2. 05. Agerraldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Garitaonandia Bitor »  Ongilearen saria »  2. 05. Agerraldia

Bosgarren Agerraldia

Apaiza, Ines eta Ixidor.


Ixidor.- (Sartu gabe). Egun on, apaiz jauna.

Apaiza.- Hala ekarri, Ixidor. Zer dugu?

Ixidor.- Ines hemen al da?

Apaiza.- Hemen izan behar du. (Barrenera begiratuz). Ines!

Ines.- (Aterantz joanez). Zer da?

Ixidor.- Baimenik badut?

Ines.- Aurrera!...

Apaiza.- (Ateratzeko higitu eta Ixidorri sararaziz). Hor gelditzen zarete.

Ixidor.- Ez jauna: berori gabe, ez.

Apaiza.- Zuek... zerbait esan beharra duzue noski, eta...

Ixidor.- Ez jauna, ez: mesedez eskatzen diot.

Ines.- Bai jauna; sartu bedi: nik ere nahiago dut berorren aurrean hitz egitea.

Apaiza.- Hots, ba... (Alegiaz). Zer ote dabil gazte hauen artean!

Ixidor.- Nik bezain ondo badaki berorrek.

Apaiza.- Ez dakit ba...

Ixidor.- Hona, jauna...

Ines.- Eser bitez. (Aulkiak eskainiz). (Hirurak benaz hitz egingo dute).

Ixidor.- (Eserita)... Herri polit honetara etorri nintzanez gero, nire ibilera, atsegin eta zorion guztiak, Ines, emakume egoki eta onbidetsu honen menpean utzi nituen. Pozez aurkitzen nintzen beronen aurpegi argia ikusirik eta nire gogo eta maitasuna ontzat hartzen zuelako ustez. Baina... (Idazkia erakutsiz), idazki honek zauritu du nire bihotza. Ezin dut sinetsi zuk idatzi duzula... Zer diostazu, Ines?

Ines.- (Lotsaz eta apalki). Bai... nik idatzi dut; baina, ez zure bihotza zauritzeko ustez... sinets ezazu, nik ez dut ezertxo ere zure aurka.

Ixidor.- (Maitekor.) Horrela izanik... zer dela-eta bidali didazu idazki hau?

Ines.- ... Zure aita!

Ixidor.- (Berehala harriturik). Nire aitak behartu al zaitu?

Ines.- Behartu... ez eta bai. Badakizu zure aitak ez duela nahi nik zurekin hitz egiterik; eta nik ere ez dut nahi zure aitarekin haserrealdi eta nahaspilarik. Bakezalea naiz.

Apaiza.- Sinisten dut. (Ixidorri). Ines beti izan da bakezalea, eta inorekin ez haserretzeagatik aukerabide guztiak utziko lituzke.

Ixidor.- Izaera ona da. Baina, nola nahi duzu, ez idatzi, ez hitzik egin gabe jarraitzea?

Apaiza.- Hemen, lehenbizi jakin behar dena da, bata bestearenganako maitasun egiazkoa duzuen ala ez.

Ixidor.- Nire aldez, ez dago ezbairik. Aspaldian sorturik aurkitzen zen niregan, nire gogoko emaztegai irudi bat: baina, ez zitzaidan inolakoz agertzen irudi horren antzezkirik, herri honetara Jaungoikoak zorionez bidali ninduan arte: Inesengan bakarrik aurkitu dut antzezki hori. Beraz, jakina. Ines bakarrik izan daiteke nire maitasun gai.

Apaiza.- Zer diozu, Ines, aitorpen argi horri?

Ines.- Lotsaturik aurkitzen naiz hitz horiek entzuteaz.

Ixidor.- Bihotz hizketa da. Ines: sinets ezazu.

Ines.- (Apalki). Bihotzez eskertzen dizut, Ixidor.

Ixidor.- Gertu al zaude bada gure ezkongai bidean jarraitzeko?

Ines.- Bide leun eta egokian jartzen bagara, poz-pozik: eta hori izango litzateke niretzat atsegingarriena.

Ixidor.- (Pozez). Maitasun egikor eta onbidetsuak bide guztiak lehuntzen ditu.

Apaiza.- Eta... aitak ez al dizue eragozpenik jarriko?

Ines.- Hori da nire beldur gaia.

Ixidor.- Hona: Nire aitak, egia esateko, seta gogortxoa da; zakarra da haserretzen denean, eta edozer egiteko gertu aurkitzen da, gero negar egingo badu ere. Horregatik, bere haserrealdietan poliki ibili behar da: eta biderik onena izaten da, apal-apal egin eta isilik egon.

Ines.- Isilik egon!... Ez da erraz hitz iraingarriak entzun ondoren.

Ixidor.- Nire aitak iraindu dizu, beraz?

Ines.- Nerau... ez: baina bai nire aita: eta nire aitari egiten zaiona neroni egitea bezala da.

Ixidor.- Bai: horrela da... Atsekabe zait!

Ines.- (Tamal). Nire aita, aberats diru askoren jabe izan ondoren, hil ondoan bate gabe aurkitu zen...; egia da!... baina, beti izango da tamalgarri bere alabari gogo gaiztoz oroitaraztea.

Apaiza.- Noski... ez zuen gogo gaiztoz egingo.

Ixidor.- Dena dela, gaizki egina da.

Apaiza.- Bai: zorigaitz asko izan du gaixo honek; Dakizun bezala, aita bizi izan zen artean, guztizko ugaritasunean aurkitzen zen; ez zuen inoiz izan ezertxoren beharrik: baina, bat-batean aurkitu zen guztia beharrean; ogia jateko ere lan egin beharrean! (Inesek agertuko du ituntasuna, eskuaz begiak estaliz).

Ixidor.- (Laztantasun eta errukiz). Ines! Gertakizun horiek ez dute itzali, ez eta gutxitu ere, zu ikusiz bakarrik nire bihotzean sortu zen zureganako maitasuna, sendotu baizik: eta maitasun hau, lehenengotik zintzoa izanik, gaurtik aurrera sendoago eta indartsuago agertuko da.

Apaiza.- Adoretu zaitez, Ines, Ixidorren aitorpena entzuteaz: bada, onbidez dabiltzanak, geroago edo lasterrago, helduko dira azkenera.

Ixidor.- Bai Ines. Nire aitak ez du nahi: eta gure elkartasuna ikusiz setatsu eta mukerkeriaz aurkitzen da: egia da; baina nolabait limurtuko dugu, batez ere... apaiz jaunak laguntzen bagaitu...

Apaiza.- Behartua nago al dudan guztia Inesen alde egiteko.

Ines.- Eskerrik asko, jauna.

Ixidor.- (Inesi). Gertu al zaude bada egunen batean nirekin bat egiteko?

Ines.- Atsegingarri eta onuratsu izango litzateke niretzat.

Ixidor.- (Pozez). Ez nuen nahi bada hori jakitea besterik.

Apaiza.- Ia ba, (Jaikiaz), hainbat lasterren eratzen duzuen.

Ines.- Ba al doa?

Apaiza.- Bai: joan beharra dut: baina, nahi duzuenean deitu, ni beharrean aurkitzen bazarete. INES eta IXID. Eskerrik asko, jauna.

Ixidor.- Banoa ni ere: bada, apaiz jaunarekin ikusiz gero, aitak ez dit ezer esango.

Apaiza.- Goazen bada. Agur, Ines.

Ines.- Eskerrik asko, jauna; eta agindu.

Apaiza.- Ongi jarraitu.

Ixidor.- (Maitetsu, Inesi eskua emanez). Agur Ines.

Ines.- Zoaz ondo.






     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org