 |
|
 |
 |
Bederatzigarren Agerraldia
Ines, Joxepa eta Erramun: gero Apaiza eta Ixidor.
|
Erramun.- (Aurpegi alaiaz). Harrituta aurkituko zarete noski!
Ines.- Egia esateko... bai jauna.
Erramun.- Bai, sinisten dut. (Ateratzen du sakelatik ingurazti edo koaderno bat: begiratzen dio; gero orman esekita dagoen antzezkiari eta horrela, antzezki eta koadernoari txandaka behin edo gehiagotan begiratzen die. Bitartean esan litezke, antzezkiari egokitzen zaizkion hitz batzuk... bizarduna, aurpegi zabala, begi urdinak, edo... hitz bakoitzean antzezkiari begiratuaz. Ondoren esango, du beregain). Bera da. Biak bat dira. (Gero Inesi). Zuk diozunez, hau, da...
Ines.- Nire aita!
Erramun.- Ongi da: orain ez dut ezbairik.
Ines.- Baina, jauna!...
Joxepa.- (Ze ote da hau).
Erramun.- Berehala ulertuko duzu guztia. Noiz etorri zen zure aita Buenos Airestik?
Ines.- Ba... izango dira, hamabi urte inguru.
Erramun.- Bai: bete-betean. Orain ulertzen dut: zure aita niri on egin ondoren aterako zen Buenos Airestik: eta horregatik ez nuen inon aurkitzen.
Ines.- Baliteke.
Erramun.- Bai, horrelaxe izan behar!
Apaiza.- (Sartuz). Bada baimenik?
Ines.- Aurrera.
Apaiza.- Kaixo Arriagatar jauna! Zu ere hemen?
Erramun.- Bai jauna: nire beharkun bat betetzera etorri naiz.
Apaiza.- Onuragarria bada, ez zaio gaizki etorriko Inesi.
Erramun.- Bere aitaren nire aldezko on egite bat ordaintzera.
Apaiza.- Zorionak, Ines!
Ines.- ... !
Erramun.- Ez daki oraindik zer den: Eta nik ere ez nola... uste gabe... jarri naizen bide honetan. Orain jakingo duzue guztia. Ines: aberatsa al zen zure aita?
Ines.- Bai jauna: oso aberatsa, Buenos Airestik etorri zenean: baina, ezer utzi gabe hil zen.
Erramun.- (Irribarrez). Beraz; ez zuen utzi ezertxo ere zuretzat?
Ines.- Ez jauna.
Erramun.- Ez da hori egia.
Ines.- Izango ez da ba, Jauna!. Ezertxo ere ez.
Erramun.- Esan dut, ez dela egia: eta orain sinestaraziko dizuet. Orain hamabi-hamairu urte aurkitzen nintzen ni Buenos Airesen: banuen diru puska bat: baina, lan gutxiago eginda gehiago irabazteko ustez (alper askori gertatzen zaiena) jokoari eman nion; eta batean pilota-lekuan, bestean zaldi-lasterketan, eta azkenez jai-etxetako muskil-tokietan guztia jokaturik gelditu nintzan murriztuta, ezertxo gabe. Txoraturik, eroturik, nire zoritxarra ikusiz, ez nekien zer egin, eta... egingo nuen gizatxarkeriaren bat, betiko galduz... baina, eskerrak gizon maitekor eta bihotz handidun bati: Jaun horrek, nitaz kupiturik, esan zidan: Zertara zoaz? Gizonak ez du atzeratu behar, ergel eta makal direnak egiten dute hori! Suspertu eta eman aurpegia zorigaitzari: Jarraitu lanean bulartsu, eta eman zizkidan bostehun laurleko esanez: «Onekin zerbait egiten baduzu, tori».
Apaiza.- Egipen goragarria!
Erramun.- Batez ere, hark bezala eginez gero, bere izenik eman gabe.
Apaiza.- Eta ez al zenduan ezagutzen?
Erramun.- Ez jauna: eta galdetu nion nor zen, bada jakin nahi nukeela noizbait ordaintzeko zoria izaten banuen ere; baina alperrik. Bakar-bakarrik esan zidan: «Utzi pilotaleku eta beste jai-etxetako joko moskile (*) guztiei, eta jarraitu lanari.»
Apaiza.- Horrek bai bete zuela ondo antzinako esakunea: «Egizu on, ez jakin arren non.»
Ines.- (Bihotzez). Eta nire aita ote zen jaun hori?
Erramun.- Esango dizut. Hurrengoan ezagutzeko ere, begiratu nion ondo aurpegira; baina, nik ez dut gehiago inoiz ikusi jaun hori: Noski, alde egingo zuen handik.
Ines.- Hamabi urte igaro dira,
Erramun.- Bai: hala esan duzu lehen. Nik ez nuen nahi ordaindu gabe gelditzerik: Beraz, bide onean jarririk, bostehun laurleko haiek hondatu baino lehen aurkitu nintzen dirua poliki irabazteko bidean. Europako guda haserrea hasi ondoren etorri nintzan Amerikatik Bilbora; ez nuen entzuten beste hizketarik, nabierak gora eta nabierak bera baizik; eta ausartu nintzen ni ere irabazpide horietan dirua jartzera, eta erosi nuen itsasontzi bat eta Buenos Airesko nire ongilea noizbait agertzen bazan ere, jarri nituen bere izenean hamar garazki (1).
Apaiza.- Hori da gizonaren zintzotasun eta gizalege egiazkoa!
Ixidor.- (Beldurrez sartuz)... Hona etortzeko esan didate...
Erramun.- Bai; nik agindu diat. Hator aurrera. (Aurreratzen da Ixidor zer gertatzen ote den). Garazki horiek asko eman dute, eta beren gorabehera guztiak errolda-idazti baten aurkitzen dira. Hona hemen. (Ixidorri galdetuaz). Ze idazki duk hau?
Ixidor.- Ongilearen errolda (kontua).
Erramun.- Beronek esango dizue zer aurkitzen den idazki honetan. (Ematen dio Ixidorri). Zer jartzen dik lehenengo orrian.
Ixidor.- (Irakurriaz). Nire ongilearen errolda.
Erramun.- Ea zenbateraino heldu den?
Ixidor.- (Azken aldeko orrian irakurriz). Guztiz... Berrehun eta hogeita bost mila laurleko.
Erramun.- Ba... ongile hori... (Inesen aitaren antzezkia ikurtzatuaz) (**). Jaun hori da.
Ines.- Benetan? (Guztiak harriturik, batez ere Ixidor).
Erramun.- Bai; eta zu, bere alaba zarenez gero, zureak dira diru guzti horiek.
Ines.- Ezin liteke jauna... ez...
Ixidor.- Baina... zer da hau!
Apaiza.- (Inesi). Erramun jaunak esan duen bezala izanez gero, zureak izan behar.
Erramun.- (Errolda idaztia apaizari erakutsiz). Horra hor. (Artzen du apaizak idaztia eta egongo da ikuskatzen).
Joxepa.- Bai Ines.
Ixidor.- (Aitari). Beraz Inesen aita izan da gure ongilea?
Erramun.- Bai; eta diru horiek ez dute beste jaberik bere alaba baizik.
Apaiza.- (Idazkia Erramuni emanaz). Oso ederki eta garbi dago. Ondo erakutsi duzu ongilearenganako maitasuna. (Inesi). Eta zorionak zuri, Ines Jaungoikoak ordaintzen dizkizulako on egite guztiak.
Erramun.- (Inesi idazkia eskainiz). Tori.
Ines.- Ez naiz ausartzen.
Erramun.- (Puska batean oldozkor bezala egonda, Ixidorri eskainiaz)... Hartzak bada hik.
Ixidor.- Nik!
Erramun.- Inesen ezkonsaritzat nahi baduk...
Ixidor.- (Pozez harrituta). E!! (Inesek ere agertuko du bere pozezko harrimena).
Apaiza.- (Erramuni). Ederki asmatu duzu.
Erramun.- Biok ontzat hartzen badute...!
Ixidor.- (Inesi pozez). Zer deritzozu, Ines?
Ines.- Nire aldetik... poz-pozik!
Ixidor.- (Eskua emanez). Bihotzez eskertzen dizut!
Ines.- Eskerrak... Jaungoikoari!
Apaiza.- Berak onets zaitzatela!
(*) moskile/muskile: sosik gabe uzten duena (euskaraz.net-en oharra)
(**) ikurtzatu: señalatu (euskaraz.net-en oharra)
(1) Acciones (egilearen oharra)
AZKENA
|
|
|
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |