2. 04. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Garitaonandia Bitor »  Aitona eta biloba »  2. 04. Agerraldia

LAUGARREN AGERRALDIA



Imanol eta Pantxike.
Pantxike. (Kristobal joan eta berehala aterako da.) Nora joan da nagusia?

Imanol. Ai, Pantxike! Nagusiak buruhauste asko du!

Pantxike. Norbaitek emango dio buruhauste hori.

Imanol. Bai ba; eta gaiztagile hori zein den jakin nahi luke.

Pantxike. Eroriko da bateren bat.

Imanol. Azeriaren lorratza hartu al duzu?

Pantxike. Baliteke!

Imanol. Hori behar dugu ba. Lorratza hartuz gero jarraitzea baino besterik ez dugu izango.

Pantxike. Hori da nik egingo dudana: lorratzari jarraitu bilatu arte.

Imanol. Bion artean errazago egingo dugu.

Pantxike. Ez; nik bakarrik egitekoa da.

Imanol. (Benaz.) Ez al duzu ezagutzen nigan zintzotasunik?

Pantxike. Ezagutuko ez dut ba!... ene!...

Imanol. Ez dakit ba!...

Pantxike. Hara: bakarrik egiten badut, sari osoa niretzat izango da.

Imanol. Ze sari?

Pantxike. Ba; nire azterketaren bidez norbait onuratzen bada, nik uste dut saritxoren bat izango dudala.

Imanol. Zuk ez duzu sari beharrik. Inor baino hobeto bizi zara zu.

Pantxike. Bai... ez naiz gaizki bizi: baina, badakizu, hobeto nahi. Izan ditut nik etxe honetan egun hauek baino hobeak!

Imanol. Badakit zer esan nahi duzun.

Pantxike. Zer?

Imanol. (Gaiztoz.) Sabin etxean zenean hobeto aurkitzen zinala.

Pantxike. Bai: egia esateko, bai.

Imanol. Bai ba; Sabin umetatik ezagutu zenuen: bere haurtzain izana zara, eta... haurra beti zure menpean.

Pantxike. Ez; menpean ez! (Gogoz.) Nire laguntza, eta zainpean bai.

Imanol. Orain ere zuk, Kristobalen ogasunak baino Sabinenak gogotsuago zaintzen dituzu.

Pantxike. Sabin gogotsu aldeztu arren, ez dut uste Kristobalek zer esanik izango duenik nire mirabetzaz.

Imanol. Zuk nahi duzuna da, Sabin etxe honetan ikustea.

Pantxike. Bai: horixe bai: egia esan duzu: eta ahal badut lortuko dut.

Imanol. Eta ze gaitz egin dizut nik nire kaltez ibiltzeko?

Pantxike. Ni zure kaltez?

Imanol. Bai: Sabin etxe honetara etortzea, nire kaltez da.

Pantxike. Zergatik?

Imanol. Sabin etorriz gero, nire beharik izango ez delako

Pantxike. (Arrazoia du.) Hori, hori: ez da nire arazoa..... Kristobalek ikusiko du!

Imanol. (Benaz.) Ez duzu ba ikusiko Sabin etxe honetan!

Pantxike. Hori..... horixe bai dela nire arazoa!

Imanol. Ikusiko da!

Pantxike. Bai; egia; ikusiko da! (Deia. Pantxikek irekitzen du atea.)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org