|
Ramon Illarramendi
(Sartzen dira erregea eta Juli, jauregiko jendearekin)
ERREGEA (Pilliperi). Ez zara lotsaz hil, e? Bada oraintxe azkar akabatu behar dute zure azken arnasek. Zaletua nago zure haragi errea usaintzeko! ume dohakabea! (Juli eta Pillipe elkarri begira). Begiratu eta beondaztu iezaiozu bai, zuk orain denbora gutxi zeurekin zenuen nire alaba maiteari! Uzten dizut begiratzen; modu horretan gehiago sufri dezazun eta amorratzen hil zaitezen, Juliren edertasunaren jabe egin gabe! Lotsa handirik ez dute zure gurasoek ere, horrelako semeak munduari emateko! Merezi luke zure aitak zuk izan behar duzun heriotza berbera ematea. Lotsagarriak. (borreroari) Akabatu ezazu ume dohakabe honekin berehala!
BORREROA (Jendeari) Igo ezazue egur pila honen gainera (igotzen dute).
JULI Aita, aita! zer doa egitera!
ERREGEA Zure etsaia, su eta garraren erdian erretzera.
JULI Ez da nire etsaia, aita, da nire maiterik handiena!
ERREGEA Ahaztuko zaizu berehala.
JULI Behin ere ez, aita!
ERREGEA (Borreroari). Sutu ezazu berehala.
JENDEA E...! e...! erre! erre! (denak pozez).
BORREROA Jaungoikoak barka diezadala! (pizten du zuzia).
JULI (Salto batean gaineraturik, kentzen dio eta itzaltzen du oinpean). Ez, aita, ez; ez du horrelako akabera behar gaizo horrek; ni jabetzen naiz gazte horretaz, aisa munduari kendu nahi dizkiote beon itzalak. Lotsatzen naiz, baina hobea da bekatua argitaratzea, ilunpean gorderik, bestek pagatu baino.
ERREGEA Beraz, bekatua ere egina daukazue?
JULI Ez, aita; ez genezake horrelakorik egin guk, gaizo horren aitak dauka egina; baina beldur naiz aitortu nahiko ez ote duen.
ERREGEA Aitortuko du, eta aita-semeen arnasak hemen akabatuko dira. (jendeari) Azkar, mutilak, aitaren sustrairik ateratzen duzuen.
JULI (Jendeari). Geldi, geldi bertan; ez da bilatzera joan beharrik; berak denboraz esango du zein den. (Aita eskutik hartuaz) Aita, zer mutil ederra den, zer aurpegi eta kolore garbiak, zer begiratu alaia, zer bihotz borondatezkoa, ona, leiala, gorrotorik gabea eta, hitz batean esateko, Jaungoikoak munduari eman dion umerik paregabeena! Bada, ez al du balio, aita, beste edozein aberats edo berorren seme batek bezala? Erantzun beza, aita!
ERREGEA (Egoten da pixka bat isilik) Bai, Juli; seme bat esan duzu! jolas horrek jarraitu du nire bihotzera, antzinako bekatu baten oroitza; bada limurturik ergai honetan, aitortzera noan urte askoan jendearen isilik eduki dudana! seme bat! Bada, Juli, eta barka iezadazu esatera noana, usteko duzu senide gabea zarela, baina ez; ez baduzu ere, izan duzu anaiatxo bat, eta ergai honetan nire besoetan laztantzeagatik, emango nuke edozer gauza.
JULI Bizia utziko al lioke, aita, horri, baldin topatuko balu semea?
ERREGEA Bai, Juli; eta gustu handiz.
JULI Bada, nik badakit non dagoen baina...
ERREGEA Baina zer?
JULI Lotua aurkitzen da.
ERREGEA Nik libratuko dut.
JULI Heriotzako ateetan dago.
ERREGEA Nik jarraituko dut osasun onera.
JULI Asko maite dut.
ERREGEA Nik gehiago; baina non da? Juli, argitaratu ezazu agudo, non da!
JULI (Pilliperengatik) Horra, aita; horixe da berorren semea eta nire anaia!
ERREGEA Hori, hori al da nire semea?
JULI Bai, aita, eta hobeto sinestatu dezan, horra bere kolkotik gaur kendu diodan berorren aitormena. (ematen dio eskapularioa).
ERREGEA (Irakurriaz; gero joaten da beso zabalik Pillipe laztantzera) O! hau lotsa jendearen aurrerako; baina hau lasaitasun paregabea nire bihotzerako! (jendea harriturik bata bestearekin hizketan, erregek uzten dio)
Musika
ERREGEA
Orain sinestatzen dut:
da nire semea
etxetik utzi nuen
zela txit umea.
|
PILLIPE
Damutu ote zaio
ni gaur erretzea?
Zer pentsatu du erregek
bizia uztea. Jesus!
|
ERREGEA
Bai eta gainera errege
zuentzat jartzea.
|
PILLIPE
ERREGEA
JENDEA
Guretzat?
Eta berorrek
Zer behar du egin?
|
ERREGEA (Errabiaz)
Bihotz gaizto hau puska
bi egin honekin (traketagatik).
|
JULI
Jesus, aita nirea,
Jesus, zer esan du!
|
ERREGEA
Bekatuaren damu
naizela berandu.
|
PILLIPE
Zer gertatzen ote da
jauregi honetan
honela laztantzeko
erregek benetan
eta bera horrela
aurkitu penetan?
|
ERREGEA eta JULI
Hori duzue gaurtik
zuen erregetzat,
bera portatu bada
pobre eta aberatsak.
|
PILLIPE
Jauna berorren nahia
aski da niretzat
baina izan dadila
Juli emaztetzat
|
JENDEA
Jauna berorren nahia
aski da guretzat
izan bedi errege
berria denentzat.
|
Hizketa
ERREGEA Zatoz, zatoz; jaitsi zaitez merezi duzun ohorea jaso dezazun (borreroari) ken iezazkiozu grillo madarikatu horiek! (kentzen dizkio).
PILLIPE (Jaitsiaz) Zerbait gertatzen da hemen, goizean artzain eta orain errege? Edo ametsen bat al da hau?
ERREGEA (Bati) Zoaz lehenbailehen jauregira eta agindu ezazu nire partetik jo ditzatela musika eta herriko kanpaiak errege berriaren ondran. (joaten da bat) (Pilliperi) Argal jantzia zaude; baina estaliko zaituzte lotsagarri hau (bere buruagatik) merezi ez lukeen bezala estali duten jantziek (nabaritzen dira musika eta kanpaiak) Tori, (janzten dio bere koroa) jartzen dizut koroa, jakinduriaz jantzi behar duzun buru horretan. (mantua emanaz) Horra mantua, eduki dezazun zure erreinuko jendea bere itzalpearen menpean (askaturik bere gerriko uhala eta traketa zorrotik atereaz) Tori, eta gerriratu itzazu zeure gerri sendo horretan, traketa honen uhalak (janzten ditu) eta orain azkenerako ematen dizut arma hau (ematen dio, eskulekuan muin emanaz) agindu eta lepoa kendu diezaiezun gaizki egile guztiei; bada, zu zara denen erregea eta zuk agintzen duzun, eta ni izanik zuri kalterik gehiena egin dizuna eta zure ohorea galarazi nahi zuena, ez dut gehiago nahi bizi mundu honetan; bizia eskatzen dit zure eskuetan aurkitzen den arma horrek; bada, josi ezazu nire bihotzean altzairu zorrotz horren muturra.
JULI (Aitari eutsiaz) Aita!
ERREGEA Bai, zurea eta Pilliperena! Zu zara nire semea, Pillipe! ni naiz zure aita infamea; hona zure arreba.
PILLIPE Oi Juli! zu nire arreba? Egia al da hau?
JULI eta ERREGEABai, egia da.
PILLIPE O! hauek nire bihotzaren saltoak! eten zait bere lekutik; lehen amodioz betea zegoena, orain penetan urtzen; hil naiz, hil naiz! agur! nire bildotsak! entzun iezadazue nire azkeneko oihua, agur! (erortzen da hila eta abiatzen da jendea jasotzera)
ERREGEA Hil da... (errabiaz) eta nire kulpaz!
JULI (Negarrez) Hil da; eta nire kulpaz! nik denboraz zein zen esan ez niolako (jartzen da belauniko Pilliperi begira).
ERREGEA Hil zara, semea; baina zure eskuetako arma horrek heriotzarako bikudatzen nau; zertarako bizi? Zure eskuetan nahi dut utzi bizia. (Hasten da erortzen semearen traketaren gainera baina Julik kontzen dio).
JULI Ez, aita, nire artzain Pillipek ez du inor hilko.
JAISTEN DA BURTINA
|