1. 05. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Garitaonandia Bitor »  Ongilearen saria »  1. 05. Agerraldia

Bosgarren Agerraldia

Ines bakarrik; gero Joxepa, Apaiz Jauna eta Morroia.


Ines.- (Sartuaz.) Berehala etorriko da. (Aita ez ikusiz.) Oi! ez dago hemen. Oheratzeko joango zen... Hobe, (Esertzen da oldozkor.)... Ze eragozpen ote du aitak, lehenengotik aitortzera ez jartzeko!... Korapilo gogorren batek lotuta dauka bere bihotza noski!... Ez duela nahi ni gaizki aurkitzerik!... Baina zer dela eta? Bere ondasunez ote da? Ai Jauna!... Dena dela: Nire aitari egin zaizkion gaiztakeriak nik ordaindu beharra badut ere, gertu nago: betoz neke eta minak, nire aitaren zorion alde, eta bere erru eta hutseginen ordaina badira!... (Isilik)... Bai... Zer izango ote da nitaz!... Aita gabe, bakardadean!... (Kemenez.) Eta zer?... Jaunak ez nau utziko... Zeruko Ama nirekin izango da!

Joxepa.- (Sartuaz.) Apaiz jauna etorri da.

Ines.- Datorrela aurrera. (Jaikitzen da.)

Apaiza.- (Joxepak irekitzen dio atea.) Arratsalde on.

Ines.- Ongi etorri.

Apaiza.- Zer dugu, Ines?

Ines.- Badaki... Aita, sendagileak esan didanez, arriskuan aurkitzen da;... eta badaezpada, ondo etorriko zaio gerturik aurkitzea.

Apaiza.- Bai, hala da. Eginbeharrak garaiz bete behar dira eta ez utzi gerorako.

Ines.- Batez ere, nire aita bezala aurkituz gero: bada ustekabeko aldarte gaizto bat etor dakioke.

Apaiza.- Bai, heriotzaren iragarririk ez du inork aurrez izaten. Esan oi den bezala, lapurra leihotik bezala heriotza ere isil-isilik datorkigu; eta usterik gutxien dugunean, ezartzen digu bere erpe zorrotza, eta igitatzen dizkigu... irudiz iraunkor diren bizitzak.

Ines.- Goazen bada, Jauna. (Gelara.)

Apaiza.- Nahi duzuna.

Ines.- (Gelako atea irekiaz.) Hara hemen apaiz jauna, aita. (Sartzen da.)

Imanol.- (Barrendik, isilki.) Aurrera.

Apaiza.- (Sartuaz.) Arratsalde on. (Ateratzen da Morroia.)

Morroia.- (Bakarrik.) Gaizki aurkitzen da nire nagusia: eta nire ustez, ez du luzaroko bizirik... Alaba gaixoa!... Erruki dut!... Bada... geldituko da umezurtz eta nik ez dakit nola antolatuko den... Diru asko izango du, baina, zer egiteko emakume bakarrak?... Gizon leial eta zintzo bat behar luke horrek, bere ondasun eta diruak behar den bezala zuzen arautzeko:... eta horretarako... ez dago zer esanik...

Ines.- (Gelatik atereaz.) Jaungoikoak entzungo al digu.

Morroia.- Bai andrea. Zu bezalako aingeru bati entzungo ez dio bada!

Ines.- Aingeruak zeruan daude.

Morroia.- Baita munduan ere: zu bat.

Ines.- Zer deritzozu aitari? (Eseriaz.)

Morroia.- Makaltxo aurkitzen da: baina poliki eta arduraz zainduz gero, zuk zainduko duzun bezala, sendatu liteke.

Ines.- Uste duzu?

Morroia.- Nire ama berdin-berdin aurkitzen zen. Gertaketa batek izutu zuen, eta izualdi hark bihotza gaizkitu zion: eta zure aita bezala, batean jaikita, bestean eserita, noiz hilko ote zen, beti gaizki, baina, luzaro bizi izan zen.

Ines.- Ez dakit!... Aspaldi honetan gaixoak atsekabe asko igaro ditu... eta bihotz indarra akiarazi diote.

Morroia.- Bai, hala da. Eta nik uste dut, bere adiskide eta lagun onentzat aurkitzen zirenak izan direla beretzat kaltegarrienak.

Ines.- Sarritan gertatzen dena.

Morroia.- Ez luke baina gertatu behar!

Ines.- Ez; hala da. Baina, gaur egunean gizonak ez diote begiratzen zindotasunari, norberaren onura eta irabazkinari baizik.

Morroia.- Bai; zorioneko diru horrek beharketa handiak ematen dizkigu!

Ines.- Ez da dirua bakarrik: Diru nahiak baino gehiago erotzen ditu gizonak handitasun eta gaindasunak. Ez du inork nahi besteen menpeko izaterik, nagusi eta jauntxo baizik; eta izaera horrek ekartzen dizkigu bekaitz, gorroto, borroka eta gaiztakeri guztiak.

Morroia.- Harrokeria eta handikeriaren emaitza eta sorpena!

Apaiza.- (Atea irekiaz, morroiari.) Gazte...

Ines.- (Bizkor jaikiz.) Zerbait al du aitak?

Apaiza.- Ez; doala hau nagusiari lagun egitera.

Ines.- Baina, gaizkiago aurkitzen al da?

Apaiza.- Ez, zu zaude geldi: morroiak lagunduko dio. (Morroia gelara.)

Ines.- Aitortu al da?

Apaiza.- Bai; oso ederki: horretaz pozik egon behar duzu.

Ines.- Bai, jauna; poz-pozik aurkitzen naiz; bada, beldur nitzan ezer egin gabe heriotzak hartuko ote zuen.

Apaiza.- Ba, garaiz eta ondo egin du. Eta orain beste gauzatxo bat esan behar dizut. Ez da atsegingarria baina berak agindu dit hil baino lehen zuri esateko; eta nire eginbeharra bete behar dut.

Ines.- (Harriturik.) Zer da, Jauna?

Apaiza.- Eser zaitez. Esango balizute aitaren arima zugatik zeruratuko dela, baina ordainez txiro eta behartsu igaro beharko dituzula urteak mundu honetan, zer irudituko litzaizuke?

Ines.- A!, jauna!... Badakit zer den!... Sumatu nuen zerbait!... (Negarrez.) Jaungoiko laztana!...

Apaiza.- Bere nahia da, Ines. Jainkoak bidaltzen dizu bere maitasun dematzat.

Ines.- Zergatik baina, jauna? Erruki izan bedi nitaz!

Apaiza.- Ez zaitu ahaztuko Jaunak. Berak lagunduko dizu eramankizun guztietan.

Ines.- Beharko... beharko laguntasuna, honelako nekagarriak igarotzeko.

Apaiza.- Izango duzu: baita, poztasun eta atsegin ugaria ere, neke horiek eramanpenez harturik, aitaren arima zeruratu duzula gogoratuaz. Ez al da horrela? Ez al da zure maitasun oso eta handiena, zure aitaren arima zeruratzea?

Ines.- (Gogo aldatuaz.) Ai, jauna! Nire aitaren arima zeruratzeko, neke eta atsekabeak hartu beharra al dut?

Apaiza.- Bai, Ines: horrela da. Txirotasun eta behartasunean aurkitu beharra duzu. Horrela gertatu da, eta gertakizunak datozen bezala hartu behar dira.

Ines.- Eta... batere gabe... ezertxo gabe gelditu behar al dut?

Apaiza.- Ez luke nahi hori zure aitak eta nik ere uste dut... zerbaitekin gelditu zinatekeela, aitaren eginbeharra ahal denik ondoen beteaz: bada, Jaungoikoak ez du eskatzen neke handi gabe ezin den beharkizunik.

Ines.- Eta... Jakin al nezake ze beharkizun bete beharrean aurkitzen den nire aita?

Apaiza.- Zure aita gaixoak... bete behar du beharkizun gogor bat... eta beharkizun hori da... diru eta ondasunak itzuli beharra.

Ines.- Eta guzti-guztia itzuli behar al du?

Apaiza.- ...Guztia... bai: baina, zu ezer gabe ez gelditzearren...

Ines.- (Kemenez.) A, Jauna! Ez dut nahi niregatik beharkizun hori bete gabe gelditzerik: nahiago dut ezertxo gabe gelditzea, nire aitaren arima, arriskuan jartzea baino!

Apaiza.- Hori da gogo handitasun eta egiazko maitasuna!

Ines.- Hori da nire eginbeharra: eta gerturik nago neke guztiak niregan eramateko. Txirotasun, behartasun eta apaltasun guztiak ez naute ikaratzen. Betoz niregain ordainbide guztiak, nire aitaren arima zeruratzeko badira.

Apaiza.- Ze bihotz eder eta maitekora duzun!

Ines.- Nire aita da, jauna.

Apaiza.- Bai; eta zu bere alaba zintzo, eredu eta hoberik ezina. Jaungoikoak ordainduko dizu!

Ines.- Berari eskerrak emanez, orain arte aukeraz eta ondasun ugariz bizi izan banaiz, aurrerakoan lan eginaz taxutuko naiz nolabait.

Apaiza.- Ederki esana. Eta sinistu ezazu, zure aitaren arima zeruratuz, zerorrena ere zeruratuko duzula.

Ines.- Hala nahi nuke.

Apaiza.- Bai, Ines, hala izango da: eta mundu honetan ere iritsiko duzu zoriontasuna: bada Jaungoikoak ez du utziko ordaindu gabe zure onbide zintzo eta maitasun eder hori. Eta orain, aitari zerbait esatera noa, bere bihotza lasai eta atsedentsu jar dadin. Zu zaude hemen. (Gelara doa).

Ines.- Ongi da, jauna. (Oldozkor.) (Txirrin hotsa.)Nor ote da? (Isilik.) (Joxepa ageri da.) Zer da, Joxepa? JOXEPA Idazki bat zuretzat. (Inesi emanaz).

Ines.- Idazketaria izan al da?

Joxepa.- Ez, eskuz ekarri dute. Apaiz jauna aitarekin al dago?

Ines.- Bai, Joxepa. Laster aterako da honezkero, eta gertu itzazu garagardo eta goxo batzuk.

Joxepa.- Ongi da. (Joaten da.)

Ines.- (Idazkia irakurtzen.) «Ines anderea: Zuen sendagile jaunak esan didanez, aita gaixoaren eritasunak ordu larri eta estuak igaroarazten dizkizu. Atsekabe handia sortzen zait zu horrela aurkitzeaz eta joan naiz berehala, zuen sendagilearen baimenaz, atzo herri honetara etorri zen nire adiskide Arangoiti sendagile ospetsuarengana: eta gertu dago zure aita ikuskatzeko. Joango da zortziak aldean: neronek lagunduko diot. Zuk ez duzu ezertxo ere arduratu beharrik. Zuganako maitasun gartsuak behartzen nau zure alde zerbait egitera, eta zure egoera ilun eta larria arintzeko ustez nire laguntasun osoa zuri eskaintzera. Agindu bada, Ines maitea, uste eta askatasun osoaz, orain eta beti. — Arriagatar Ixidor.» (Hizketan.) Erakusten du honek zindoro bere bihotz xamurra... Eskertzen diot!...






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org