15. Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Illarramendi Ramon »  Josepe albaiteroa »  15. Irudia

Ramon Illarramendi





Hamabosgarren Irudia




(Lehengoak eta Mañuel. Hau sartzen da iruditegira Josepek nabaritu gabe eta gelditzen da atzean).



Josepe: Mañuelekin ez duzu izango, ez zerbitzaririk, ez eseri aulkirik, ez zikirokirik, ez zezinik eta ez eraztunik. Lehen esan dizut eta berriz ere bai... zorrak eta bizkarrekoak. (erloju katea ezin erakutsirik).

Mañuel: (Buruari eraginaz) (Jendeari) Zer merezi luke hankoker honek? Jo, eta hauspoa egingo ote dut berarekin? Hartarako ere ez luke balio, noski; nonbait zuloa izango luke. Entzun diezaiodan zer dioen.

Josepe: (Aho zabalka) Zer ordu ote dugu? (erlojua atereaz) Ezagutzen al duzu erlojua, Doote?

Doote: Ezagutu? Bai, lehengoan leihotik erakutsi zenidan ber-bera da.

Josepe: Ez, ez; ordua eta hara katea ere; makilla borladuna ere bai, gobernadoreak bezala. Ikusten nauzu zeinen gertu gelditzen naizen. (Jartzen da makilaren arrimuan gorputza duela) Ezta errege bera ere! (Mañuelek jotzen dio makila hankarekin, uste gabean egin balio bezala, eta Josepe erortzen da gero altziez).

Doote: Ai! Joan duk nire gatz ontzia!

Josepe: Ai! ai! zein zen hemen, ai zer makilazoak! (Mañuelek laguntzen dio altxatzen baina Josepek ikusi gabe; altxa eta ikusten duenean, Josepe gelditzen da ikaratua, hitzik ezin asmaturik).

Mañuel: Zer dugu, Josepe?

Josepe: Ma... ma... ma...

Mañuel: Makila, bai, uste gabean jo dizut; barkatu.

Josepe: Maa... ñuel, zu hemen?

Mañuel: Ikusten nauzun bezala, Josepe.

Josepe: Baina nolaz? Besteak ere etorri al dira?

Mañuel: Ez; ni bakarrik.

Josepe: Nolaz? Ez diot trazarik ematen.

Mañuel: Niri agudo eman didate; azkarregia naizelako bidali naute handik. Eta ba al dakizu zer esan didaten? Ni erregidore izateko modukoa naizela, nire herrian ere ni baino astoagoa izango dela bat edo bat. (Dooterekin joaten da iruditegiaren alde batera).

Josepe: (Jendeari) Orain ere lehengo lepotik du horrek burua. Noan, noan herriko etxera. Baina gaur Doote neronekin eraman behar dut, karroan eramango badut ere. (Joaten da)

Doote: Joan da; ez dakizu, Mañuel, gaur atrebitu dela nirekin ezkondu behar duela esatera.

Mañuel: Ezkondu? Pasadaren bat hartu arte ibiliko da; lehendabiziko aitatzen dizunean, esan iezadazu, eta pikua bezala mailatuko dut.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org