Illarramendi Ramon


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Illarramendi Ramon

Ramon Illarramendi

1879-1927



Juan Ramon Illarramendi Lekuona Errenterian jaio zen 1879ko martxoaren 17an. Aita, Migel Antonio, Billabonan sortua zen eta handik etorria zen Oarsoaldera bere gurasoekin; okintzan ari zen Ramon jaio zen aldian. Ama, berriz, Errenteriakoa bertakoa zen: M. Manuela Josefa.

Ez dakigu Ramon Illarramendiren gaztaroaren berri. Zein ikastetxetan ikasi zuen eta, eskolan ibiltzez gero, noiz arte ibili zen, baina garbi dago, era batera edo bestera, bizkorra zela eta ondo eskolatua zegoela.

Mekanikari hasi zen, eta pixkana-pixkana bere lantegia sortu zuen. Ekintzaile hutsa izan zen, self-made man deitzen denaren adibide garbia.



Lantegia sortzeaz aparte, makina berriak ere asmatu zituen; espartina hasi eta buka fabrikatzeko bat, esate baterako, toki askotara saldu zuen.



Pentsatu behar da garai hartan espartina zela herriak zerabilen oinetako arrunta, gaur egun kiroleko zapatilak janzten ditugun moduan.

1904ko otsailean ezkondu zen Modesta Etxebeste Ugarterekin. Dakigula, seme bat (Miguel, 1907an jaioa) eta alaba bat (Carmen) izan zituzten.

Errenteriako liberalen elkartearen egoitzaren sortzaileetakoa, alkate izatera iritsi zen 1918an. Alkate zela bultzada handia eman zion Udal Musika Bandari.


Ramon zutik ezker aldean, eskuinean Petra haren arreba, eta erdian eserita bion aita
Gazterik hil zen, 1927ko urtarrilaren 9an, 48 urte betetzeko bi hilabete pasatxo falta zituela.

Bere bost lan argitaratu ditugu euskaraz.net gure web gunean, eskura izan ditugun guztiak hain zuzen. Argitaratzeke gelditzen dira, testu gabez, beste hiru lan: Egun bi Errenteriyan, Jo ta uts eta Gabon jaunak, edo toriadoriak. Argitaratu ditugunen artean bada bat, Artzai Pillipe, Irungo Euskal Jaietan, 1903an, orain mende bete, aipamen ondragarria jaso zuena. Gainerako obrak Errenteriako antzerki taldeetan antzeztu zituzten, ....eta huraxe izan zuten bere zabalkundetxoa harik eta 1924an, Donostiako Iztunde Eskolak Bateko urria taularatu zuen arte.

Orain dakartzagun lan hauek guztiak Donostiako Raimundo Altunaren inprimategian argitaratu ziren 1918 eta 1921 bitartean, baina dezentez lehenago eginak behar dute, zeren ordurako buru-belarri sartua baitzen enpresa munduan.

Boteretsuak maiz agertzen ditu Illarramendik bere antzerkietan, gizartean goiko eta erdiko mailetan daudenak, eta ia beti akatsen bat dute: alkateak, erregidore hanka motzak, errege bihotz gabeak, sendagileak, udatiar madrildarrek duten onespen sozial bera jaso nahi luketen eskribau euskaldunak, gobernadoreak, dirudun zekenak... eta horiekin parez pare behe mailetako pertsonak jartzen ditu: artzain pobre baina bizipozez beteak, ganora gabeko kintoak, arreoa erosteko kanpora zerbitzatzera atera behar duten neskatxak, eskola gabeko baserritarrak, ijito lapurrak, bere miseriatik atera nahian dabiltzan oportunistak...

Hizkera nabarra du Illarramendik, hango eta hemengo ukituak dituena, baina oro har Errenteria eta inguruetakoa dela esan genezake, gipuzkera nafartzen eta nafarrera gipuzten den alderdi horretakoa hain zuzen.

Komedia, drama eta zarzuela landu bazituen ere, esango nuke komedian eman dituela bere onenak, batez ere ekibokoen gainean eraikitako elkarrizketetan, horiek denak, esan gabe doa, kalitate berekoak ez diren arren. Beste alderdi bat azpimarratzekotan, hitzetan ez ezik irudietan eta keinuetan oinarritzen duela bere umorea, geroxeago sortuko zen zinema mutuko pantomimak-eta ekartzen ditu gogora.

Literatura xumea da Ramon Illarramendirena, herriak antzezkizunetan gozatzekoa batez ere. Ez eskatu, beraz, goi mailako gaiak edo baliabideak. Gizon-emakume arrunten arazoak dira: bizimoduan aurrera egin beharra eta boteredunak egiten dituen injustiziak eta are ankerkeriak ikus daitezke bere testuetan.

Illarramendiren lanetan baserritarrak ez dira beti ongi gelditzen, eta egia esan, batzuk inuzenteegiak iruditu zaizkigu baserritarrak izateko. Baina kaletarren bizimodua eta ohitura xelebreak barregarri bihurtzen ditu ere neurri berean.

Bateko Urria
Tomax Iñaxio Donostian
Josepe albaiteroa
Artzain Pillipe
TestimonioFaltsua


Illarramendiren tailer mekanikoa





Oharra: mila esker Illarramendiren senideei eman diguten laguntzagatik




     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org