 |
|
 |
 |
BIGARREN ATALA
Agertokian.- Jostun txiro eta behartsuaren lantegi bat. Lan mahai, aulki eta josketarako behar diren beste langaiak. Orman esekita Inesen aitaren antzezki bat. Axote, ingi eta idaztortza. (*)
|
Lehenengo Agerraldia
Joxepa bakarrik, gero Ixidor.
|
Joxepa.- Ines gaixoa! Ludi honetan eginbidez huts gabeko emakumerik bada, Ines da bat. Lehenago bere aita bizi zenean, osasun eta lasaitasunez inguraturik, behartsuei lagunduz, alde guztietan dirua zabaltzen... Bai: amaika nekazari eta behartsuen negar malko lehorrarazi ditu. Orain, bera aurkitzen da behartsu... Zail da, goian ugaritasunez aurkitu direnentzat behera jaitsirik ezerezean eta behartasun apalgarrian ohitzea... Eskerrak bere onbide sendoari. Ona da gaixoa! niretzat hoberik ezina... Ixidorrekin noizbait bat egingo balu!... orduantxe poliki... (Deia,)... Nor ote da? (Irekitzen du atea.) Aurrera, Ixidor jauna.
Ixidor.- (Sartuaz). Egun on.
Joxepa.- Baita zuri ere.
Ixidor.- Ez al da Ines etxean?.
Joxepa.- Ez; baina laster etorriko dela uste dut.
Ixidor.- Ezingo dut itxoin.
Joxepa.- Behar-beharrekoa al duzu?
Ixidor.- Bai, beharrekoa eta... zoritxarrez nahigabetsua.
Joxepa.- Korapiloren bat al dugu orain ere?
Ixidor.- Berririk ez; baina lehengoa askatu ezina. Geroago eta gogorrago aurkitzen da. Eta ez dut aurkitzen nire aita limurtzeko biderik.
Joxepa.- Eta; zergatik aurkitzen da, ba, zure aita jarrera horretan?
Ixidor.- Ba, Ines lehen aberats eta orain ezerezean aurkitzeak susmo txarrak ematen omen dizkio bere aitari buruz eta esan dit, ez dela ezkonduko bere seme bat gorabehera horiek izan dituen gizon baten alabarekin, gertagai horren sustraia agertu gabe.
Joxepa.- (Kemenez.) Eta Inesen erruz izan al da ba? (Errukior.) Gaixoa! beretzat izan da kalterik handiena!
Ixidor.- Bai, hala da.
Joxepa.- Hamaika etsipen hartu behar da mundu honetan!
Ixidor.- Hala eta guztiz ere, ni gertu nago jarraitzeko: eta esango diozu Inesi nik ez dudala utziko, eta... ez estutzeko horregatik. Gaur ez bada, bihar izango da. (Abiatzen da).
Joxepa.- Laster etorriko da honezkero.
Ixidor.- Bai, baina ez nuke nahi nire aitak hemen izan naizela jakiterik, eta banoa lasterka.
Joxepa.- Zoaz ba; eta esango diot.
Ixidor.- Egokitzen bazait, etorriko naiz gero, berarekin hitz egitera.
Joxepa.- Ongi da.
Ixidor.- Agur.
Joxepa.- Zoaz ongi.
(*) euskaraz.net-en oharra
antzezki: argazki, erretratua
axote: tinta
ingi: papera
idaztortza: idazteko luma
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |