1. 02. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Garitaonandia Bitor »  Aitona eta biloba »  1. 02. Agerraldia

BIGARREN AGERRALDIA



Pantxike eta Arantzazu: gero Sabin.
Pantxike. (Atean.) Aurrera, aurrera.

Arantzazu. Hara hemen soinekoa.

Pantxike. Zerorrek dakarzu?

Arantzazu. Ez nuen zeinekin bidali, eta neronek ekarri behar.

Pantxike. Oraintxe nintzan esaten, zer gertatu ote zaizun!

Arantzazu. Badakizu Pantxike, ez zaidala gustatzen bakarrik etortzerik, behar-beharrezkoa izan ezik; eta orain ere hori gertatu zait. Banekien zu estu aurkituko zinala, eta artetsu jartzearren etorri naiz.

Pantxike. Eskertzen dizut.

Arantzazu. Mantala ere bidaliko dizut arratsalderako.

Pantxike. Ongi da. Ordu bitarako e?

Arantzazu. Bai. bai; eta banoa, Kristobal jaunak ikusi baino lehen.

Pantxike. Ez da etxean.

Arantzazu. Dena dela, banoa. (Abiatzen da.)

Sabin. (Barrenean: olarako ate aldetik.) Pantxike!

Pantxike. (Arantzazuri.) Sabin dator: Itxoin puska bat. (Olarako aterantz joanaz.) Zer da, Sabin?

Sabin. (Agertuaz.) Bostetan dela bataioa. (Arantzazu ikusiaz.) Arantzazu hemen!

Arantzazu. Bai; zuk uste gabe, noski.

Sabin. Hala da. Zer diozu?

Arantzazu. Ondo. eta zu?

Sabin. Txit ondo.

Arantzazu. Ba, Pantxikek Tolosara joateko behar zuen janzkia ekartzera etorri naiz.

Sabin. Pantxikek ez du nahi zuk jositako soinekoak baizik.

Pantxike. Niretzat ez da jostun azkarragorik.

Arantzazu. Eskerrik asko.

Pantxike. Nahiago nuke nik orain ere lehenago bezala jostera etxera etorriko balitz.

Sabin. Bai baina..... badakizu ba.....

Pantxike. Eta, zer dela eta egon behar du zure aitak horrela Arantzazuren aurka?

Sabin. Ez al dakizu?

Pantxike. Ez dakit ba nik.....

Arantzazu. Ez da azterketa handi beharrik hori jakiteko! Sabinen aita..... aberats eta handiki zalea da..... eta nik ez dut horrelakorik.

Sabin. Niretzat ez da inor aurkitzen zu bezain aberatsik.

Arantzazu. Eskertzen dizut, Sabin.

Pantxike. Bai: entzun diot nik ere Kristobal jaunari «Arantzazu ez dela Sabini egokitzen zaion mailakoa».

Arantzazu. Ai, Pantxike! Gaur egunean, laster aldatzen dira mailak: gaur gorengo mailan aurkitzen direnak, aurkitu litezke bihar beherengoan.

Pantxike. Bai, Arantzazu: arrazoi handia duzu. Aberastasunean harrokeriaz ezagutu ditugunak, ikusi ditugu txirotasun eta landerrerian erortzen. SABIN. Hori egunero ikusten dugu gizartean. Eta, gainera. Zer dela ta joan behar du nire aitak handiki-ondoren? Zer zen bera ere orain urte gutxi dela? Langile bat.

Arantzazu. Langintzatik nagusitzara zintzotasunez iristea, omengarri da.

Sabin. Horregatik bada, berak ere ez lioke begiratu behar zure izaera eta landertasunari, baizik, zure zaletasun eta zintzotasunari.

Pantxike. Hori da; ekandu garbi eta ontasunari.

Sabin. Zure ontasuna, zure barrengo zintzotasuna aberatsagoa da urre eta zilarraren jabetasuna baino.

Arantzazu. (Apalki.) Ez dakit nola agertu nire bihotzezko eskerpena zure hitz eztitsu eta maitekorrak entzun ondoren.

Sabin. Ba...... bihotzez maitatuaz.

Arantzazu. Nire maitasun guztia zugan dago.

Sabin. Ez dut bada besterik behar.

Pantxike. (Bihotzez.) Bai, gaixoak, bai: zuek biok Jaungoikoak bata bestearentzat eginak zarete.

Sabin. Hala ote da, Pantxike?

Pantxike. Izango ez da ba! Gainera. dirua al da ba zoriona dakarkiguna? Ez al da ontasuna dirua bezain onesgarria?

Sabin. Bai. Pantxike: Leondar Koldobika abak diosku: «Andre on bat ez da andrea, aberaskitza bat baizik: eta emaztetzat hartzen duen gizonak ez du beste beharrik aberatsa izateko».

Pantxike. Ba, horrela izanik ez al diote guztiak begiratu behar ontasunari diruari baino gehiago?

Sabin. Arrazoia!

Pantxike. Jakina da!..... Baina, zoritxarrez zer gertatzen da?: asko dutenak gehiago nahi: aberatsa denak aberatsago nahi.

Arantzazu. Eta ezin inoiz ere iritsi diru-nahitasunaren mugara.

Pantxike. Hori da ba!: hamar baditu hogei nahi, ehun baditu berrehun nahi: eta. beti horrela, goratu nahian, bestearen gorapenari amorruz begira.

Sabin. Hori da hitz egitea, Pantxike. PANTXIKE. Egi hutsa.

Arantzazu. Bai, hala da. (Jaikiaz.) Eta joan egin behar dut.

Pantxike. Ia, hainbat lasterren etortzen zeran nire etxekoandre izateko.

Arantzazu. Jaungoikoak nahi badu!.....

Sabin. Bai, bai; laster izango da.

Pantxike. Limurtuko al dugu aita?

Sabin. Ahaleginduko gera.

Pantxike. Bai nire aldez.

Sabin. (Gogoratuaz.) A!..... Arantzazu.

Arantzazu. Zer da, Sabin?

Sabin. Badakizu ze jai dugun igandean?

Arantzazu. Ez naiz gogoratzen.

Sabin. Ba, mutikoen herri-abesti batzaldia.

Arantzazu. Igandean al da?

Sabin. Bai: goizeko hamaiketan, antzoki nagusian. Eta, oso polita izango da. Ari naiz ni ere abeslari talde bat gertatzen.

Arantzazu. Ba, horiek irabaziko dute saria.

Sabin. Hori, igandean ikusiko da. Gainera, izango dugu euskaraz idatzi eta irakurtzea; eta baita danbolin jotzaileen azterketa ere.

Pantxike. Ni joan al ninteke?

Sabin. Bai, Pantxike: nik eramango dizut sarbidea, patxadan eserita egotekoa.

Pantxike. Bai? joan behar dugu ba.

Arantzazu. Ari eta ari, gure hizketaldia luzatu egin da, eta banoa.

Sabin. Laster arte. Arantzazu.

Arantzazu. Bai, Sabin; gero arte.

Pantxike. Agur..... maitagarri.

Arantzazu. Agur. Pantxike. (Joaten da.)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org