1. 04. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Garitaonandia Bitor »  Ongilearen saria »  1. 04. Agerraldia

Laugarren Agerraldia

Ines, Imanol eta Morroia.


Morroia.- (Gelako atetik.) Ines.

Ines.- (Izuturik.) Zer da?

Morroia.- Zuk laguntzea nahi du aitak.

Ines.- (Gelara doala.) Bai, aitatxo, bai: zatoz... (Ines eta Morroia sartzen dira gelara, eta berehala agertzen dira, Imanol bien artean dakartela.)

Imanol.- (Indar gutxi du, eta nekez ibiltzen da.) Hau lana!... Ez dut indarrik!...

Ines.- Orain... ordutxo betean jaikita egonez, atsedenduko zara.

Imanol.- Eser nazazue poliki. (Jartzen dute esertoki egoki batean.) (Morroia ate nagusitik doa, eta gelditzen dira Imanol eta Ines elkarren ondoan eserita.)

Ines.- Ongi aurkitzen zara horrela?

Imanol.- Ez da erraz ni ongi aurkitzea... Nereak egin du!...

Ines.- Ez aitatxo!... Poliki-poliki sendatuko zara.

Imanol.- Sendatu!... ez!...

Ines.- Ba... sendatzeko usterik ez baduzu... ez deritzozu ongi... garaiz gogoratzea...?

Imanol.- Zer, alaba, zer?

Ines.- Ba... garaiz... gauzak behar den bezala... eraz jartzea.

Imanol.- Zer gauza?...

Ines.- Ba... badakizu... badaezpada...

Imanol.- A!... ulertzen dizut!... Ez dut esan beharrik... mundu honetan utziko ditudan gauza guztiak, zureak izango dira.

Ines.- Baina... aitatxo!... badira mundu honetan utziko ez dituzunak ere: zurekin batean eramango dituzunak: eta... hori ere: ondo litzateke eratzea.

Imanol.- Zer... alaba... zer?

Ines.- Aitortu, aitatxo!

Imanol.- A!... Ez, Ines, ez! (Tamal.)

Ines.- (Bihotzez.) Zergatik ez aita?

Imanol.- Ez dut nahi... ez dut nahi... Nahaste handia aurkitzen da nire buruan.

Ines.- Nahaste guztiak, handienak izanda ere, berehala eratzen dira, gogo onez hartuz gero.

Imanol.- Ez... ez dut nahi... zu gaizki uzterik.

Ines.- Ni gaizki utzi?

Imanol.- Bai... gaizki, ezkondu gabe...

Ines.- Baliteke laster ezkontzea ere: bada Ixidor bere aldetik gertu dago.

Imanol.- Ni... hil baino lehen... bestela, ez dakit...

Ines.- Dena dela, ez zait axola ezergatik ere, zure arima zeruratzen badut. Hori da bakar-bakarrik bizitzako eginbidez lortu behar duguna. Beste gertakizun guztiak hutsak dira.

Imanol.- (Laztantasunez.) Alaba gaixoa!... Umezurtz.. bakarrik...

Ines.- Aitatxo!... Mundu honetako biziera, ez da egiazko bizitza: bizitzako bidea baizik. Bide hau, zabala nahiz estua, leuna nahiz latza izan... berdin da: behar duguna da, goiko bizitzara, egiazko bizitzara heldu, eta betiko atsedena iritsi.

Imanol.- Hitz eder eta pozgarriak!. Baina... berandu da...

Ines.- Ez dago berandurik: aldi guztiak dira egokiak.

Imanol.- Alaba!

Ines.- Zer aita?

Imanol.- Jakin ezazu, ez dela nire erruz egoera honetan aurkitzea... Zintzoak izan dira nire egikerak... baina... adiskide gezurti eta... lagun doilor batzuk galdu naute. (Inesek hitz hauek entzutean erakutsiko du bere harrimena, baina Imanol ohartu gabe.)

Ines.- (Izutuz.) (Zer dio!) (Indargetuaz.) Ba... aita; lagun horiek galdu bazaituzte ere: ez zaitzala behinik behin galdu deabruak. Zeruratu ezazu zure arima!

Imanol.- Bai... (Negar-malkotan.) Bai... nire alabatxo maitea.

Ines.- Nik omenduko zaitut, aita!

Imanol.- Bai... bai...

Ines.- Deituko al diot bada apaiz jaunari?

Imanol.- Nahi duzun guztia...

Ines.- Ze poza! Ze atsegina ematen didazun, aita!

Imanol.- Gaixoa!

Ines.- Banoa bada, zure baimenaz... Berehala itzuliko naiz.

Imanol.- Bai: eta, datorrela morroia bitartean.

Ines.- Ongi da... (Abiatuz.) Eskerrak Jaunari!... (Badoa.)

Imanol.- (Bakarrik.) Alaba gaixoa! Ez daki zer datorkion ni hil ondoren!... Orain arte... nahi zuen guztia!... aurrerakoan, ezereza!... (Tamal.) Gaixoa!..

Morroia.- (Atetik.) Bada baimenik?

Imanol.- Bai... aurrera. Hator hona... Gaizki nagok.

Morroia.- Nahi al du ba gelara eramatea?

Imanol.- Bai... hobe izango duk. Alde guztietan berehala nekatzen nauk.

Morroia.- Ba, orain beste alditxo bat gelan igaroko du: gero oheratu; eta horrela, txandaka.

Imanol.- Bai: zerbait asmatu beharko.

Morroia.- Tira ba (laguntzen dio poliki jaikitzen).

Imanol.- Kontuz!... Ez zeukaat ezertarako indarrik.

Morroia.- Heldu ondo niri... (Badoaz.)

Imanol.- Bihotz hau... makal zebilek.

Morroia.- Indartuko da geroago.

Imanol.- ...A!... (Sartzen dira gelara...)






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org