HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ameriketak eta bertsolariak »  e. Ikuspegi baikorra

e. Ikuspegi baikorra

E. IKUSPEGI BAIKORRA



Orain arte aurreko orrietan mundua txartzat jotzen duen erizpide horrek, dudarik gabe, oinarri erlijioso-teologikoa duela esan dezakegu eta erizpide hori protestantismoaren argitan egindako Done Agustinen irakurketatik datorrela. Jansenismoa izango da bere emaitza. Baina munduaren gaizto gisako BALORAPEN MORALA, beharbada, bi iturburu ezberdinetatik etorriko zen Euskal Herriko intelektualgora, hau da, eliz gizonetara, beraiek gero herri xehearen artean ereingo dutena: espainiarra bat, GRACIAN, eta frantziarra bestea, LA ROCHEFOUCAULD, zein baino garrantzitsuagoak biak eraginen aldetik, bere kargu hartzen bait dute bertuteak desmozorrotzea, azpian ezkutaturik daukaten bizioa azalean agertzeko.

Beraz, bi jokabide pesimista hauek nabarmendu beharko genituzke gure bertsolariengan: La Rochefoucaulden bitartez etorri zitzaigun jausenismoaren norantza erlijoso-teologikoa eta Gracianengandik datorkigun morala. Agian guzti horrek zerbait argi dezake orain arte arnastu behar izan dugun ezkortasun mingarria.

Aldiz, bi edo hiru erizpide ezberdin bereizten dituzte zorionari buruzko teorikoek: batzuek gustoaren antzean jartzen dute, baina gustoa txarra izateaz gain ase-ezina gertatzen da; beste batzuentzat asma ditzakegun ontasun guztien pilaketan aurkituko litzateke, harrapaezina hau ere; eta badira, malenkoniaren paradoxak bultzatuta, zoriona ezer ez edukitzean, ezer ez desiratzean, den dena mespretxatzean datzala diotenak. Baina eztabaidalarien batzarrean, jakitun guzti hauek oker zeuden bitartean, ero batek esan zuen egia: zoriona ez da lurrekoa; zeruan dago. Halako zerbait darie gure migralarien idaztiei.

Dena dela, beraiei zegozkien zorion izpiak zenbatu egingo dituzte, modu arras sinplean.

Txirritak zera esango digu, zahar dirudunari urteak ere barkatu egiten zaizkiola.

"Gure izeba Frantxika Antonik
onla esan du lenguan,
Mendaburuko indianua
nola topo egin duan:
Par-irri batek itzuli diyo,
zerbait bazeukan goguan;
buru zuritzen asi da baño
ai zer mutilla daguan!


-Izeba, neri ez dit inportik
naiz izan erdi zartua,
gazte txorua baño obe det
juiziyuan sartua;
diru-pixka bat baldin badauka
egingo degu tratua! (1)


Bestetan zinearen dibertsioa aipatuko digute gozamenerako bide gisa. "Ni oartzen naiz zinerako sarrera garai artan emen etzala ordaintzen, baña bertan edaten zana, bi aldiz geiago ordaintzen zala" (2)

Lanean elkartu beharrak ere halako ziurtasuna ematen zien taldearen babespean.

"Baña ez geunden elkartuta. 1918garren urtean irasi genduen geron bazkuntza, ta alako bazkuntzak asko balio izan zigun, geron esne-banaketaren salneurri edo prezioak denok berdin jasotzeko esne-erosleari" (3)

Irakurri dugunaren arauera, etxea da migralarien ametsetako bat, etxe bat, etxe karratu bat izatea, artzai nomaden oihaldenda borobilarekin zerikusirik izango ez duen etxe bat izatea, fijazioa, egonkortasuna markatuko duena.

Etxeak gure barneko izakera sinbolizatzen baitu eta zenbait sikoanalisten eritziz etxearen solairuek arimaren egoera ezberdina adierazten baitute: inkonszientea sotoak, izpirituaren gorapena ganbarak.

Baina, gure ustez, migralariak sinbologia emekoia ematen dio etxeari, babesarena, aterpearena, amaren sabelarena. Ez da harritzekoa mendiko bakardade babesik gabean hainbat hilabete eman dituen gizonaren kasuan.

"Diru mordo bat bildu genuelarik, arrekin gure etxea aunditzeko asmoa sortu zitzaidan, biar edo etzi gerok bizitzeko, irabazpidea saldu ondoren" (4)

Eta horrekin lotuta, erretiroa.

"Bai, jaunak: Argentina'n 35 urte betetzera nijoalarik, eta 20 geiago nere bizkarrean, utzi nuen erabat diru irabazteko lana" (5)

Baina hori ezer gutxi izango litzateke hurbilekoen, familiartekoen arrakastarekin batera joango ez balitz. Bidaiaren amaieran ostatu bero eta ongi ornitua aurkitzeko aukera duenaren zoriona. Hala gertatu zen Zubillagaren kasuan.

"1950'garren urtean, Gobiernuak zozkeratu edo suertatu zuen kanpo on aundi bat tokatu zitzaion (anaiari) 30 urteetan ordaintzeko, eta gero zori onak altxatu zun ni baño gorago" (6)

Josetxo Yanzik bere partetik Ameriketako jan ona aipatuko digu.

"...ok ta geiago izango ditu
artzaiak igaro biarrak
bañan guztiyak anztutzen ditu
emengo okelan indarrak" (7)


Dabid Aranburu ere eritzi berdinekoa da

"...baiñan gure jan-edanak ez du
alimentua motela,
janari eta jornala onekin
egon laitake onela!" (8)


Horrek esan nahi du, nolabait beren burua, batzutan behintzat, atzean gelditu zirenena baino egoera hobean ikusten zutela. Hala adierazten du Salbador Etxarteren bertsoak:

"...jan-eranakin ez nabill emen
Españia'n bezin larri;
ta lanian ê ez det ateratzen
or ainbeste izardi..." (9)


Baina guzti hori, ahal den neurrian, euskal etikaren arauera bizi izatean oinarrituta.

"...beti izango zaiztet
biotzetik maite,
ume onan legiak
nai nituzke bete..." (10)


Eta, beharbada, erreakzio horien oinarrian beste zerbait jarri beharko genuke, lanari beldurrik ez izatea. Hala dio Mañex Etchamendyk:

"Amerikako desertu beltzek
etzaituzte zu lotsatzen.
Ardien zaintzen, pertsu moldatzen,
duzu denbora pasatzen.
Zure sor-leku maiteaz zira
naski ordura orroitzen.
Orduan aise hasperen zonbait
bihotzean zaitzu sortzen" (11)


Bestela ere, bizimodu errezagoren ikuspegiak gutizi gisa haina bulkada gisa ere joka dezake migralariarengan Etchamendy beraren hitzetan:

"Guri irri bat zin-arazteko
hau ere duzu aipatzen;
Koziner finak beribiletan
ikusten tzula pasatzen.
Artzain gaizoen modura heiek
ez dira aise bihurtzen.
Baratzetako lanari ere
sudurra dute zimurtzen" (12)


Oharrak:

1 ZAVALA, A.: Op. cit. (1971), 44. orr.
2 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 121. orr.
3 Ibidem, 172. orr.
4 Ibidem, 225. orr.
5 Ibidem, 229. orr.
6 Ibidem, 236. orr.
7 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 134. orr.
8 Ibidem, 284. orr.
9 Ibidem, 265. orr.
10 Ibidem, 263. orr.
11 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 225. orr.
12 Ibidem, 226. orr.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org