 |
|
 |
 |
VIII
Arrosak
|
Basetxean bizi zen lugin etxagun batek, landatu zuen bere baratzako lilitegian arrosa-ondozko bat.
Ikusi zuen hurrengo egunean bere alaba Margarik eta esan zion aitari:
— Zer jarri duzu hor? Hain lilitegi polit eta ederrean sartu habetxo (1) zakar hori! Oso gaizki ematen du arantza horrek lorontzi egoki horretan.
— Itxoin, ume, itxoin —erantzun aitak.— Arantza lehorra iruditzen zaizun landare horrek emango ditu garaiz baratze guztia bitxituko duten lore lirain eta guri-guriak.
Margarik burua higituaz erakusten zuen bere sinesgaiztasuna.
Baina ez zuan izan luzaro itxoin beharrik sinesteko. Laster agertu zitzaizkion habetxo arantzadunari motetxoak, eta poliki-poliki ostatuaz jantzi zen margo hori urdin ederrez. Ondoren, sortu zitzaizkion pinpirin (2) txiki eta politak, eta lilipa, akara eta beste lore-belarren hostoak zimeldu eta lehortzen ari zirenean zabaldu ziren arrosa-pinpirinak eta arantza baino besterik ez zeukan landaretxo ura bete zen lore lirain eta ederrez, baratze guztia apaindu eta bitxituaz.
Margari harriturik aurkitzen zen arrosaren zurigorrizko margo diztikorra ikusiaz eta bere usain goxoa sumatuaz. Uneoro joaten zen lore berriaren urrina gozatzera, eta honela zion:
— Hau bai dela lore polita! Ez dut inoiz ikusi politagorik, ezta baratze apaingai ederragorik ere. Nork esango zuen!
— Sinisten duzu orain? —erantzun zion aitak. —Ikusi duzu nola arantzatik etorri litekeen arrosa ederra. Bere epea igaro arte itxoin beharra izan duzu, baina orain pozik aurkitzen zara.
Horrela dira Jaungoikoak bere maitasunez bidaltzen dizkigun nekeak ere. Habetxo arantzadunak udaberri ondoren arrosa ederrak ematen dizkigun bezala, neke eta nahigabeek ere, eroapenez hartuez gero, ekarriko dizkigute atsegin eta zorion ugariak.
(1) Habetxo = Arbusto.
(2) Pinpirin = Capullo.
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |