|
Fermin Imaz
Fermin Imaz
Zentenayuan Gañian Jarriyak
1
Egun bat urte igaro dira
erre zala Donostiya,
orain zerua dan bezelaxe
orduan zan egaztiya,
su ta garretan austu zana
erri bat eder askiya,
da arrezkero arriturikan
daukagu mundu guztiya,
oroitutzeko modukua da
egin ziyoten gaizkiya.
|
2
Ainbesteraño ankaperatu
gure sortu-erri laztana,
Iru-txulo da naigabe ayek
danak goguan dauzkana,
zenbat aur txiki geratuko zan
ez aita eta ez ama,
beste guraso ta seniriari
eman betiko azkena,
mundua mundu dan bitartian
beñere aztuko eztana.
|
3
Iñori gaitzik egin gabia
gure Donosti ederra,
tristia ez al da esku txar batek
su emanda erre bearra?
gauza orretzaz oroitzen dana
ezta munduan bakarra,
malkoz urturik gertatutzen zait
ai, nere biyotz medarra,
zeñi etzayo orla etorriko
begiyetara negarra?
|
4
Ori pentsatu zuan etsaya
etzegon zentzu onian,
illa geratu biar zun bertan
pixtutzen asi zanian,
gauza gaiztuak egin zituan
kondairak dagoanian,
pake santuan ari zanantzat
jango bazuan lanian,
askorentzako ordu estua
iritxi zan azkenian.
|
5
Zori gaiztoko negar artatik
ziranak sakabanatu,
berriz Agorran zortziyan ziran
Zubieta-n alkarganatu,
bertan bizi zan jende prestua
ein zuten bereganatu;
nai izan arren nik ezin ditut
merezi aña famatu,
gizagaxuak bitarte artan
etziran gutxi penatu.
|
6
Ikusirikan galdua zala
Donostiyako erriya,
Aizpuru-n bertan danak ein zuten
junta ikaragarriya,
berakin an zan alkate jauna
etzan burutik urriya,
Zubieta-ko toki alaya
bera zalako jarriya,
berriz andikan giyatu ziran
egingo bazan berriya.
|
7
Suak puska bat kenduagatik
jarriya dago ordaña,
Europa dana inbiriz dauka
ain da alai ta bikaña,
nere biyotzak ezin altxa du
nai izan arren dan aña,
mundu guztiyan ezta beste bat
au dagon bezin apaña,
indar aundiyak artuak dauzka
orduan erre zan baña.
|
8
Erantzuera txarrik eztegu
gizon ayen aurpegira,
ondorenguak ondo izateko
gogor sayatuak dira,
orain egun urte bezela
bizirik egon balira,
biyotzak edo barrengo odolak
egingo ziyen mugira
geroztik emen egin diraden
obra oyetara begira.
|
9
Miñik aundina izandu zuten
aurreneko erantsiyan,
au zan urtian milla zortzireun
eta gañera zortziyan,
Napoleon-en ejerzitua
sartu zala Donostiyan,
ondo zegona gaizki jartzera
bere arrotasun guztiyan,
etzan izango atsegin aren
aguantiaren azpiyan.
|
10
Zeukan gerrari jendiarekin
beterikan dierriya,
sei bat urtian bere mendian
eduki omen zun iya,
baña emengo ume leyalak
etzeukan lotan begiya,
bitarte ontan bazekin ondo
nola jan zuan ogiya,
aguro utzi-azi ziyoten
agindu nai zun tokiya.
|
11
Abuztuaren oi ta amaikeko
goizeko kañonazuak
iruditzen zait etziradela
izango oso gozuak,
erri guztiya puskatzeraño
beraren dardarizuak,
ayek ikarak eta negarrak
senire ta gurasuak,
ariyek asko ikusitzeko
jayuak ziran gaxuak.
|
12
Portugesa ta inglesa ziran
gurekin aliatuak,
zori gaiztoko frantzesarekin
galanki peliatuak,
bereganatu zituzten azkar
lenago guri artuak,
bañan gerora baztar guziyak
ziraden sakiatuak,
orduan emen batzuk baziran
ederki baliatuak.
|
13
Gure Españiyak edo patriak
laguntza zuen eskatu,
inglesa eta Portugalkua
egin zitzaizkan prestatu,
bañan oriyen aziyo asko
etziran emen gustatu,
etxiak erre, aurrak kixkali,
andriak desonestatu,
inozentian odolik asko
etzuten errespetatu.
|
14
Kristabak ala derrigortzia
zer pena ematen diten,
nola ez liteke gauz oriyekin
begitik txinpartak irten?
ai, neri oroitu bakoitzian
barrenak dit irakiten,
gure amarenak giñadenikan
oriyek ez al zekiten?
salbajerikan gaiztuenak
eztu orlakorik egiten.
|
15
Donosti leyal maitagarriyan
zer lanak egin dituzten,
salbaje ayek ezertan ere
errukirikan etzuten;
ai, odol txarrak eztu beñere
iñola pakian uzten,
nai zutena egin da gero
ilda igual uzten zituzten,
zentzuz nastuak zebiltzan edo
etzuten ezer ikusten.
|
16
Batak bestiai lagundutzeko
bazeukan jende presturik,
beste gizaldi batzuetan
eztago ori azturik,
gu gaztiak gerade baña
daukagu ezaguturik,
nola odolak jartzen diraden
elkarrengana suturik,
gerra dabillen tokiyan ezta
beñere pake santurik.
|
17
Napoleon-ek desiatzen zun
mundu guzin nagusiya,
orrengatik zan Españiyari
gerra ematen asiya,
kulpa aundi gabe makiña bati
kendu ziyona biziya,
emengua’re usteko zuan
zeukala irabaziya,
sayatu arren etzuan egin
berak nai zuan guziya.
|
18
Bonaparte-k zun beste anaya’re,
ark ere nai buruzari,
negarra franko jarri zutenak
beiratu gabe ezeri,
erruki gabe biziya kendu
asko anima gaxori,
bi gizon gaizto diran mediyo
ainbeste odol ixuri,
gaur bizi danak eztu esango
ondo dagonik gauz ori.
|
19
Gure dierriyai nundikan eldu
pentsatu zuan poliki
oni pakian utzitzerikan
etzerizkiyon egoki,
tropak jarrita nai zuena zan
baztar guziyak ebaki,
bañan emengo jendiak ere
begiya erne eduki,
bereganatu nai zuan baña
aspertu zuten ederki.
|
20
Odolarekin utzi zituan
baztar guziyak betiak,
jakin nai nuke ordun lurrera
zenbat ziraden botiak,
arrigarriyak dirade emen
egin zituan kaltiak,
etzun baliyo ayen aurrera
ikaratuta juatiak,
larrutik ondo pagatu zuten
amaren seme maitiak.
|
21
Bere tokiyan geldi egon balitz
etzan izango okerrik,
ez al da pena ixuritzia
ainbeste odol alperrik?
gaitz aundi gabe illak baziran
amaren seme ederrik,
orain bezela etzan faltako
gurasuantzat negarrik,
besterik etzun iñork erruki,
bere burua bakarrik.
|
22
Gizon azkarra izanagatik
etzuan egin bererik,
bañan bai utzi guraso asko
poztasun aundi gaberik;
usteko zuan lur eder onek
etzula izango jaberik,
Españi ontan etzan komeni
ark nai zukian legerik,
nik esaten det, zer da munduan
pakia bezin oberik?
|
23
Beste iñori eztiyot, jaunak,
frantzesai ainbat errabi,
au adierazten diyot gañera
gure euskalduntarrari,
guk ere eutsi nai diyogunak
al bada lege zarrari,
ez odolikan ixuri-azi
gaitzik gabeko aurrari,
pake santuan bizi gaitezen
utzi alde bat gerrari.
|
24
Errespetatzen ditut, Elizak
agintzen duen moduan,
beren alegin guziya eginda
il ziradenak orduan,
gure Jainkua izan dedilla
anima ayen karguan,
guk erregutu deyegun gogoz
gerta ditezen zeruan,
ori egin gabe sosegurikan
eztago nere barruan.
|
IKUSI:
Bertso-papera: “Imp. Argandoña H.” (Gregorio Mugica zanaren bertso-bilduma, Donosti).
|