera guztiz larriaren adierazpenik esanahikorrenetakoa, testigantza utzi ondoren, lurrun gisa, hiltzen den tanta: minaren eta otoitzaren seinale.
Sarri perlekin konparatu dute eta anbar tantekin, Eguzkiaren alabak diren Meleagrides eta Helialidesen malkoak anbar-tanta bilakatzen baitira.
Eta azteken artean, euria erakartzeko sakrifiziora eramaten zituzten haurren malkoak euri-tanten sinbolo ziren.
Paulo Yanzik "begiyatik malkuak zintzillik, penaz beterik urtuak..." ikusten duen artzai migralaria gizon errukigarria zaigu benetan, sofrimendu itzel baten keinu.
"...mendiyan arkitutzen zatenak
lanpide ori artuak,
begiyatik malkuak zintzillik,
penaz beterik urtuak..." (34)
|
Baina arlo honetan ere, gure ustez, Mañex Etchamendy izango da Ameriketako artzaien malenkonia eta herrimiña hobekien isladatuko dituena.
"Ait'amez gare orroitzen
eta begiak bustitzen
urrun baigira kausitzen..." (35)
|
dio bertso batetan. Urrengoan sarri aipatu eta sakondu digun minaren sinbolismoaz gainezka azaltzen zaigu.
"Gure sor leku maiteez
zonbat ez garen orroitzen!
Arrangurarikan baizen
ez dut nik hemen aditzen.
Egundainotik bakotxa
bere minak du eritzen:
ni ere nire kasuaz
orai hasten naiz mintzatzen" (36)
|
Mañex Etchamendyrentzat, uxo migralaria da bere bizitzaren sinbolorik maitagarrienetakoa, aintzinetik olibondo adarraren garrailaria, eta, beraz, pake eta armoniarena.
Berak sinbolizatzen du, abere hegadun orok bezala, instintoen sublimazioa eta izpirituaren lehentasuna. Beraz, ez da harritzekoa Grezian maitaleen opari izatea edo Erromako baxe-erreliebeetan ikusten den bezala, oroitzapenaren iturburuaren sinbolo.
Historian sarri kantatu dute bere edertasuna eta "Kantarik Ederrenean" emaztearen goralketa egiten denean uso-begiak dituela esango du idazleak, bere izpirituzko begirada Jainkorantz jarririk dagoelako.
Benetan, gizon argituaren begiek ere uxoaren begien itxura hartuko dute. Uxo horrekin bat eginik ikusten du Etchamendyk bere migrazioranzko bidai luze eta malenkoniatsua.
"Udazkenean urtzoak
pasaian dire partitu,
Hala hala naiz ni ere
neure herritik airatu.
Hedoi artetikan mendi
gora batean pausatu.
Hemen denbora behar dut
beti penetan pasatu" (37)
|
D.5. Beste zenbait ondorio.
Euren arteko lotura oso nabarmenik ez dutenak jarri ditugu hemen. Bertsolari batengan nahiz besteengan tarteka azaltzen direnak.
Adibidez, ironia behin baino gehiagotan erabiltzen dute amets hautsiei buruz mintzatzeko. Honako bertso hau Juan Mari Lujanbiorena da.
"...arkitzen bazerate
diruaren faltan,
abundantzi aundiya
da Ameriketan,
baforia beteta
sarri or naiz bueltan" (38)
|
Bestalde, alde batetik bestera ibilitako Zezilio Basurkok zera esango digu, Australiara joandako urtea txarrena izan zela.
"...Australia'ra sartu ezkero
au kontatzen dut aurrena,
mundu onetan nik ezagutu
dedanik urte txarrena" (39)
|
Lortu ezinagatiko gutizia ere azaltzen da noizean behin, Juan Mari Lujanbioren bertsoan bezala.
"Askorentzako zori gaiztuan
Amerikako Indiyak,
bire abetan pasatzen dira
franko desgrazi aundiyak;
inbiri gaiztoz betiak gaude
gutxiyenian erdiyak,
estiak piskat beteagatik
beti gosiak begiyak" (40)
|
Mañex Etchamendyk barrutik egin du migralariaren egoerari buruzko gogartea eta bereak dira jarraian aipatuko ditugun ondoriak.
Egunerokoaren monotonia da lehengo adierazten diguna.
"Urte zaharra itzali da
elur-pean,
berria sortu eta jauntzi
soin berean:
nun da bada diferentzia
hen artean?" (41)
|
Eta artzaiaren bizitzaren iluntasunaren hiru dimentsio aztertzen dituenean, ez da soilik teknikak edo natura izugarriak ekar diezagukeen argiaren faltaz ari; esanahikorragoa da etxeko epeltasunaren sinbolo den supazterraren falta Mañex Etchamendyk aipatzen duen "supazter xokoñoa", malenkoniaz eta nostalgiaz beteriko zerbait da artzai migralarientzat, amankomunean eginiko bizitzaren sinbolo, gizona eta emakumearen batasunarena, amodioarena, suarena. Su eta argiaren bitartez izakiak hurbiltzen dituen eguzki denez eta janaria egosten den tokia, bizigunea da, eman, mantendu eta hedatzen den bizitzarena. Horregatik da gizarte guztietan santutegi, Jainkoaren babesa eskatu eta bere gurtza ospatzeko tokirik aproposena.
Maya zibilizazioak uste zuenez, supazterreko argiak izpiritu jainkotiarraren gauzatzea adierazten du, kandelaren argia hildakoen arimaren ordezko den bezala.
Munduaren zilborra denez, sakrifiziorako aldare bilakatzen da eta sua jainkotasunera heldu ahal izateko ate.
"Zure ganbara ez du argitzen
ez elektrika-argiak.
Supaster xokoño hura ez du
ikusten zure begiak.
Zeru gainetik mundu zabala
argitzen du ilargiak:
Haren medioz egiten tutzu
gauaz zure itzuliak" (42)
|
Agian horregatik, beti penetan ikusten du artzai migralaria.
"...toki hortako penak zer diren
oro ditutzu aitortu.
Beste eskualdun anitzek ere
hori daukute salatu.
Penan direnak nahi nituzke
ein-ahala kontsolatu" (43)
|
Bertsolari anonimoak xuxurlatzen digun bezala, haundia baita artzaiaren tristezia...
"Bertso berri batzuak
nai nitukez jarri,
pastore tristiaren
eskermentugarri;
mendi altu onetan
guztiz nago larri,
geure pasadizua
esan gabe garbi" (44)
|
Oharrak:
1 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 80. orr.
2 Ibidem, 106. orr.
3 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 47. orr.
4 ZAVALA, A.: Kaskazuri Bertsolaria, 1973, Donostia, 89. orr.
5 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 111. orr.
6 Ibidem, 117. orr.
7 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 125-126. orr.
8 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 80. orr.
9 ZAVALA, A.: Op. cit. (1973), 89. orr. Ibidem, 91. orr.
10 Ibidem, 92. orr.
11 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 81. orr.
12 Ibidem, 59. orr.
13 ZAVALA, A.: Op. cit. (1974), 31. orr. Ibidem, 16. orr.
14 Ibidem, 60. orr.
15 Ibidem, 126. orr.
16 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 43. orr.
17 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 130. orr.
18 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 44. orr.
19 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 107. orr.
20 Ibidem, 109. orr.
21 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 45. orr.
22 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 112. orr.
23 ZAVALA A.: Ameriketako bertsoak, 1984 Don. 25. orr.
24 Ibidem, 95. orr.
25 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 105. orr.
26 ARROSAGARAY, J.C.: Op. cit. (1983), 58. orr.
27 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 103. orr.
28 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 51. orr.
29 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 46. orr.
30 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 119. orr.
31 Ibidem, 117. orr.
32 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 129. orr.
33 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 129. orr.
34 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 32. orr.
35 Ibidem, 42. orr.
36 Ibidem, 44. orr.
37 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 83. orr.
38 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 103. orr.
39 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 77. orr.
40 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 93. orr.
41 Ibidem, 225. orr.
42 Ibidem, 227. orr.
43 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 79. orr.
|