02. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Illarramendi Ramon »  Josepe albaiteroa »  02. Irudia

Ramon Illarramendi





Bigarren Irudia




Mañuel, Doote eta Josepe albaiteroa, hau leihotik beste bien jolasak entzuteko zelatan.





Mañuel: Bada, Doote, bihartik bolada batean ez gara ikusiko.

Doote: Zenbatsu denbora uste duzu ba?

Mañuel: Hori Madrilgo erregeak bakarrik daki, hari ni etxera bidaltzea gogoratu bitartean, han egon behar dut.

Doote: Begira ezazu... nahi duzu Prudentxiri karta bat izkiribaraztea erregearentzat, zu herrira lehenbailehen bidaltzeko?

Mañuel: Ez dio kasurik egingo erregeak.

Doote: Gizon-gaia karabineroa eta... polita izango litzateke hori ere.

Mañuel: Begira, neure bihotza; ez dugu oraingotan bakarrik pentsatu behar; (isil antzera) izaten ditugunean semetxo eta alabatxoak, horiek mereziko dute garbiro eta txukun haztea, hau da, miseriarik ikusi gabe eta behar den eskola modua erakustea. Hemen, herri honetan banago hemendik bi, lau, sei eta hamar urtera ere, izango naiz Mañuel, aditzen duzu maitea?... Mañuel izango naiz ni beti; baina bihar ni noan toki hartatik etor naiteke beste izen handi eta eder batekin.

Doote: Zer? zer?... Mañuel; zenbat maite zaitudan!

Mañuel: Txist... txist... Izen eder hori jendeak berak emango dit, denek agur egingo didate.

Doote: Zertaz bada, Mañuel, zertaz? Ai! harramazka duzu aurpegian (hasten da ikusten eta Mañuelek galarazten dio)

Mañuel: Serio, serio.

Josepe: (Jendeari) Ba! Gutxienez kapitain eginda.

Mañuel: Badakizu egunero nola irakurtzen dudan Madrilgo kazeta bat?

Josepe: (Jendeari) Zortzian behin, eta orduan nik emanda.

Doote: A bai; izena nola du bada? Eta, Mañuel, hiru edo lau egunetan erretratu ber-berak ekarri ditu, dena berdin, lehendabiziko egunean bezala.

Mañuel: A! Doote, Doote; irakurtzen ez dakienarentzat dena berdina da, baina nik bezala ondo dakienak zumoak eta sustraiak ederki ateratzen dizkio.

Doote: Nire aitonak pipari hainbat bai, Mañuel?

Mañuel: Gehiago.

Doote: Eta, Mañuel, atzo harriturik egon nintzen zu irakurtzen ari zinela... gizonak eta figura guztiak hankaz gora zeuden paperean.

Josepe: (Jendeari) Irakurtzen ez daki eta, ahal duen bezala.

Mañuel: (Barrez) Hala al zeuden? Doote, izan liteke, askotan aritzen naiz goikoz behera irakurtzen.

Josepe: (Jendeari) Gehienean.

Mañuel: Ene! badakizu zergatik?... afari bat dugu apustu egina Josepe albaiteroak eta nik bost lagunentzat.

Doote: Baina, neure Mañuel! Zertarako zu horiekin zeure burua bat egiten duzu? Ez duzu ikusten albaiteroa...

Mañuel: Esan nahi duzu ez dela pertsonekin tratatzekoa, e?

Doote: Ez: ez al da egia...

Mañuel: Asto bat besterik, hainbeste astoren artean dabilelako?

Josepe: (Jendeari) Ondo nagok, eskerrik asko.

Mañuel: Buka dezagun; dugu gaur arratsean despedidarako apustu egina bost lagunen afaria, zeinek lehenago irakurri Madrilgo kazeta hori, hark zuzen eta nik goikoz behera; horregatik atzo edukiko nuen goikoz behera kazeta.

Josepe: (Jendeari) Hori duk gezurra esateko patxada!

Doote: Hainbeste badakizu, e? (ukitu nahian) Bizarra ez duzu ebaki, Mañuel.

Mañuel: Txist, txist, serio, serio; pentsa ezazu ni zein naizen, badira hamazazpi urte kazeta horren izena nekiela.

Josepe: (Jendeari) Eta sei urte besterik ez da lehendabizi azaldu zela.

Doote: Zer deitzen zaio bada, Manueltxo, kazeta horri?

Mañuel: (Indarrez) ABC. Hamazazpi urte hori lehendabiziko entzun nuela.

Doote: Eskolan?

Mañuel: Baita kalean ere; ez al zara gogoratzen nola korruan kantari ibiltzen ginen kantatuaz (kantatzen du) ABC albaitero kokots luze; DEF hankoker Josepe.

Josepe: (Jendeari) Hauek aditu beharrak!

Doote: A, bai, bai; baina esan iezadazu gero nola deituko dizuten, Manueltxo.

Mañuel: Esan dizut hemen banago bi, lau, sei, hamar urte, beti izango naizela Mañuel, eta esan dizut Madrilgo kazeta egunero nola irakurtzen dudan. Bada ni nola bainago jakinaren gainean Espainia guztiko berri, soldadu oso denbora gutxi igaroko dut, izen txarra da hori; berehala egingo naiz kabo, gero asistente, gero furriel, eta gero zentinela alerta.

Doote: Horiek izenak! Azkeneko hori izango da handiena.

Mañuel: Ez; handienak dira «mi General» eta «Errey». Ikusiko nauzu ni hona etortzean, denek nola deituko didaten.

Doote: Nola... nola?

Mañuel: On Manuel.

Doote: Beraz, alkateari bezala?

Mañuel: Ez dakit orduan alkateari «On» deituko dioten.

Doote: O! Zergatik bada?

Mañuel: Ez nago seguru baina, ez dut uste herri honi bat besterik tokatzen zaionik.

Doote: Ni ere neskametzara aterako naiz, Mañuel; erdaraz, plantxan, josten, janzten eta gainerakoan ikasten ote dudan, eta sobratzen den guztia gero arreoa erosteko, e? Ez da hala, Mañuel?

Mañuel: Ondo iruditzen zait, eta nik ere kabo egin bitartean aurreratzen ditudanak altxatuko ditut.

Doote: Eta handik aurrera irabazten dituzunak?

Mañuel: Handik aurrera irabazten ditudanak... ez duzu ikusten jenderik handienarekin tratatu behar dudala eta dakizun bezala kotxean, biltokietan, kafean, asko behar dela? Baina halaz guztiaz ere, sobratzen bazait, zuri bezala, bidaliko dizkizut.

Doote: Gaur bertan amari esango diot nire intentzioa, eta ahal dudan lehenena joan behar dut zerbitzatzera (nabaritzen da ttun-ttun soinua iruditegira arrimatuaz.)

Mañuel: Kalejira eginda heldu dira.

Doote: Bai, nabaritzen ditut.

Mañuel: Oi, zer zalaparta ekarriko duten!











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org