 |
|
 |
 |
HAMARGARREN AGERRALDIA
Kristobal, Pantxike eta Sabintxo.
|
(Sabintxo, lehenbiziko jaunartze egunean ohitzen den janzkiaz.
Sartzen da Pantxike Sabintxorekin batean; isilik: Kristobalek jarraitzen du idazten Sabintxoren etorreraz ohartu gabe.)
Pantxike. Tira, Sabintxo, zatoz, ia egin esan dizudan bezala (Jaungoikoak ukituko al dio bihotzean!)
Sabintxo. (Kristobalgana aurreratuaz.) Aitona! aitona!
Kristobal. (Harrituta.) Zer da hau? Nork ekarri du ume hau hona? (Haserre.) A! zu (Pantxikeri) zu izango zinan..... baina, badakizu ez dudala nahi trebekeririk. Ausarkeri hori zuk! (Zematuaz.)
Sabintxo. (Kristobalen haserrea ikusiaz, atzeratuko da.) Aitona haserre da.
Pantxike. Ez, Sabintxo; zurekin ez: jolasean ari da. Tira, zoaz aitonagana. (Kristobal oldozkor.)
Sabintxo. Ez: amatxorengana.
Kristobal. Ume..... Zeinek esan dizu hona etortzeko?
Sabintxo. (Beldurrez.) Amatxok.
Kristobal. Zertara?
Sabintxo. Aitonari musu ematera.
Pantxike. (Benaz.) Eta ondo esan dio. Ordua da, sendi batekoak eta kristauak zaretela gogoratuaz, bakeak egiteko.
Kristobal. (Bihotz ikaraz.) Hala uste duzu?
Pantxike. Sabintxoren bularrean gaur lehenengoz sartu den Jaun eta Jaungoikoak agintzen dizu.
Sabintxo. Goazen aitatxorengana.
Pantxike. Ez: Eman lehenbizi musu bat aitonari. (Sabintxok begiratzen dio Kristobali, baina, ez da ausartzen musu ematera.) Tira, zoaz, aitonak maite zaitu.
Kristobal. Bai..... bai..... zatoz..... zatoz Sabintxo. (Joaten da Sabintxo geldi-geldi, eta besarkatzen du Kristobalek.) Zatoz, nire biloba..... (Malko jario.) biloba kutuna!..... Zure maitasun beharrean aurkitzen naiz!.... Maite nauzu?
Sabintxo. Asko! (Muxu emanaz.)
Kristobal. Eskerrak, jauna, aingerutxo hau bidali didazulako.
Pantxike. Aitaren ondoren semea.
Kristobal. Aitaren ondoren?
Pantxike. (Irribarrez.) Bai..... Ez dizu bidali aita, baina bai bere bitartez bidali dizu Jaunak behar-beharreko emaitza. Sabintxoren lehenengoz Jaunartze-egunean.
Kristobal. Sei mila pezetagatik esan nahi duzu?
Pantxike. Bai jauna, bai. Egia esateko garaia da. Sei mila pezeta horiek, Sabinek zuretzat bidaliak dira, egiaz eta bihotz-bihotzez maitatzen zaituelako.
Kristobal. Maite nau Sabinek? (Bere semeagatik.)
Sabintxo. Nik aitona maite-maite (Laztanduaz.)
Kristobal. Bai, Sabintxo: nire biloba kutuna!.... Eta non da zure aita?
Sabintxo. Etxean. Etorriko al da aitonagana?
Kristobal. (Sabintxori begira.) Gaixoa!.....
Sabintxo. Bai, e?
Kristobal. (Begiak malkoz beterik.) Bai, laztana bai. Nik zu behar zaitut; eta zu nire ondoan edukitzeko zure aitak ere etorri beharko du!.... (Erabakiz.) Tira Pantxike, zuk zer egiten duzu? Non da nire bilobatxoaren aita? Ireki ezazu ate hori!
Pantxike. Ez da urruti. Berehala etorriko da. (Joaten da lasterka.)
Sabintxo. Aitatxo etorriko da?
Kristobal. Bai, Sabintxo!.... Lehenago etorri behar zuen! Hainbeste urte maitasun gabe!
Sabintxo. (Puska bat aldendu, eta mahai gainean egongo den tresna polit bat ikusiaz.) Ze polita!
Kristobal. Zuretzat, Sabintxo.
Sabintxo. Bai?
Kristobal. Bai: nahi duzun guztia.
Sabintxo. Nahi dudan guztia? Ba.... piano bat.
Kristobal. Pianoa!.... Ba al dakizu abesten?
Sabintxo. Bai. Aitatxok erakutsita (1). Nahi duzu «Txantxangorria» abestea?
Kristobal. Tira ba. (Sabintxok abesten du «Txantxangorria» (Usandizaga): bukatuko du «txorietan argiena txantxangorria» esanaz).
Kristobal. Eta umeetan argiena Sabintxo! (Besarkatuaz.)
(1) Jarraituko da, Sabintxok abesten badaki: bestela utzi eta igaro hamaikagarren agerraldira
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |