 |
|
 |
 |
|
XIII
Baserritarra eta deabrua
|
Zegama aldeko basetxe baten bizi zen gizon aipatu bat. Baserritar erne eta azkarra benetan! Asko dira bere egitsariak (1). Hona hemen bat.
Lugintzan arratsalde bateko zereginak bete ondoren abiatu zen etxerantz: baina, bat-batean agertu zitzaion soro-erdian ikatz-biziko metatxo bat, eta metatxoaren gainean, patxadan eserita, txerren (deabru) txiki eta beltz bat. Harritu zen zegamarra. —Zer duk hori! Txerrena txingar gainean! Ikusi behar dugu ba, zer dion. — Eta beldur gabe hurreraturik, honela dio:
— Eup! Bagaude?
– Bai, eta ederki egon ere ogasun gainean eserita — erantzuten dio txerrenak.
— Altxor domutsuren (2) bat izango duk xingar-metatxo hori, noski?
— Domutsua! Baita benetan. Hik inoiz ikusi dituan urre eta zilar guztiak baino ogasun gehiago dik txingar-meta honek.
— Balitekek!... Ba, altxor hori nirea duk, nire soroan aurkitzen delako.
— Hirea izango duk soro honetako lurraren bi urteko etekin erdia ematen badidak.
— Ogasun beharrean aurkitzen al haiz beraz?
— Ez: bazeukaat dirua ugari, baina lur emaitza atsegin zaidak.
Isilalditxo bat izan zuen baserritarrak: eta buruan hatz egin ondoren honela erantzun zion txerrenari:
— Ondo ziok: baina, lur etekina banatu behar dugunean haserrerik izan ez dezagun, oraintxe bertan egingo diagu banaketa: Hiretzat lur gainean aurkitzen dena, eta niretzat lurpekoa.
Ontzat hartu zuen txerrenak baserritarraren erabakia, eta joan zen etekin garai arte agurtuaz.
Baserritarrak, poliki oldoztu ondoren, erein zituan zainoriak (3).
Heldu zen izendatutako garaia, eta agertu zitzaion baserritarrari txerren beltza, eta esan zion:
— Tira, non dira nire urte honetako etekinak?
— Horra hor, soro guztia bete-betea —erantzun zion baserritarrak besoak zabalduaz.
Baino txerrenak ez zuen aurkitu lur gainean orri horixka eta zimelak baizik: eta baserritarrak poz eta atseginez atera zituan lurpetik zainori guri-guriak.
— Zori ona izan duk aurten — esan zion txerrenak baina ez duk izango berriz. Datorren urtean lur gainekoak izango dituk hiretzat, eta lurpekoak niretzat.
— Ondo ziok — erantzun zion baserritarrak.
— Baina, txerrena joan zenean, zainori ordez garia erein zuen. Eta biltzeko garaia heldu zenean ebaki ondo-ondotik eta eraman zituan etxera galburu eta lasto guztiak.
Agertu zen txerrena, bere lur etekina eramateko ustez, baina ez zuen aurkitu zoroan ezertxo ere sustraiak baizik, eta haserretu eta mindurik bota zuen bere burua haitz tontor batetik behera.
Baserritarrak barre eginaz honela zion:
— A ze iruzurra eraman duen! Hori egin behar zaie azeri maltzur horiei.
Ze lasai eta zoriontsu bereganatu zuen txerrenak utzitako altxorra.
(1) Egitsari = Azaina
(2) Domutsu = Valioso
(3) Zainori = Zanahoria
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |