HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Ameriketak eta bertsolariak »  e. Herrimina

e. Herrimina

E. HERRIMINA



Euskaldunak, euskaldun migralariak batez ere, ez gara herrimina gure arrazaren osagarri funtsezkoenetakoa lez jo dugun herrialde bakarrak. Galegoek gauza bera egin dute, suizarrek eta portugaldarrek. Kantek zioenez, esperientzi haundiko jeneral baten ahotik entzuna zeukan bere Westfalia eta Pomeraniako soldaduek ere herriminaren hatzaparretan erortzen zirela behin baino gehiagotan. Eta guztiz interesgarria da Kantek berak herriminari buruz ematen digun definizioa "Gazte aroko elkartasun bihozkor eta axolagabekeria alaien irudien oroitzapenen ondorengo nostalgiaren efektoa, bizitzako alaitasun errugabeak gozatu ziren tokiekin lotuta dagoena. Baina urrengo bisitatan oroitzapen haiek sorturiko esperantzak bertan behera gelditzen dira eta horrekin batera sendatu egiten da nostalgia, guzti hura itxuraldatuta dagoela pentsatzen baitugu. Baina honako hau da benetan gertatzen dena: ezin dugula haruntza eraman berriro gure gaztetasuna". (1)

Objetu zehatz batetara zuzentzen ez den irritsa, desiotik bereiztu beharrean gaude, desioa beti zerbait zehatz eta konkretuena izaten baita. Baina irritsa da desioaren oinarrri antropologikoa, bere erro lausotu eta diferentziaezina. Maiteminduak bere maitearen laztanen desioa du, berarengana bultzatzen duen irritsaren edukin zehatz gisa. Edo, mendietara garamatzan irritsa eskuak erreka freskagarrian sartzeko desioan zehatz daiteke.

Irritsa, beraz, gizonaren barne mugimendu orokorra da, funtsean mundua hartzen duen zerbaitera zuzendua. Horregatik, irritsak ezin du, desioen moduan, egozentrikoa izan. Guztiz erreza gertatzen zaigu zeintzuk izan daitezkeen besteen desioak imajinatzea baina guztiz absurdoa litzateke beraien barne barneko irritsekin identifikatzea. Lagunentzat zoriona, dirua eta osasuna desio dezaket, baina lagun horiek asko maite izan arren, ezin izango dut ukan beren irritsa edo beren nostalgia.

Desio batek nahiz egoera batek sor dezakete irritsa baina berez definitzen duen munduak, lausakorki urrunean dagoena, ezin izango du inoiz inguratzen gaituen munduarekin bat etorri. Giza irritsaren funtsa esentzialki zerbait aseezina da eta horrexek ematen dio malenkonia sendagaitzaren kutsua eta izakera. Herriminaren analisian Kunz-ek funtsezko bi berezitasun nabarmentzen ditu: bat, lotura bizikor, afektibo, inpulsibotik sortzen dela; bi, izatearen bizikizun primigenio batetara zuzendurik dagoela, era sinbolikoan bakarrik uler daitekeena eta, bere zentzurik zabalenean, amaren arketipoarekin. Baina kontzeptu hau bere kutsadura sikoanalistikoetatik garbitu beharrean aurkitzen gara.

Lurra, paisaia amatiarra, sorterria, benetan amaren magalaren irudikapen sinbolikoak dira eta era horretan aurki dezakete zentzuzko argibide bat subkonszienteren dinamikan. Baina orain, gure migralarien arteko bertsolaritza aztertzerakoan, antropologiaren alorrean mugitzen ari gara. Hori hobeto argitzeko, agian interesgarria gertatuko litzaiguke neurologiaren zenbait datu azaltzea.

Jaio berria den haurrak sinbiosia egiten du oraindik oso geruza sotilez osaturiko bere burmuina eta amarenaren artean, garatua dagoeneko eta gauzen mundura egokituta. Horrela, bere lehenengo urteetan, jaio aurreko bere amarekiko sinbiosi biologiko zorrotzenean jarraitzen du. Baina poliki poliki bere burmuinaren azalaren zatirik gazteena, neipalliuma, lanean hasten da. Eta hori egiterakoan, aurrena sinbiosia utzi beharko du, gero haurtzaroko mundu magikoa (non ez dagoen nia eta inguruko munduaren arteko ezberdintasunik, gauza bera izanik nire subjetibitatea eta inguratzen nauen mundua), eta era berean funtsean babesik gabe gelditzen da. Horrela, gizon izatearen definiziorantz abiatzen da: haurtzaroko mundu magikoaren babesetik bere pentsamenduak, adimenak emango dionarenera pasatzea. Baina pentsatzeak berak instantearen, unearen iheskortasun esentzialaren ezagutza dakar, edozein ekintza diskurtsiboarekin loturik dagoen "herio potentziala"-rena. Mundua menperatzeko ditugun posibilitateak, ikasbide izugarri baten bitartez egiten dira, hau da, denboraren iraganaren eta heriotzaren errealitatearen aurreko balio ezaz. Horrela ikasten du gizonak (konszienteki ez egin arren) berez "heimatlos" dela munduan, eta erroko bakardadea dagokiola bere izakerari. Horrela egituratzen da pertsonaren geruza bizikorrean filosofia modernoaren kontzeptu giltzarria dena eta Pascalek nolabait aurrikusi zuena: ezerezaren traszendentziarena, giza espirituaren osagarri nagusi gisa. Gizona ez da "Le Néant", ezereza ikusteko gauza baina bere menpean dago. "Il est ennemi eta non pas sensible; nous ne le sentons plus, nous le souffrons". Kunz-entzat sentimendu hutsean agertzen da herio posiblea, gizonaren edozein ekitaldian datzan herio potentziala. Horrela, kontzientziaren ekintza bakoitzean agertzerakoan,giza bizitzaren mugazia ez da agertzen amaian gerta daitekeen zerbait gisa, ezta sentimendu eta zirrara erlijioso gisa ere, baizik bizitzan zehar etengabe sortzen den zerbait bezala. Zentzu honetan ulertu behar da Heideggeren baieztapen hau: "espiritua berez mugazia da".

Horrela, giza bizitza ororen urruntasunean, hau da, haurtzaroan, gelditzen da paradisu baten oroimena. Paradisu horretan ez zegoen ez sujetorik, ez objetorik eta gu geu gauza bat eta bera ginen, batasun bat; ez zegoen gizon egiten gaituen espiriturik, ezta espirituan inplizitoki dagoen herio potentziala. Arrazoiaren bitartez jasotako ziurtasun berria ere ez zen beharrezkoa, amarekiko sinbiosiaren ziurtasun bilogikoari uko eginez. Herrimina, morriña, herio txikia, heriotzarik gabeko paradisu horren nostalgia da, bere irritsa. Irrits betegaitza, baina bere bitartez askatzen da gizona bere izakeraren egituraren azken hondoan, herio potentzialaren halabeharrezko presentziatik.

Paradisu galdu honen nostalgia ez da ez konszientea ez inkoszientea, ez da bizikizun zirrarakorra bakarrik; hau transzendituz, giza existentziaren erdigunean datza, giza izakerari konstitutiboki atxekituta.

Horren gainera, eta hau litzateke bere bigarren berezitasuna, ez da nostalgia soila, sinbiosi amatiarraren barneko izakeraren egoera primarioa; aldiz, funtsean, ziurtasun primigenio baten irritsa da, bizikizuna. Gizona, migralaria, herrimiñez hiltzen da, gizona dela dakielako, ziurtasun horretatik desherriratua. Beraz, herrimina munduan bota izatearen adierazpen logiko-afektiboa da, azken batez babesten gaituen babeseza esentziala. Horregatik, bakardadea bera, geurekiko bakardadea, urrutiko ama horren ekibalentea da, gure bizitzaren horizonte urrunean, nostalgian, herriminean babesten gaituena. Herrimina, beraz, errealitate existentziala da.

Bere esentziari dagokio herri bakoitzak berea ezberdina dadin nahi izatea. Bereizten saiatzen gara "saudade", "heimoch","añor" eta "herrimiña". Eta hori, guztiz bidezkoa da, ezberdina baita arima kolektibo bakoitzak, bizikizun ahantzezinean, izatearen batasuna esperimentatzea eman zaion bizitzaren amaren atarira hurbiltzeko modua.

Eta horixe izango litzateke herriminaren hirugarren bereizgarria. Bere espirituaren ekintza bakoitzean gizonak ez du herio potentzialaren agerpen ezabatzailea bakarrik bizitzen, baizik baita bere osotasun ezaren sentimendua ere. Behin izan zuen osoa izateko une bat, non batasun argitsua osatzen zuen, non bere beratasunean, bere izatearen erdigunean ez zeukan egolatrikoa, absorbentea, narzisista izan beharrik. Bizitza guztian arituko da amets horren atzetik. Bere beretasunetik irten eta besteen bitartez, lagun urkoaren bitartez, Jung-ek gizonaren posibilitate guztien integrapen armoniko deitzen duen batasun berri batetara iritsi nahi izatea.

Herriminean hiru osagarri hauek, amarenganako joera, ziurtasun primigenioaren irritsa eta gure azken batasunaren nostalgia koherentzia sakonenean emanak daude. Horregatik nostalgia, amaigabeko aseezintasunez betea, hedatu egiten da bere erdigunetik halako deribaziotan: zorionaren irritsa, heriotzarena ala urruntasunarena.

Aberriaren ausentziak sortarazten du herrimina. Ausentzia honek oihartzuten du gizonaren sakonenean amarekiko bereizketa eta distantzia, gizonak jasaten duen babesezaren lehenengo zehaztapen gisa, munduan aberririk gabea izatetik datorkiona.

Honela gaindituta gelditzen da herrimina, Ama-haurra arteko loturaren proiekzio hutsa gisa ulertu nahi zutenen adierazpen sikologikoa. Herrimina, giza existentzia osoaren mugimendua da, babeseza kosmikoaren bizikizunari irekitzen zaiona.

Ezerezaren rebelazio zirrarakorraren gainetik, munduaren kreakuntza zirrarakorra dago, existitzen denaren osotasunean ulerturiko izate-asmo gisa. Beraz, ez da harritzekoa askorentzat irritsa larriminaren, angustiaren kontrapartida izatea. Horrela kontura gaitezke zenbateraino zuen arrazoia Schellingek nostalgia "giza izakeraren alde ilunena eta, horrexegatik, sakonena" gisa jotzen zuenean.

Gure migralariengan forma asko hartzen ditu.

a) Itzuleraren zirrara gisa har daiteke, Ramon Artolak dioenaren arabera:

"Ez nabill ametsetan,
ez, dira egiyak,
o! zein ederrak dauden
gure alderdiyak;
gaur ikustez pozturik,
malkotan begiyak
jartzen zaizkit errio
bi egiñik biyak". (2)


Juan Mari Lujanbiok, berriz, hala zioen:

"... pazientzia zaute
ni ara juan arte". (3)




b) Nostalgia izugarria.

"Beti bizitu naiz lur
nerearen miñez,
onera nai ta onuntz
jiratu eziñez;
urik egon ezpalitz,
esaten det ziñez,
lenaztandik nintzala
etorriko oñez" (4)


Jose Ramón Zubillagak berak hunkipenez deskribatzen du arkadia zaharraren deia, lotura primigenioa.

" Agur egiteko aldian, Joan Kruzi nik agindu nion, Bedayoko Abatxe zarreko baratzetik ekarri zeizkatela bi edo iru arri kozkor nik emen gordetzeko. Nere lagunari beste gauz-ekarketarik ez nion agindu". (5)

Josetxo Yanzik bere modura sentimendu bera adierazten zuen:

"... sari ona ematen digute
gure lan egiñan ordez,
egiya da orko oroipena
ez dala anztutzen errez". (6)


c) Elkartzeko desioa, herriminaren seinale izango da. Oraingoan Dabid Aranbururena da bertsoa.

"... eta ik diok alkartutzeko
yagoela deseiuaz...
izan litekek ni egotia
i bañan aundiaguaz..." (7)


d) Beste batzutan etxeratzearen zorionaren forma hartzen du. Mañex Etchamendyren hitzetan:

"Bainan zer zori-ona den
berriz herrirat heltzia!.
Harek aberastu deraut
handizki bihotz guzia:
Hemen nahi dut iragan
prestuki ene bizia". (8)


e) Baina beharbada J.J Arrietarena jo genezake arkadiak sortzen duen herriminaren azken definiziotzat.

"Zertara juan iñora
Euskalerritikan?.
Abek dira Amerikak,
non da oberikan?". (9)


Halere, herrimina arkadian haina familia inguruan definitzen denez, arreta berezia eman nahi izan diogu prozesuan familiak hartzen duen rolari. Hiru arlotan banatu dugu:



E.1. Familiaren rola, Ameriketara joateko momentuan.
E.2. Urrunera eta arkadiako familia.
E.3. Ameriketan osaturiko familia eta migralaria.





E.1. Familiaren rola Ameriketara joateko momentuan

Eletzar eta haur historio gehienen giltzarria den "altxorraren bila" abiatzea , Doradoren bila joatea!. Eta gure hondorik hondoenean dauden indar sortzaileen aurkikuntzaren sinboloa besterik ez bada?. Burrukarik gabe ulergaitza den indar kreatzailea, hastapeneko fasean "amaren aurkako borroka" lez uler daitekeena, norberaren subkonszienteak gugan duen lilurapenetik lortu beharreko askatasuna. Bigarren fasean heroiak garaiko konbentzionalkeria intelektualak garaitu behar ditu, adimenaren errutina eta esklerosiaren aurka. Katiguaren askapena da azken saria, norberaren arimaren aurkikuntza, norberaren ezkutuko altxorrarena.

Eta gure bertsolariei bezala, antzeko zerbait gertatu zitzaien Hölderlingi, Kleisti, Nietzscheri, Kierkegaardi eta beste askori. Subkonszienteko dragoitik libratzea ez da batere erraza, beste gizon-emakumeen laguntzagatik ere. Ez da batere harritzekoa, guziongan borrokak horbainak uztea.

Hasiera hasieratik garbi dago joatea erabaki pertsonala dela eta ,sarri, familia joatearen aurka azaltzen dela. Hala dio behintzat Ramon Artolak:

"Nairikan eragotzi
arako pausoak,
zenbait lan egiñ zuten
nere gurasoak,
bañan nik entzun gabez
beren itz gozoak,
nere penaz ziran ill
izandu gaizoak". (10)


Beste batzutan, Paulo Yanzik dioen bezala, aita-amarengandik ihes egin nahia azalduko da joatearen motibo.

"Aita eta amaren ondotikan
gazterik gera mugitzen,
aien onduan ez egon naizik
laster gerade asitzen..." (11)


Horrek ordea ez ditu joate orduko sentimenduak baztertzen ezta ere mina gozatzen. Ordu larria dela garbi baino garbiago gelditzen da testu anitzetan. Pello Errotak maixuki deskribatzen du momentua.

"Atera nintzanian
goiko atetikan
Mikela ori asi zan
negar gogotikan,
ama suspiriyoka
leyo zulotikan,
Maria ta Dolores
koraje orratikan,
eskumuñak danairi
nere partetikan". (12)


Lardaxketan Zubillagak batez ere bere aitaren negarrak gogorarazten dizkigu.

" Alaxe ostatu artan, Azaroaren bigarrenean, nere aitarekin bazkaldu nuen azkenengo aldiz, ta bazkaldu ta berealaxe nere aitak artu zuen Gurdill-aundira itzultzeko bidea. Bide artan nik lagundu nion pixka bat baña bera negarrez gogor asi zalarik, nik ezin nion jarraitu. Urrutiratu zalarik, nik sentitzen nuen, amaika seme-alaba azitako aitaren negar-oiuak" (13)

Ildo beretik jotzen du geroxeago idazle berak.

" Aita-amak maite izan arren aien ondoan lanak eginda bizi ezin zuten aiek, utzi bearra izan zuten beren biotza arri-biurtzen. Alako naigabeak, amaika seme euskaldunek jaso eta iraun-bearra euki zuten, batez ere Gipuzkoatarrak, nundikan irten ziran ugari arrotzen abenderrira". (14)

Kaskazurik ere halako zerbait dio:

"Aiek an ala eta guraso
onak negarrez etxian,
Abe Maria erreza dezagun
oietaz akordatzian"
(15)


Mendaro Txirristakak:

"Ama negarrez, aita errietan,
erotua nitzan galdera,
ta nik erantzun arrokeriyan:
"Nua Kubako gerrara". (16)


Halere bertsolariengan ez dugu diminutibo asko ikusi. Aita, ama, anaia... baina ez amatxo, aitatxo... diminutiboak gehiegi erabiltzen dituen hizkerak, beraz itxuragabeko joera amatiarra duen hizkerak, babesgarriak, ahantzita zeukan errealitate batetara irekitzen du gizona: bere bizitzaren erdigunean dirauen haurtzarora, nostalgia eta ezkutuko errealitate gisa ulertuta. Gizon helduak, forma latente batetan, haurtzaroko mundura irekita jarraitzen du eta, neurri batetan behintzat, bere nostalgia eta xamurtasuna iraupen horren seinale dira, bere bizitzari oinarrizko egiturak emanez babeseza eta heriotza ahantzita zeudenean.

Xamurtasunak bi alderdi ditu; alde batetik gure mugazien baieztapen irritsa da, gure gutasunarena; bestetik -besteengandik nahiz besteengana- mugaziak gainditzeko irritsa. Beraz, ezin ukatu rol guztiz garrantzitsua duela zirrarakor dinamiko gisa izatearen mugetan.

Baina ezin dugu ahantzi, bestalde, xamurtasunak ere sentiberakeriaranzko dejenerazioa jasan dezakeela, gizona haurtzaro egoera bati, alferrikako fantasiatze bati, lotuz. Hauexek lirateke bere arriskurik nabarmenenak: masokismo inkonsziente baten arriskua, sofrimenduarekiko adostasuna eta gogaldia, pasibotasun arriskua, borrokarako beldurra edo, behin burrukarako erabakia hartu eta gero, arrakasta bete eta absolutuaren beldurra. Azkenik, esan dezagun, xamurtasunak berak bultza dezakeela, kantu korala eta bilerak medio, bere energeiak herrimin alferrikako eta malenkoniatsuan ahitzera.

Xamurtasuna, beraz, giza existentziaren mugetan dautzan fenomeno izugarri eta miserableen iturri izan daiteke. Rilkek zioen bezala:

"Zertarako balioko zukeen xamurtasunak,
xamur eta adierazgaitz,
gugan beldurra sortarazteko
gauza ez balitz?".


Zubillagak erabiltzen du hizkera xamur hori amari agur egiterakoan.

" Soro-barren artantxe, amatxo ta ni aizkatu giñan azkenengo aldiz ludi ontan, geron begiakin bata bestea ez ikusteko geiago. Nere buruan, atsalde artan ez nuen uste agur-aldi ura azkenengoa izango zala. Ni ez nintzan bada alako ustean irten Ameriketara, geiago ez itzultzeko" (17)





E.2. Urrunera eta arkadiako familia

Isileko penek markatzen dute behin urrutira joan eta gero atzean utzitako familiarekiko oroitzapena. Hauek dira Zubillagaren hitzak:

"Aldi guzietan neronek eramandako saminak, iñortxok ere iñoiz ez ditu jakin izan nere senideen artean. Neri bezelaxe, amaika euskalduni, gertatu zitzaizkien, beren sendi edo familiak sekulan ezer jakin gabe". (18)

Gero, aipu mordoa aurkitu dugu migralari joandako ahaide eta lagunekiko jarrera zehazten dutenak: hurbiltasuna, diru maileguak... Adibide bat besterik ez dugu jarriko Lardaxketatik bertatik hartua:

" Aipatutako errian bi urte neramazkilarik anai Lontxok eskatu ziran bidali nezaiola neronek neukan diru guzia, beretzat beiak erosteko, bere gain asi zala ta; berealaxe 2.200 pexo bidali nizkion" (19) Antzeko aipuak aurki ditzakegu honako orrialde hauetan: 171,194,235,237, 238...

Baina garbi dago hara joan zirenekiko loturak irmo jarraitzen zuela gelditu zirenen artean ere. Jakinminaren traza har dezake batzutan, batez ere ezbeharren bat tartean dagoenean. Txirritarenak dira hitzak.

"Kaliforniyan zer pasatu dan
nai al dezute aditu?.
Oraindik nere memoriyak ez du
orrenbeste talentu;
su ta autsa nasiko elementuak
gizona pranko il ditu,
zazpi leguan kuadruan ez da
inor bizirik gelditu". (20)


Askotan etxekoen deia somatzen da indarrez. Aita, ama... Fantasiak babeserako eta heldutasunerako bitarteko gisa funtzionatzen du, hirugarren umontzi gisa. Gure garapen prozesuan serie babestzaile batetik pasatzen baikara. Lehenengo umontzi babestailetik, umontzi biologikotik, umontzi sozialera jotzen dugu, amaren perimunduak osatzen duena. Horri, bigarren umontzi horri eskerrak, jaio berria den abortiboak, babespen afektiboan burutu dezake bere eboluzioa, baina orain gauzekiko, inguruko munduaren errealitate etsikorrekiko piskanakako konkaktuan. Handik aurrera, hirugarren babestaileak luzaroan laguntzen digu bizitzan zehar bigarren ama gisa: fantasiaren mundu gisa, sarri oroitzapenen mundutik bereiztezina.

Kunz-ek min nostalgikoaren izakera amatiarra azpimarratu du, urruntasun orok gizonarentzat duen zigilu amatiarraren fenomeno berezi bezala. Baina beharbada, errealitatearekiko kontaktoan, esperientzia progresibo eta geldoen bitartez giza izpirituak, amaren babesaren ordez, sendotu ahal izateko erabili behar dituen bitartekoen adierazpen besterik ez litzateke izango.

Ikertzeko da noraino izan daitekeen bertsolarien amarenganako oroitzapen eta deiadarra, diminutiboetan, gehienetan, "amatxo" gisa, paradisu amatiar horretaranzko itzulera.

Juan Mari Lujanbiok horrela adierazten du etxekoen dei hori.

"... aita-amaren aldamenetik
atera nintzan mundura,
nola ez baitiran aiek etortzen
ni nabillen ingurura,
ostera bueltan juateko nago
utzi nituen lekura". (21)


Baina berriro amaren figuraren inguruan somatzen den emetasun ideiara itzuli nahi genuke. Neumannek dioenez, emetasun sinbolo guztien lehen zeregina (kaliza, seaska, magala, iturria) zibilizazio guztitan eustearena da, babestearena. Oinarrizko funtzio hau bi ardatzen inguruan bereizten eta itxuraldatzen da gizonarengan: ardatz amatiarra dei dezakegun horretan zentzu baikorrean eboluzionatzen da euste eta babeste hori, emankortasunaren sinbolo guztiek berarekin daramatzalarik: erdikuntza, hazkuntza, fruitu ematea... Baina euste eta babeste horrek badu zentzu ezkorrik ere, behin patologikoki garatuz gero balaztatze, erakartze eta atxilotze eran uler daitekeena.

Behin baino gehiagotan ikusi izan dugu, maitasunaren indarrez, beren semeak betirako beren magalean nahi lituzketen ama horiengan. Ez diete semeei gizon bilakatzen uzten ezta independiente izaten ere, nahiz eta helduaroan sartuta egon. Haur "amatu" horiek dira amatasunaren alderdirik ezkorrenetakoa. Barrurago jotzen duenean, atxilotze hori deseginkor gerta daiteke, erahile. Badira amak, beren neurosisaren ondorioz, semea beren instintorik sakonen antzeko bitarteko hartzen dutenak. Halakoek, ez atxilotu bakarrik, luzaroan desegin egiten dute semea, neurotiko bilakatuz.

Mitologia zaharrek indar haundiz markatu zuten errealitate hau eta gauza jakina da lurraren emankortasuna sinbolizatzen duten jainkosekin batera (Isis eta Demeter) sorturiko guztia desegiten duten jainkosak daudela, abernon eta toki ilunetan bizi direnak (Persefone, Gorgo, Hekaté, Kalí ... etabar luze bat).

Baina Magna Mater horren ardatz amatiarraz aparte, Neumannek beste bigarren bat seinalatzen digu, gizonaren subkonszientearen osagarri emea izanik, hats iturri dena, "animaren funtzioa". Beraz, ardatz horren polo baikorrean emakume irudi inspiratzaileak izango genituzke: Musak, Beatriz, Sofia... Aldiz, aurkako poloan daude, gizona liluratuz, xarmari, sortilegio bati lotzen dutenak. Zirze, Lilith, Loreley ... denok buruan ditugun izenak dira.

Eta Homero zaharraren Odisea aintzakotzat hartuko bagenu, Ulisesekin batera, emetasunaren lau pertsonifikazioak aurkituko genituzke, gizonak aurki ditzakeenak eta, beharbada, aurkitu behar dituenak gizontasunaren betetasunera iritsi ahal izateko.

Nausica, neskatxa birjinariaren irudia, gaztearoko ametsa; Zirze eta Kalipso, sortilegioen bitartez, une batez behintzat, lotzen eta atxilotzen duten aztiak; Persefone, hondoetako eta heriotzako jainkosa, bizitzako momentutik latzenetan bere erreinu beltzeraino jeitsieraziko diguna. Eta Penelope, azkenik, irunlaria, ama emankorra, emaztea.

Eta oso gutxitan egiten dute bat emetasunaren lau irudikapen polarizatzaile hauek emakume bakar batengan. Beharbada Bibliako Bethsabe izan daiteke horietako bat, maitale aurrena, emazte gero, ondoren ama eta jakituriarik gorenena azkenik, Salomonek Bibliak eman digun amodio kantarik ederrenean ospatzen duena.

Agian, antzeko arloan jar genezake Merlinen Brozelandiako oihanean azaltzen zaigun Bibiana. Baina adibide honetan bortitzegia izango da emakumearen boterea, Merlin aztiaren xarmalari bihurtzen ahaleginduko diona.

Dudarik gabe amaren figura da gehien nabarmentzen dena migralariengan. Dabid Aranburuk, esate baterako, hau adierazten digu:

"... nik ama beti maitatutzen dut
beste gauza danen gaintik,
urtiak badijuazi baño
maitasuna ez oraindik". (22)


Eta hori, bertsolari izenge batek esaten duen bezala, ama atzean utziriko xamurtasun munduaren ikurrik esanahikorrena delako.

"Bihotzaren erdiko
amatxo maitea,
mingarri da neretzat
zu emen uztea..." (23)




Gainera, beraiek diotenez, etxekoen oroitzapena, bertuterako bulkada gertatzen zaie. Entzun,bestela, Etchamendyri:

"Bai ekentzen dautate
oinetarik hotza,
Hala hala kar batez
sustatzen bihotza.
Gogorat heldu zaizkit
- hau dut hau laguntza-
aitaren urrats zuzen
eta boz beratza.
Oroitzapen horiek
mezuka ni baitan,
nola neure burua
zaindu behar dutan.
Etxeko guziekin
bide xuxenetan,
ohorezki ibiliz
urrats guzietan". (24)


Azken batez, hau ari zaizkigu esaten, hots, etxekoak direla askotan migralarien afektibitatearen destinatzaile. Etchamendyrena da berriro hitza.

"Asko aldiz, ai, ama maiteak
mantenatu bularretan,
atxikirik besoetan,
aitak ere belaunetan,
gero fite haztekotan". (25)


Belaunak, bularrak eta besoak babeste horren seinale eta sinbolo. Belaunak, aintzineko tradizio askok belaunetan ikusten baitute gorputzaren indarraren toki nagusia, gizonaren agintearen, bere botere sozialaren sinboloa. Beharbada hortan oinarrituta deiadarkatzen zuen Plinio Zaharrak belaunen izakera sagaratua. Hortik, dudarik gabe, gelditu zaizkigun espresio ugariak: "Belaunak makurtu", "belaunak makurrarazi", "belauniko", "jainkoen belaunetan"...

Eta bularrak, babes eta neurri sinbolo. Werner Wolfek dioenez, hebertarren artean "bath" hitzak bi esanahi ditu: neskatxa eta edarientzako neurria.

Bularra hastapen emearekin lotuta dago, hau da, neurriarekin, mugazia zentzuarekin; mugazia horrengatik da neurri. Eta mugazia, hastapen harrak markatzen duen mugaezari egiten zaion oposizioagatik. Eskuineko bularrak eguzkia sinbolizatzen du; ezkerrekoak ilargia. Bularra, batez ere, amatasun sinboloa da, xamurtasunarena, ziurtasunarena, babesarena. Emankortasunarekin eta esnearekin lotuta, intimitate, eskaintza, emaitza eta aterpe zentzuz beterik dago. Inbertituriko kopa, zeruari bezala, berari ere bizitza dario. Baina horretaz gain, magala da, eta birjeneratzearen agintzari.

Bestalde, ez dezagun ahantzi, bularrak eranztea, probokazio sexual gisa ulertu izan dela, emakumearen sentsualtasun edo fabore fisikoaren sinbolo.

Eta besoak, azkenik. Indarraren, boterearen, hitzarmendutako laguntzaren eta babesaren sinbolo. Horrekin batera, justizigailu. Iheroglifiko egipziarretan, besoa ekimenaren sinbolo orokorra zen. Hinduen Brahmak berak lau aurpegi eta lau beso izango ditu bere ekimen oropresent eta ahalguztiduna markatzeko.

Badu banatze zentzua ere eta, kristau liturgiaren historian altxatutako besoak Jainkoari eskatzen zaion graziaren sinbolo izango dira eta Jainko beragandik datozkigun dohaiei diegun bihotz zabalarena.

Hori guztia kontutan hartuta, ez da batere harritzekoa nonahi agertzea herrimin hori, gainezka agertzea, eta etxekoen amoriyoa itzulerako motibo gisa hartzea.

Hau dio Dabid Aranburuk:

"Zuengandik aparte gertatzen naiz aurten, bañan oitura zarrak nik ez ditut uzten; nai nuke egotia nonbaitik ikusten nere biyotzak nola maitatzen zituzten". (26)


Edo Pedro Mari Imazek:

"Zer diozu aspaldian
Joxe Gregorio?
Bixentek zuen berri
aitari eman dio.
Ezin bialdu dizuet
nai aña amorio
alkar maite izatea
ezta misterio.


.
Agintzeak bakarrik
eztu emen balio.
Pedro Marik len bezela
jarraitzeko dio
Agur, nere alaba,
eztakit noiz arte...
Etzaitut nik aztuko
bizi naizen arte.


Nire emaztea ta aurrak
beti ditut maite.
Etzait biotza pozten
zu ikusi arte. (27)


Bibliako sinboloa erabiliz adierazten du Salbador Etxartek aipatu duguna.

"... zuen amoriyuak
itzulazko naute,
ezpada ala gertatzen
Josefata arte!". (28)






E.3. Ameriketan osaturiko familia eta migralaria

Ez dakigu noraino izan daitekeen esanahikorra Paulo Yanziren bizitzatik jaso dugun testu hau, baina, nolabait, famili berria osatzeko momentuan gertatzen zenaren adibide izan daitekeelakoan gaude. Honela dio.

"... Berendua akautu zutenian, yoan zen eta neskatxa orren amari erran zion:

- Nik neska au nai nuke nere andretako

Ta andre arek kontesta:

- Etorri nai duzunian ta solas egiñen dugu.

... Etorri zen etxera ta erran zion neskatxa aren amari:

- Ez naiz etorri ainbertze egunez, gizon batek erran ditalakoz zure alaba dela señorita Frantzian Kolejiuan kostunbratua, eta lanian eiteko balio eztuna. Ta nik biar dut andria lanian dakiena, bazkariak eta gauzak ongi egiten dakiena.

Orduan erran zion andre arek:

- Eldu den igandian atoz goizian gure etxera eta egonen gera gu biok solasian, eta bitartian nire alabak eginen du bazkaria eta afaria, zuk ikusteko nola dakien lanian.

Igandian dama arek egin zun bazkaria ta elkarrekin bazkaldu zuten andre arek gonbidatuta, eta nire aitak ikusi zun bazkaria nolakua zen. Ordun, bazkaldu onduan, erran zion andre ari:

- Niri zure alaba gustatzen zait eta berarekin espostu biar dut.

Ta andre arek erran zion:

- Nere alabarekin esposteko, ekarri biar duzu bortz milla duroren dotia.
- Nik ekarriko dut dote ori.
- Ta zerekin bizi biar duzute?.
- Beinpik ez naiz minetara berriz yoanen!. Saiatuko naiz bertze zerbaitera!.

Ekarri zun dotia, yarri zun bankuan, ta espostu ziren".
(29)

Familiak, migralarien ustetan, beste edozeren gainetik, eredu emale izan behar du. Hala dio Pello Errotak

"Oi t'amairu urte ontan
konfesatu gabiak
Pellok ikusi ditu
atso ta aguriak,
zer ikasiko dute
ayen landariak?.
erremedi ditzala
guztiyon jabiak". (30)


Hori bera dio Paulo Yanzik:

"... neska eroskuak,
odol berokuak,
orai orlakuak
gero nolakuak?.
Zer ikasi bear dute o-
ien ondokuak?". (31)


Gurasoen rol ezitaile hau izugarrizko indarrez agertzen da. Itxuragabe aniz genitzake aipuak. J.M. Beraren eskutik etorri zaizkigu bertso gehienak:

"Gaztetasuna enkargatzen dut
nere partetik geiena,
aman ondotik artu dezala
zeruko bide zuzena:
maiz konfesatu damuarekiñ
egiñ komuniyo ona" (32)


Nabaria da San Paulok bere epistoletan esaten digunaren oihartzuna: “Nire haragia behar ezbezela jaten duenak eta nire odola edaten... bere gaitzespena jaten ari da eta edaten...”

Eta arrazoia Berak ematen digu segidan:

"Gaztetasuna ez bada zaintzen
arbol txiki bat bezela,
pekatuara eroriko da
jakiñ gabetandik nola..." (33)


Hontan ere ez zaigu Etchamendyren oharrik falta.

"Gur'haurrean hek bazakiten
bai guri ongi altxatzen,
etsenplu onen emaiten;
gutaz ziren urrikaltzen.
Eskerrak ditut bihurtzen". (34)


Orduko pentsakeraren adibide gisa J.J Arrietak emakumearen tokia etxea dela esango digu eta bere esku gelditzen dela heziketa lan garrantzitsua.

"Gurasoak gauza bat
aritu biar du:
ez dezala kanpora
alabik bialdu;
asko juan dira baño
txit gutxi azaldu,
lana egin dezala
etxian al badu". (35)


Oharrak:

1 KANT: Lan Orokorrak, IV. alea, orr 82.
2 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 106. orr.
3 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 101. orr.
4 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 106. orr.
5 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 239. orr.
6 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 134. orr.
7 ZABALA, A.: Op. cit. (1968), 279. orr.
8 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 47. orr.
9 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 52. orr.
10 ARTOLA, R.: Op. cit. (1961), 105. orr.
11 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 130. orr.
12 ZAVALA, A.: Op. cit. (1963).
13 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 105. orr.
14 Ibidem
15 ZAVALA, A.: Op. cit. (1973), 89. orr.
16 ZAVALA, A.: Op. cit. (1974), 31. orr.
17 ZUBILLAGA, J.R.: Op. cit. (1964), 93. orr.
18 Ibidem, 105. orr.
19 Ibidem, 104. orr.
20 ZAVALA, A.: Txirritaren bertsoak I. Donostian, 1971, 125. orr.
21 LUJANBIO, J.M.: Op. cit. (1968), 75. orr.
22 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 281. orr.
23 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 56. orr.
24 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 72. orr.
25 Ibidem, 31. orr.
26 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 287. orr.
27 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 77-78. orr.
28 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 263. orr.
29 Ibidem, 24-25. orr.
30 ZAVALA, A.: Op. cit. (1963), 127. orr.
31 ZAVALA, A.: Op. cit. (1968), 161. orr.
32 ZAVALA, A.: Bidasoa aldeko bost bertsolari. Auspoa, 97. Zb., Donostian, 1970, 84. orr
33 Ibidem, 85. orr.
34 LAFITTE, P.: Op. cit. (1972), 32. orr.
35 ZAVALA, A.: Op. cit. (1984), 50. orr.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org