Morroia.- (Ateratzen da gelatik lasterka.)
Ines.- (Harrituta.) Zer da?
Morroia.- (Gelditu gabe.) Sendagileari deitzera noa.
Ines.- (Negarrez.) Ai nire aitatxo!... Hil behar du!... Jaungoiko maitea! (Sartzen da gelara.)
Joxepa.- (Beste atetik, harrituta.) Nora joan ote da morroia lasterka?... Eta hemen inor ez!... (Gelarantz joanez.)... Nagusia gaizkiagotuko zen... (Ate ondoan, entzun nahian.) Gaixoa!... Ines negarrez ari da!... Sartuko ote naiz?... (Zintzarri deia.) Nor ote da? (Joaten da atea irekitzera.)
Karmele.- (Sartuaz.) Zer gertatzen da?
Joxepa.- Ez dakit oraindik ezer. Sukaldean aurkitzen nintzan lanean, eta morroia lasterka ikusi dudanean harrituta gelditu naiz.
Karmele.- Niri ere hori gertatu zait. Kalean bat egin dut morroiarekin, eta galdetu diot berri txarren bat ote den, baina ez du izan erantzuteko astirik.
Morroia.- (Sartuaz.) Bizi al da?
Joxepa.- Ez dakit ba...
Karmele.- Hain gaizki utzi al duzu?
Morroia.- Bai... hil ez bada... (Sartzen da gelara.) (Karmele eta Joxepa zerbait ikusi nahian.)
Ines.- (Barrenean.) Aitatxo maitea!... Agur!...
Joxepa.- (Erdi negarrez.) Gaixoa!
Karmele.- Tamalgarri da... baina, heriotza ona izango du, eta Jaunari eskerrak ematekoa da gertutasun horretan hiltzea.
Sendagilea.- Arratsalde on. (Zuzen gelara.)
Joxepa.- Sendagarri eragile bat emango balio!
Morroia.- (Gelatik atereaz.) Zapi leun bat, Joxepa.
Joxepa.- Nola dago?
Morroia.- Gaixoa... horrenak egin du!
Joxepa.- Hil al da?
Morroia.- Ez, baina, ez da luzaroko. Hots! zoaz bizkor. (Joxepa badoa.)
Karmele.- Gaixoa!
Morroia.- Bai gaixoa, baina gaixoago Ines, bere alaba zintzo eta garbia.
Karmele.- Hala dirudi, bai: behin bakarrik hitz egin dut berarekin, eta bertan oso egokia iruditu zait.
Morroia.- Izango ez da ba!
Karmele.- Tamalgarri da aita hiltzea, eta beraz, umezurtz gelditzea; baina izango du ongi izateko bidea, Jaungoikoak osasuna ematen badio.
Morroia.- (Beretzat bezala.) Gaixoa! Orain arte ugaritasunean... eta aurrerakoan ezer gabe!...
Karmele.- Zer? Ines ondasun gabe?
Morroia.- Ezin dut ulertu... (Joxepa agiri ez delako.) Noraino joan ote da Joxepa hori?
Karmele.- Baina zer diozu? Ez al da ba etxe bat baino gehiagoen jabe?
Morroia.- (Beregain.) Ez nuen ezer esan behar... (Karmeleri.) Ez... nire iritzi bat...
Karmele.- (Beregain.) Zer gertatzen ote da! Ba, nolabait jakin behar dut.
Morroia.- Emakumea!... zertara etorri zara?
Karmele.- Nik... gauzak garbi esatea nahi izaten dut.
Morroia.- Baita nik ere, eta... tira! orain ez da berriketarako garaia!
Karmele.- Ez dira berriketak... Inori ez zaio ziririk sartu behar!
Morroia.- Ziria sartu?
Karmele.- Hau eta bestea dituela eta...
Morroia.- Zoaz hemendik, emakume doilor hori!...
Ines.- (Gelako atetik: atera gabe.) Zaudete isilik, otoi! (Ixten du atea.)
Joxepa.- (Zapia morroiari emanez.) Baina zer duzue?
Morroia.- (Zapia hartu eta gelara doala.) Leihotik botako nuke horrelako emakumea!
Karmele.- Jakingo dut zer egin! (Abiatuz.)
Joxepa.- Zer duzu, emakumea?
Karmele.- Ezer ez... niri ez didatela ziririk sartuko: eta Ixidorri ere ez. Agur. (Badoa.)
Joxepa.- Zoaz, andrea, Zoaz! Hori behar dugu orain... lehendik ez dugu atsekaberik eta!... Baina, zertara etorri da emakume hori?
Ines.- (Barrenen.) Ai nire aitatxo maitea... Agur!
Joxepa.- Zer ote da? (Joaten da gelarantz.)
Ines.- Erruki zaitez, Jauna!... Hil da nire aita!
Joxepa.- (Negarrez.) Hil dela!... Jesus!... (Irekitzen da gelako atea, eta ateratzen da Ines negarrez, eta Apaiza bere ondoren, eta hauek ateratzean sartzen da Joxepa.)
Apaiza.- Ez etsi horregatik. Jar ezazu Jaunarengan zure uste guztia.
Ines.- Gaizkatu ote da nire aita!... Zeruratu ote da bere arima!
Apaiza.- Bai, Ines. Ez izan ezbairik horretaz. Zure opari eta eskaintzaz, zure maitasun eta zintzotasunez inguraturik zeruratu da zure aitaren arima. Goian bego!
Ines.- Bihotz-bihotzez eskaintzen dizkiot Jaunari nire atsekabe, oinaze eta bizitza guztia. (Jarraitzen du negarrez.)
Apaiza.- Berak ordainduko dizu. Zure onbidezko egipen harrigarriak, izango dute saria.
Ixidor.- (Atsekabez agertuz, atetik:) Sar al ninteke?
Apaiza.- Aurrera, Ixidor.
Ines.- (Malkoak lehortzen ari da, eta Ixidor sartzen denean agertuko du aurpegia.)
Ixidor.- (Zinez eta benaz.) Bihotz-bihotzez laguntzen dizut zure atsekabean.
Ines.- (Apur batean Ixidorri begira egonez). Badut lagundu beharra... eta Jaunari eskatu beharko... batez ere zure izebaren izaera ikusita.
Ixidor.- Badakit hemen izan dela... (Tamal.)
Ines.- Bai, eta nire bihotza mindu duela ere bai...!
Ixidor.- Ines: zure bihotza mindu badu, niretzat ere mingarri izan da. Nik ez dut behar beste gauzarik: zu bakar bakarrik. Horregatik natorkizu nire bihotzezko aitorpenaz, zure neke eta minak arintzeko ustez.
Ines.- Eskerrak bihotzez.
Ixidor.- Nire izebaren izaerak, ez du itzaliko nire zureganako maitasuna. Ontzat hartzen didazu bada nire eskaintza?
Ines.- Bai, Ixidor: eta eskerrik asko.
Ixidor.- Zuri ezkerrak.
Lehenengo atalaren azkena.
|