Seme ona


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Garitaonandia Bitor »  Ipuin laburrak umetxoentzat »  Seme ona

V

Seme ona



Salerostetxe (1) handi bateko sarigarri (2) aurkitzen zen Andoni. Bere aitak ere etxe artatik ateratzen zuen bizibidea, aurkezle (3) bidaztuaz (4).

Halako egunean aitak nagusiaren aginduz itsasostera joan beharra izan zuen. Itsasontziratu eta laster jakin zen ontzi hura itsaslapur batzuek harrapatu zutela; eta inguru guzietan galdekuntzak egin arren, ez zetorren inondik ere Andoniren aitatzazko izparrik.

Andonik bete zuen berehala sarigarritza, eta nagusiak, bere zintzotasuna ikusiaz, eman zion bere aitak zuen irabazpidea. Arteziz eta zindoro jarraituaz laster aurreztu zuen diru puska bat.

Halakoren batean, jakin zuen Turkian aurkitzen zela bere aita mahomatar baten jopu-morroi, eta erabaki zuen nolabait joputasun artatik askatzea. Horretarako diru askotxo behar zuen, eta lehendik aurreztutakoak gehitzeko saldu zituen janzki eta beste domudun (5) gauzaki guztiak behar-beharrekoak ez baizik. Bidai saria ere aurreztearen sartu zen otseintzat eguterantz (6) zihoan itsasontzi batean; eta heldu zen Turkiara.

Aitaren berri jakin ondoren joan zen menpeko zeukan mahomatar aberatsagana, eta eskatu zion gogoz eta bihotzez bere aitaren askatasuna diru ordainez.

Baina mahomatarrak Andonik zeukan baino askozaz diru gehiago eskatu zuen.

Andoni bihozkatu zen; eta aitaren askatasuna diruz erosi ezin zuenez geroz esan zion mahomatarrari:

— Jauna: Askatu ezazu arren, nire aita, eta bere ordez ni geldituko naiz zure jopu. Berak bezain ondo gomenduko (7) zaitut.

Mahomatarrak agindu zuen deitzeko berehala arrotz jopuari. Elkar ikusteaz batean besarkatu ziren aita-semeak, eta tankera horretan, begiak malkoz beterik, hitz egiteko adorerik gabe, aurkitzen ziren biak.

Jakin zuenean aitak Andoni eskaini zela bere ordez gelditzeko, bihotz-ikaraz eta saminki malkoak isuriaz honela zion:

— Ez seme, ez! Gehiegi duk hori: Nire bizitza laburra izango duk!

— O nire aitatxo maitea! — erantzun zion Andonik— Ez dakigu zeinen bizitza izango den laburragoa: eta gertu nago, ez bakarrik zure joputasuna niregain eroateko, baita nire bizia emateko ere. Tori zu erosteko ustez ekarri ditudan diruak. Horiekin ordaindu dezakezu harantzako bidaldia, eta... Jaungoikoak onetsi zaitzala. Ni hemen geldituko naiz.

Hitz hauek entzuteaz bihotz-ukitu zen mahomatarra eta esan zion Andoniri:

— Gazte: Seme bikain eta zintzoa haiz. Beraz, ordainketa gabe askaturik gelditzen duk hire aita. Gainera, nik ematen diat salerostetxe bat jartzeko behar duan adina diru. Jaungoikoaren aginduari jarraituaz aitaganako maitasun osoa agertu dualako.



Hazten badituk seme-alabak gizabidez
igaroko duk zahartzaroa atseginez.



(1) Salerostetxe = Casa de comercio.
(2) Sarigarri = Meritorio
(euskaraz.net-en oharra: bekadun).
(3) Aurkezle = Representante.
(4) Bidaztu = Viajar.
(5) Domu = valor.
(6) Egutera = Oriente
(7) Gomendu = servir







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org