 |
|
 |
 |
Laugarren Agerraldia
Lehengoak eta Ines.
|
Ines.- (Sartuz). Oi! Hemen al zen berori?
Apaiza.- Bai; hemen gaude. Zuetaz ere gogoratzen garela erakustearren.
Ines.- Badakit berori ahaztuko ez dela: eta bihotzez eskertzen diot zindotasun onurakor hori.
Apaiza.- Ahal banu... egingo nuke gehiago ere.
Ines.- Nahikoa egiten du, jauna.
Apaiza.- Askoz gehiago eginda zaude ni nire alde aurreko urteetan.
Ines.- Urte haiek...
Joxepa.- Urte haiek joan ziren: oraingoa zuzendu behar dugu.
Ines.- (Joxepari.) Esan al diozu zerbait?
Joxepa.- Bai; esan diot,
Apaiza.- Bai, eta harrituta gelditu naiz. Bada, nire ustez, Ixidorren aita gizon ona da.
Ines.- Bai, noski.
Joxepa.- Ummmm! Seta gogortxoa ere izan behar du! Bada, jakitun egon baino lehen, ez du gizonak gertaerarik azaldu behar.
Apaiza.- Badakit nondik etorriko den aurka egite hori! Ezagutzen duzu hori... zera... (nola da ba)... Garcia Ruigomez de Bengoetxea?
Joxepa.- Josu! Luzea da!
Apaiza.- Euskal abizena agertu artekoa. Hori egiten dute Madril aldeko guztiak. Beren guraso eta aiton guztien abizenak aztertzen ibiltzen dira, euskarazkoa agertu arte. Ba... Garcia, Ruigomez edo Bengoetxea horrek du alaba bat, eta, badakit Ixidorren aita bereganatu nahian dabilela, bere adiskide eginaz.
Joxepa.- (Haserre). Eta zergatik etorri behar dute horiek hona ezkongai ondoren.
Apaiza.- (Irribarrez). Gaztela aldeko artadiak ez omen dute aurten ezkurrik eman, eta ezkur ordainez titulua eskaintzera etorri omen dira.
Joxepa.- Ze titulu!
Apaiza.- Markesa!
Joxepa.- Markesa al da?
Apaiza.- Hala diote: baina... txanpon gutxitxo markesa izateko.
Ines.- Bai baina, batak titulua eta besteak dirua, oso ederki izateko bidea.
Joxepa.- Ez, ez, ez!... «Danbolin pagatuak soinu txarra jotzen du»... Eta banoa barrenaldera. Gero arte, jauna.
Apaiza.- Ba al zoaz?
Joxepa.- Bazkaldu behar badugu, zerbait gertu beharko.
Apaiza.- Ongi diozu.
Joxepa.- Gero arte ba. (Barrenerako atetik).
Apaiza.- Bai, Joxepa. (Inesi). Eta... benetan al da Ixidorri Idatzi diozula bere eskapena ukatuz?
Ines.- Ukatu... ez: nik ez diot aurrerako ezetzik ematen: atsekaberik ez izatearren esaten nion hitzik ez egiteko berriz kalean, eta idazkirik ere ez bidaltzeko, bada nik ez diotela erantzungo.
Apaiza.- Hori esan al diozu?... Beldur naiz haserretuko ote den!
Ines.- Eta zer egingo diot ba? Ez da erraz bere aitak jakin gabe zerbait egitea: eta ni haren beldur naiz bada lehen ere nahikoa ikaratu nintzan bere aurpegi iluna ikusiz.
Apaiza.- Markes txatxu horrek esango zion zerbait zure aitari buruz!
Ines.- Hori da niretzat tamalgarria.
Apaiza.- Bai; baina ez duzu estutu behar: datorrena datorrela, lasai aurkitu. Ni ere kontuz ibiliko naiz, eta... ikusiko da. (Jaikitzen da).
Ines.- Ba al doa?
Apaiza.- Bai; eta zuk jarraitu zure onbideari. (Aterantz joanez).
Ines.- Nik Jaungoikoarengan jartzen ditut nire zori eta uste guztiak.
Apaiza.- Berak ondoen zuzenduko dizkizu... Agur, Ines.
Ines.- Bihoa ongi. (Ikusten du Ixidor aterantz datorrela). Ixidor al da hori?
Apaiza.- (Atean geldituta). Bai, bera da. (Isilik: Ines harrituta, zer egin ez dakiela).
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |