Mayatzeko Galerna


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Imaz Fermin »  Mayatzeko Galerna

Fermin Imaz

Mayatzeko Galerna

1909

Garai artan bazan Gipuzkoan apaiz bat, Orcolaga jauna, Ernani-ko semea ta Zarautz-en erretore izana, egualdiaren goraberak aurretik somatzen izugarri abilla.

Orcolaga onek, 1909 urteko Mayatzaren 24-an, arratsaldeko iru t’erdietan abixu au bota zuan Igeldo-tik: “La situación va a perturbarse. Téngase cuidado con la galerna.” Baita ala gertatu ere.

Urte-bolara artan antxoara zebiltzan arrantzaleak. Batel aundi batean lau-bost bat lagun arratsaldean berandu xamar irten, gau-lenean asi ta goizera arte arrantzan. Onela egunero. Galerna, arratseko bederatzi t’erdietan sortu zan ta orregatik unerik txarrenean arrapatu zituan arrantzaleak, alegia ustez-ustegabean sareak zabaltzen ari ziranean.

Sareak arrapastaka bildu, edo besterik ezin da bertan utzi, ta legor aldera il edo bizi abiatu ziran, tantayan bela txikia besterik etzutela.

Alakoetan oi dutenez, Getari-ra jo zuten arrantzale askok. Kai ontan 150 txalupa (80 Ondarro-koak ta gañerakoak Lekeitio ta Motriko-koak) ta 30 bapore sartu ziran. Kaya artean aunditu gabe zegoan; ta, esate baterako, alkarren gainka jarri bear izan zituzten txalupak? danak sartuko baziran.

Zigorrik gogorrena Ondarroako erriak artu zuan. Erri ontan 6.000 arrua bañon geyago sartuak ziran zenbait egunetan, eta mariñel guziak itxasoan ziran. Guztira., erri ontako 13 mariñel galdu ziran:

Ebaristo ta Jose Domingo Garramiola aita-semeak, Enrique Badiolaurreta, Feliziano Egurrola, Santiago Badiola, Jose Manuel Imaz, Joakin Alcorta, Polikarpo Motrico, Domingo Urquiri, Juan Andres Berridi, Eustakio Illoro, Lukas Urresti ta Ruperto Olano.

Jose Manuel Imaz ori. bertsolaria zan ta periodikuak onela dio: “José Manuel Imaz, soltero, de 32 años, versolari; deja madre viuda.” Esan genezake erriak pena geyago artzen zuala bertsolaria galdua, ta ezin utzi izan zuala ura bertsolaria zala periodistari esan gabe.

Imaz orrek onela dio bere bertso-paper batean:

Guretzako mundua
txit dago laburra,
guztiok badakigu
il biar deguna,
noiz da nola eztakigu
badator eguna...
Iñola ere egia zion gizajo arek.

Orio-n bi galdu ziran: Jose Inazio Beratarvide, Alza-koa, ta Antonio Illarramendi, amaika urteko mutilla. Periodikuak onela kontatzen du auen galera:

“San Antonio” txalupan lau lagun zijoazen: Jose Antonio ta Juan Jose Manterola aita-semeak ta beste bi oyek.

Galernak txalupa irauli ta ito egin omen ziran Beratarvide ta amaika urteko Illarramendi ori. Aita-semeak, berriz, igeri legorrera atera ziran, Gasterreneka zeritzayon tokira.

Jose Antonio Manterolak illoba omen zuan Illarramendi mutil koxkor ori, ta ura salbatzen berebiziko egiñalak egin omen zituan; bañan besoetan zuala olatu batek kendu ta eraman egin omen zion ta onela ito zan.

Periodikua ez dator bat Donostiko mariñel zarrak diotenakin. Auek onela kontatzen dute: Iru lagun omen ziran batelean. Galerna sortu ta beren buruaz etsi zutenean, batek mutil koxkor ori bizkarrean artu ta igeri abiatu ziran. Etzeuden nunbait arkaitzetatik urruti. Alare gisa ortan ezin allegatuko zirala ikusi zuten.

Orduan buelta eman ta mutilla txalupari lotu zioten, legorrera iritxi ta baporean mutillaren billa etortzeko asmoz noski.

Ekin zioten berriz ere igeri ta “Itxaspe” deritzayon baserriaren parean atera ziran legorrera. Oriora etorri, mutilla zer modutan utzia zuten esan ta bapore batean aren billa abiatu ziran.

Zijoazela, onela galdetzen zieten:

Nun utzi dezute?

Ta besoari eragiñaz ala omen zioten:

Or laga degu.

Bañan ez omen zuten ez mutillaren ta ez txaluparen aztarrenik ere arkitu. Seguru asko, galernak txalupa bultzatu ta arkaitzetan txikitu ta txeetuko zuan.

Pentsatzen jarrita ere etzan oso gozoa izango mutil koxkor aren munduko errematea, itxaso amorratuaren mendean, gau illunean, batelari lotuta, bakar-bakarrik...

Irakurle bakoitzak pentsatu bearko du zeñi sinistuko dion: periodikuari ala Donostiko mariñelai.





















     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org