1. 02. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Garitaonandia Bitor »  Ongilearen saria »  1. 02. Agerraldia

Bigarren Agerraldia

Lehengoak, Karmele eta Ixidor.


Karmele.- (Atetik.) Bada baimenik?

Ines.- Aurrera. (Joaten da Joxepa.)

Karmele-Ixidor.- Arratsalde on.

Ines.- Baita zuei ere.

Ixidor.- Zer diozu nire amets gai maiteen horrek? (Laztanki eta maitekor.)

Ines.- Ondo, eta zu?

Ixidor.- Txit ondo.

Ines.- Alaitzen naiz.

Ixidor.- (Karmele aurkeztuz.) Nire izeba...

Ines.- Atsegin zait ezagutzea.

Karmele.- Eskerrik asko. Sarritan hitz egin dugu zutaz, baina, gaur arte ez dut izan zu ikusteko zoririk.

Ines.- Ez da erraz ni etxetik kanpora ikustea; bada aspaldi honetan ez naiz ateratzen elizara baizik.

Ixidor.- Bai: neke asko daramazu aldi honetan, gaixo horrek.

Ines.- Eta... honela garenean, pozik.

Ixidor.- Eta, nola aurkitzen da aita?

Ines.- Eser zaitezte. (Esertzen dira.) Ba, aita gaixoa... gaizki aurkitzen da.

Karmele.- Hain gaizki?

Ines.- Bai anderea. Jaikitzen da, baina geroago eta indar gutxiago du.

Ixidor.- Arrisku handikoa da, izan, bihotzeko mina, baina geldiro-geldiro gogortuko da.

Ines.- Hobe litzateke. Eta zuk; ba al duzu aitaren berri?

Ixidor.- Gaur goizean hartu dut idazki bat.

Ines.- Eta zer dio?

Ixidor.- Atseginez irakurri dituela izebak bidali dizkion zuri buruzko berriak, eta horrela izanik ez dugula eragozpenik izango.

Ines.- Alaitzen naiz: eta (Karmeleri) zuri eskerrak.

Karmele.- Ez duzu eskerrik eman beharrik. Agerian daude zure ontasun eta izaera goragarriak.

Ixidor.- Bere aurpegiari begiratzea baino besterik ez dago.

Ines.- Zuk esateko ez da asko (Irribarrez.)

Ixidor.- Ez da asko, ez: nire mingainak esan ditzakeen onespen guztiak... urri gelditzen dira zure izaeraren aurrean.

Ines.- Lorategiren batetik zatoz, noski.

Ixidor.- Bai, eta lore gabe etorri behar zuri egokitzen zaizun likurta duenik aurkitu ez dudalako.

Ines.- Lotsatu behar nauzu, Ixidor.

Ixidor.- (Karmeleri.) Ez al da egia, izeba?

Karmele.- Bai; hala da: eta zuen elkarrenganako maitasunak asko pozten nau.

Ines.- Eskerrik asko. Eta (Ixidorri) Laster bihurtuko al da aita?

Ixidor.- Nik uste dut hilabete baino lehen etorriko dela. Sei hilabete dira etxetik atera zela, eta orain zortzi egun heldu zen Amerikatik Londresera.

Ines.- Badut ezagutzeko gogoa; baina, beldur naiz nire aita ezagutzeko astirik izango ez ote duen.

Karmele.- Zer bada?

Ines.- Gaizki aurkitzen da, hainbeste egunetan bizi izateko.

Ixidor.- Isilik zaude!

Ines.- Bera ere beldur da: bada, beti ari da esaten, bera hil baino lehen ezkondu behar nukeela, umezurtz eta bakarrik gelditu ez nadin.

Ixidor.- Ba, horretaz ez du zure aitak buru-hautsi beharrik. Zu ez zara inolakoz bakarrik geldituko.

Ines.- Eskerrik asko.

Ixidor.- Esatea ere!

Karmele.- Jakina da, Ines: Gu herri honetan aurkitzen garen artean ez zara laguntza gabe geldituko: eta hemendik aurrera, etxea hartu dugunez gero, hemen izango gara gehienean.

Ines.- Eskertzen dizuet.

Joxepa.- (Atea irekiz.) Sendagile jauna.

Ines.- (Karmele eta Ixidorri.) Asketsi: (jaikitzen da.)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org