|
Ramon Illarramendi. Bateko Urrea
(Alkatea eta baserritarra; hau begi-ondoa aza hosto batekin lotua duela).
ALKATEA Egun on dizuela Jaungoikoak.
ON USABIYO Baita zuei ere.
SANTI Hori begiratua egiten dio nagusiari!
ALKATEA Lanean?
ON USABIYO Lanean edo hasteko asmoetan behinik behin.
SANTI Ni naizela uste du.
ALKATEA Bada zuregana heldu ginen.
ON USABIYO Ondo da, eseri, eseri.
SANTI Eskerrak begi bat tapatua daukala, bestela... ezagutzen nau.
ON USABIYO Eseri, eseri.
ALKATEA Ez, eskerrik asko, gizontxo hau etorri zait etxera esanaz, nola etorri den eskribauaren etxera atze-herri batetik paper baten iritzia zuregandik jakitera, eta berak dioenez, galdera hori egin duenean...
SANTI Galdera hori... eskailera gorri.
ALKATEA Horra... nonbait gaizki entzun eta burlatzat hartu edo ez dakit nolaz, behinik behin dio txit larri ibili duzula hil nahian, eta eskapa egin nahi batean...
SANTI Erromana astoarekin atean.
ALKATEA Ikusten duzu zer planta jarri zaion, orain badakizu, pena handiz, baina nire beharra ezin uka nezake.
ON USABIYO Baina, gizona.
SANTI Ez al daki igeri, nagusi? (traga ezak orain)
ON USABIYO Ez da egia esan duzun hori.
BASERRITARRA Bai, bai egia da, bestela erreparatu eskaileretako odol putzuari.
ALKATEA Ba al dakizu hau zela? Seguru al zaude?
BASERRITARRA Bai, jauna, bai, bizar eta guzi horixe bera da.
SANTI Nagusia eraman dezatela baina, bata ez: gero nik kask (zeinua eginaz) egin dezadan.
ON USABIYO (Santiri) Zer egin duzu, Santi?
SANTI E... e... ezer ez, ezer ez; euli harrapatzen ari nintzen.
ON USABIYO Hau izango duzu horrek esaten duena; ni kanpoan nintzen.
BASERRITARRA Ez, ez, ez, ez.
SANTI Hori duk, hori; horretan egon sendo.
BASERRITARRA Nik badakit zein den; bizarrik ez dauka horrek eta honek bai; eta bizarrarekin zen eta hau bera da.
ON USABIYO Santi, honela eduki behar al nauzu, aitortu gabe?
SANTI Aitortu dut bada. Bai, jauna, bai; hauxe da eta ez ni.
ALKATEA Ikusten duzu, nahikoa badela uste dut.
ON USABIYO Bizarrak galtzen nau! Santi, jantziko al zara ergai batez lehenago bezala?
SANTI Ezer eman gabe? Aisa nahi du berorrek.
ON USABIYO Zer nahi duzu, ba?
SANTI Horra ba, bateko urrea ematen badit, jantziko ditut.
ON USABIYO Zer bateko urre?
SANTI Izan behar du hor batan berorrek oroipengarritako altxatua daukana, eta ematen badit... jantziko ditut.
ON USABIYO Ongi da; janzten duzunean, hartu besterik ez duzu (ez du gauza handirik eskatzen).
SANTI Aufa! Urrearengatik kartzelara, baita presidiora ere. Aste honetan hilabete pasagatik, ez dit axolarik. Tira, tira, agudo, nagusi.
ON USABIYO Pixka-pixka bat gela horretaraino utziko al diguzue? berehala hemen gara.
ALKATEA Bai, gizona, hori ez dugu ukatuko behinik behin.
ON USABIYO Eskerrik asko.
ALKATEA Ez dago zeri.
SANTI Ba! orain ere hasi al gara?
ON USABIYO Zatoz, Santi; gela honetara janztera.
SANTI Goazen, goazen (Sartzen dira gelan).
|