|
G. ANIMALIEN ROLA
Ulergarria da zernolako garrantzia ematen dioten artzaiek beren eguneroko bizimodu bakartian animalien presentziari, onerako nahiz txarrerako, alboan nahiz urrutian, agirian nahiz ezkutuan, rol guztiz erabakiorra jokatzen baitute euren bizitzan.
Gure artzai migralariek bi talde ezberdinetan banatzen dituzte animaliak: lagunak batzuk, etsaiak besteak.
Lagunen artean zakurrak du lehentasuna. Ugariak dira zakurraren aipamena egiten duten testuak. Paulo Yanzik, adibidez, honela dio:
"...zakurrak zaituko diz-
kik alde batetik,
ik berriz ojua ta
ziztua bestetik;
lana au goizetik
aurre egotiagatik,
lenbaiziko itzetik
"ziken map" atzetik,
al bayu zaituko di-
tuzkek etxetik" (1)
|
Josetxo Yanzik ere, Itun Berriko Epulon aberatsa eta Lazaro txiroarekiko erreferentzi garbi batetan, zakurrak ongi mantentzearen garrantzia azpimarratuko du:
"Zakurrak ere gizen dauzkagu
gere sobriak emanta,
ez degu oinbeste jan biarko
geren errira juanta" (2)
|
Geroxeago ordea, artzaien bizimodu zitalarentzat konparazio gisa erabiliko du zakurra.
"... guk baño bizi obia
orko zakurrak" (3)
|
Horregatik, gehienetan zakurra-artaldea binomioaren inguruan kokatzen dute zakurra, bere zeregina kontutan hartuz, Xalbador Etxarteren bertsoak dioen bezala.
"Milla bat ardi dauzkat aurrian
eta bi zakur lagunak,
aien inguruan pasatzen ditut
aste eta jai-egunak..." (4)
|
Zakurrarekin batera zaldiak beteko du laguntza lana. Hola dio Leon Bereau-ek
"Txakurra eta zaldiya arekin
ezta beste lagunarik...
garaia orretan aski luziak
dira eguna orik..." (5)
|
Baina gure migralariek batzutan badakite konpainiak ematen duen laguntasun fisiko eta afektibotik zertxobait haruntzago joan eta beste zenbait kidetasun bilatzen. Haren bizitza presentzia eta ausentziaz osatuta dagoenez, ausentzia horretarako kidetasun parametroak animaliengan aurkitzen ikasi dutela esan nahi dugu eta ez konpainiako animaliengan hain zuzen ere. Ez da harritzekoa ausentzian gehien sakondu duen Mañex Etchamendyren ahotik jasotzea.
"Hartz-lehoinek bakarrik
bainaute entzuten,
beren orro saminez
dautet ihardesten..." (6)
|
Migralariek, bestela, etsai gisa hartzen dituzte ia gaineranzko animali guztiak. Koioteak dira Paulo Yanzik lehenik aipatzen dizkigunak.
"...zuekiñ zer pasatu biar duen
osaba zarrak badaki:
illundu orduko oiera juanta
loz ase arte ez jaiki:
koiote oiek izango dute
zuengatik naiko jaki" (7)
|
eta geroxeago, bertso saio berean:
"...gabaz ardiyan marraka eta
koiotian irrintzia..." (8)
|
Paulo Yanzik estutik eusten dio artzai alferrak jasan beharko dituen ondorioak adierazten, Kalifornia inguruko eletzar kosmogonikoetan indioek koioteari buruz diotenari, hots, abere kaltegarri eta beldurgarri hauek kreakuntzako heroien ekintza oztopatu egiten dutela eta beraiek direla kreakuntzan dagoen gaizkiaren arduradun.
Badirudi batez ere neguaren eta heriotzaren asmatzaileak direla. Animalia udaberrian Nevadako mendietan ezagutu dugunak agian artzain bezala ia egunero ikusi eta ezagutu zutenen aurrean isilik egon beharko genuke. Juan Zarakondegik ere bazekien zerbait:
"...Koioteak gabero
beti dabe arrantza,
Euskalerritik ona
badago mudantza" (9)
|
Interesgarria deritzagu Zarakondegik berak, koiotearen desioen munduan sartu eta burutzen duen estrapolazioa, bere irritsik gordekoenera hubilduz, aberastasun antsira.
"...koiote antsi onek
balitzaz dolarrak,
aberatsak giñake
amerikatarrak" (10)
|
Beste batzutan orohar hartzen dituzte basabere guztiak beraien eta artzaien arteko bizimoduen konparaketa egiteko. Josetxok Yanzik, besteak beste.
"...ok dira egiyak
urrikagarriyak
geu eta animaliyak...
parerikan ez dauka
emengo biziyak" (11)
|
Baina koiotearen ondoren lehoiak izango du konparazio punturako lehentasuna. Josetxo Yanzik dakarkigun sinbolo honek Nevadako mendietako indioen "Mountain lion" gisa ezagutzen dutena adierazten du dudarik gabe.
Egia da lehoiak, zenbait kulturguneetan, eguzkiaren itzulera, energeia kosmiko eta biologikoen birgaztetzea eta birjaiotzea bera errepresentatzen dituela.
Egia da ere, boterearen sinbolo gisa, justiziarena ere badela, Salomonen jauraulkiko lehoiek, Frantziko erregeenek eto ertaroko gotzaienek adierazten diguten bezala. Egia ere Kristo epailearen eta Kristo maisuaren sinbolo izan dela, berarekin liburua daramanean.
Ildo horretan ulertu beharko dugu Krishna "animalien arteko lehoia izatea" (12) ; Budda Shakyaren lehoia izatea edo Kristo Judakoa.
Baina horrek ezin digu ahanzterazi lehoiaren indarrak baduela bere alde ezkorra, indar instintibo eta kontrolgabearena.
Hortik San Hipolitorentzat Antikristoren sinbolo ere izatea, pultsio sozial gaiztoen sinbolo: despota gisa agintzearena, agintea basatiki ezartzearena.
Dudarik gabe, bigarren arloari eusten dio bertsolariak artaldearen etsai amorratu gisa hartu duenean.
"Bakardadeko basamortuan
nola baigeran bizitzen,
koiote, katu, legoi ta suge
bertzerik ez da arkitzen" (13)
|
Ildo beretik joko du Leon Bereauek.
"Basa-piztiaz inguratuak
emen ditugu onduan
basa-zaldi ta leoi, koiote,
domadorien moduan" (14)
|
Erasolari ikusiko ditu Mañex Etchamendyk, hartzekin gertaturiko pasadizua gogoratzean.
"Hartzak malur eginik
zure ardi tropan,
ederki enganatu
duzu zure "tranpan",
han zagolarik kexu
jarri zaizko miran
eta zonbait pirola
sartu haren tripan.
|
Hiru hartz sartu dira
beste artaldera,
han eginen zutela
gustuko afera..." (15)
|
Baina, beharbada, inork ez du adierazi bertsolari anonimoak bezain ongi artzaiaren bizimodu tragikoa. Bertso boteretsu hau guztiz adierazkorra da.
"Otsua eta gukarra
alkate basauntza,
eta alboko arbolan
santzoka gabontza;
pastore gizajuak
lurrian lo otza,
esan lei nai duela
emen eriotza" (16)
|
Bertsolari anonimoarentzat, heriotzaren deia, infernuetako, gaueko jainkoaren ikur, lurreko etxe ilunaren zaindari: hontza. Indar etonikoekin lotuta, gauaren ziurtagiria, euriarena, ekaitzarena -Heriotzarena- Ez da harritzekoa zibilizazio aurre-inkaikan sakrifiziorako labainaren muturrak hontzaren itxura hartzea, heriotzaren odolarekin estu lotuta bailitzan.
Beste animaliak ez beste, hontzak ez dio artzaiari arrisku fisikorik erakarriko, baina boteretsuegia izango da heriotzarekiko lotura alboratuta uzteko.
Bitxia eman arren, artzaia ez da itxu itxuan ardien alde jartzen den gizona. Beharbada ardia = lana ekuazioan ohituta dagoenez, badaki ardia bera batzutan etsai gerta dakiokeela, iruzurlari zaiolako hain zuzen. Hala dio Leon Bereauek
"...azindak ere deabruak dira,
kolera emangarriyak,
Judasek ainbat tranpa badute
Amerikako ardiyak" (17)
|
Halere, basapiztien eta euren zaratetara ohituta egon arren:
Hala dio behintzat Zarakondegik,
"Basauntzak or saltoka
erreka ezkiñetan,
zer bailiak doguzen
pesta egunetan.
Azkonarrak purrustaz
zulo guztietan,
beste zaratarik ezta
emen auzuetan" (18)
|
Ez da ezer sugearen kaskabel soinuak haina kezkatzen duenik. Zarakondegik dakarkigu sugearen sinboloa ere.
"Kaskabelen soñua
sarri emen ezkiñan,
ez gera kabalduko
len zoro bagiñan" (19)
|
Sugea, bizitzaren iturburuetan anima eta libido gisa aurkitzen duguna. Pigmeoek lurrean eginiko marra baten bitartez aurkezten dute, horrela bere lehen adierazpenera eramanez; marra bat, baina marra biziduna ordea; haragi eginiko abstrakzioa. Lurrean egiten duen manifestapen orduan hierofania bat izango da, natura sagaratuaren hierofania materiala, ez izpirituala.
Tximista bezain azkarra, beti zulo edo artesia baten itzaletik irteten da, berriro ikustezinera itzuli baino lehen heriotza edo bizitza listukatzeko.
Ikusten den sugea Suge Haundi ikustezinaren haragitzea da, bizi printzipioaren eta naturaren indarren jabea. Antziñeko jainko zaharra da, izpirituaren erlijioek baztertu baino lehen, kosmogenesis guztietan aurki daitekeena.
Eta giza arloan arimaren eta libidoren sinboloa da, giza arimaren arketiporik garrantzitsuenetakoa, esnatzen denean listukatu eta zutitu egiten bait da, libidoren igoera, bizitzaren agerpen berriztatua.
Horrekin batera suge kosmikoa, beldurgarria bere haserrean, Leviatan hebertarrentzat, Midgardorm eskandinabiarrentzat, itsasoen mugimenduen eta ekaitzen eragile.
Jainko zaharra, arbaso mitikoa, heroi zibilizatzaile, bere forma arruntenean, Quetzalcoatl gisa. Haragitu eta gizadiarengatik sakrifikatuko dena.
Bizi-emaile, inspiratzaile: suge sendagile eta asmatzailea, izpiritu eta indar naturalak orekatu nahi dituena, kontrolaezina gaindi ez dakion kontrola daitekeenari.
Baina, batez ere, gaitzespenaren sugea, artzainentzat behintzat kristautasunak, orohar, sugearen alde ezkorra eta madarikatua gorde baitu. Halere, zilegi zaigu esatea ongarri bezala ere agertu izan dela Zenbakien liburuak (20) erakusten duenaren arauera. Gogoratu kristautasunaren haseran ere Kristo gurutze gaineko altzeiruzko suge salbatzaile gisa aurkezten dela.
Gutxienetan ordea, eta artzainek jasotako irudiaren arauera, Ebaren sugea izango da, lerratzera gaitzetsia eta Apokalipsian gainditua izango dena, bizioa eta heriotza baitakarzkigu.
Sugearen alde ona bere zeregin etonikoan azaltzen da, Jainkoaren justiziaren eragile gisa, Laoconteren mitoa berbizituz. Danteren infernuan ere horrela azaltzen da eta horrela dio: "Da indi in qua mi fuor le serpi amiche", "orduz geroztik lagun izan zitzaizkikan sugeak".
Migralariek, ordea, mortuetan, beldurrez eta nazkaz ikusten zuten soinua jotzen zuen sugea, beraien eta artaldeen etsai amorratua.
Oharrak:
Oharrak:
1 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 121. orr.
2 Ibidem, 122. orr.
3 Ibidem, 135. orr.
4 Ibidem, 251. orr.
5 Ibidem, 265. orr.
6 Ibidem, 295. orr.
7 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 82. orr.
8 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 126. orr.
9 Ibidem, 126. orr.
10 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 125. orr.
11 Ibidem, 125. orr.
12 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 252. orr.
13 Gita 10
14 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 253. orr.
15 Ibidem, 292. orr.
16 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 232. orr.
17 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 82. orr.
18 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 297. orr.
19 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 125. orr.
20 Ibidem, 124. orr.
21 21, 6-9
|
| |
 |
 |
|