2. 02. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Garitaonandia Bitor »  Aitona eta biloba »  2. 02. Agerraldia

BIGARREN AGERRALDIA



Pantxike: gero Margari eta Isabel.
Pantxike. (Bakarrik.) Hau ez da biziera! Etxe batekoak, sendi batekoak banatuta, bakoitza bere aldetik: eta kanpokoak nahi duten guztia egiten..... Ai, Sabin eta Arantzazu! noiz etorriko ote zarete aitaren ondora!..... (Deia.) Ba! hemen izango dira behar ez direnak!..... (Joaten da atea irekitzera.) Aurrera.

Isabel. Ola neskatxa.

Margari. Egun on.

Pantxike. Baita zuei ere.

Margari. Hemen izango da Imanol?

Pantxike. Ez da etorri.

Margari. Oraindik etorri gabe?

Isabel. Eta Kristobal jauna?

Pantxike. Ezta.

Margari. Zori txarra dugu.

Pantxike. Behar-beharrekoa al duzue?

Isabel. Bai ba: arratsaldean ateratzen gara Sevillara joateko.

Pantxike. Sevillaraino?

Isabel. Bai, enetxoa.

Margari. Hori, urte guztietakoa da: maiatza arte Andaluzian, gero Madrilen; eta udara Biarritz eta Donostian.

Isabel. Kasinoan eta..... zezenetan eta.

Margari. Sabin eta beste batzuk bezala, urte guzian hemen mendi-tartean sartuta. Zorionean ez nintzan ezkondu berarekin!

Isabel. Bai por zierto.

Margari. Me pareze!

Pantxike. Ba..... Sabin eta Arantzazu beren semetxoarekin ondo bizi dira.

Isabel. Bai! Lo que es zuk haien alde egingo duzu.

Pantxike. Eta zergatik egin behar dut kontra, niretzat onak izanez gero?

Isabel. Kristobal jauna da zuk defenditu behar duzuna.

Pantxike. Inork baino gehiago egiten dut bere alde, behar beharrean aurkitzen delako.

Isabel. Bai, gaixoa!

Margari. Eskerrak Imanoli, bestela gaizki behar zuen Kristobalek.

Isabel. Ya lo kreo. Nire seme Imanolek ez zuen Kristobalen administradore izan nahi.

Margari. Naturalmente.

Isabel. Badakizu ba, gu bezalako entzute handiko familia bateko semeari ez zaio egokitzen inoren enplegatua izaterik.

Margari. Por supuesto.

Isabel. Baina. errukitu egin ginen, eta gure esana egitearren etorri zen Kristobal jaunari laguntzera.

Pantxike. Bai, bai, sinisten dut!

Margari. Laster etorriko al da Kristobal?

Pantxike. Ez dut uste.

Margari. Ba, joan egin beharko dugu, presa dugu-eta.

Isabel. (Pantxikeri emanaz.) Hau emango diozu Kristobal jaunari gure partez. Habanatik tabakalerako presidenteak espresamente beretzat ekarritakoa da, nik aginduta.

Pantxike. Ongi dago.

Isabel. Bagoaz bada.

Margari. Gero egingo dugu bueltatxo bat ahal badugu.

Pantxike. Esango diot.

Margari. Adios! (Joaten dira.)

Pantxike. Agur.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org