Iraola Biktoriano


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Iraola Biktoriano

Biktoriano

Iraola Aristigieta


(1841-1919)



Biktoriano Iraola Aristegieta

Fueroak galdu ondoren Donostian osatu zan euskalzale-gizaldi edo taldekoa degu. Euskal idazle saiatuak haiek, gure izkuntzaren aldeko mugimentu bizi bat sortu zutenak.

Iraola itz-lauz saiatu zan: ipuiak eta antzerkiak. Baiña bai itz neurtuetan ere: ipui edo fabulak, epigramak, olerkiak, kanta-paperen antzeko bertso-saillak... Auetan, bertsolarien bertsogintzatik oso urbil zebillela erakutsi zuan. Olerkietan, berriz, poesiaren goi mailletara igotzen ere bazekiala.

Auspoa liburutegi onek aren bertso-sorta bat eskeiñi nai dio gaurko ontan irakurleari. Ez bilduma osoa noski, ortarako askoz ere liburu aundiagoa bearko litzateke eta. Baiña bai aren bertsogintza zer-nolakoa zan erakusteko ainbat izango dana.



Pasai San Juanen jaio zan 1841 urtean, baina bere denbora guzia Donostian egin zuan.

Azpeitiar batekin ezkondu zan: Katalina Alvarezekin. Bi alabak izan zituzten: Dolores et a Maria.

Legazpi kalean bizi izan zan, bostgarren zenbakian. Moldiztegia zuan, eta lantokia etxe berean zeukan. Bertso-paperen batzuk eskuratuak ditugu aren moldiztegian argitara emanak. *Baserritarra* izeneko aldizkari errikoia ere aren etxean inprimitzen zuten. Baita *El thun thun* izenekoa ere.

Makinak mugitzeko, asto bat ibili arazten zuten bueltaka etxeko patioan.

Gerratean, karlistak Arratzaindik Donostiari tiratzen ziotenean, granada bat Iraolaren etxean sartu omen zan bein; bestea, berriz, kalean erori. Baiña leertu ez eta Iraolak biak jaso, bakoitzari eroritako eguna idatzi eta etxean gorde zituan oroigarritzat.

Bein baiño geiagotan Donostiako kontzejala izan zan. Bera omen da *tamarindo* arbolak ekartzen alegindu ziranetako bat.

1899 urtean Parisa joan zan orduko Exposizioa ikustera, eta globo batean igo omen zan.

Euskal bertsoak erruz jarri zituan. Garai artako aldizkarietan agertzen ziran: Euskal-Erria, Ibaizabal, Euskalzalea, Baserritarra, Euskal Esnalea, El thun thun. Donostiako euskal festen oroimengarriak...

Mota guzietako bertsoak ditu: olerki kutsukoak, bertso-paperetakoen antzekoak, umorezkoak, epigramak, ipui edo *fabulak...* Sarritan saritu zuten. Liburuskaren batzuk ere argitaratutakoa zan.

Ipuiak ere asmatu zituan itz-lauz. Umorezkoak danak edo geienak. Artara zuan bere joera.

Antzerki batzuen egillea ere bada. Komeri, zarzuela eta bakar-izketak, amabost bat ale:

Bi itxuak, Petra txardin-saltzallia, Ardita beti ardit, Pasaian, Gabonetan, Txomin Donostiyan, Zeladore baten estuasunak, Joxemaritarrak, Xordo, Leokadia, Pulpuba, Onentzaro gabe, Ergobian, Ixkiña Mutrikun.

Marrazkilaria ere bazan. *Euskal-Erria* eta *El thun thun* aldizkarietan garai artako euskalzale batzuen marrazkiak argitara eman zituan: Bilintx, Ramon Artola, Sanchez Irure, Juan Inazio Uranga, Pedro Maria Otaño, Juan Pedro Otaño, Udarregi...

Gizon bikaiña omen zan, altu eta lodia.

1919 urteko agorrillaren 19-an il zan. irurogei ta emezortzi urte zituala.

Aren eriotzaren berri ematerakoan, onela zion *Euskal Esnalea* aldizkariak:

“...Makiña bat ipui, izkirimiri ta gauza alai idatzita joan zaigu Iraola gizarajoa...


...Olerkiak idazten ere ederki zekien. Emen bertan agertu ziran *Euskalerriko txoriyak* eta beste asko. Idazti batzaldietan ere sari ugari irabazi zitun donostiar jator onek.


...Oso donostiarra zan Iraola. Donostiko euskera zan berea; Donostia zarreko ipui ta gertaerak ederki zekizkian; arrantzale, txardin-saltzalle, zeladore ta orrelakoak ondo ezagutzen zituan.


...Il da... il onen 19-garren egunean. Urte asko zituan, bañan sendo ta tente zebillen oraindik”.

Aren ipui sorta bat argitaratu zuan Auspoa liburutegi onek bere bederatzigarren zenbakian, *Oroitzak eta beste ipui asko* izenarekin.

Oraingo ontan, berriz, aren bertso mordo bat eskeiñi nai dio irakurleari.. Ez noski arek jarritako guziak. Alde batetik, danak biltzea ezinezk izango litzakelako, ainbeste moldatu zituan eta. Eta bestetik, Auspoa-ren liburuak beren neurri jakiña dutelako. Baiña bilduma onek, osoa ez izanik ere, ederki erakusten du aren bertsogintza nolakoa zan.

Biktoriano Iraola, Donostiako joan dan mendearen euskal idazleen gizaldikoa degu. Talde orrek euskeraren aldeko mugimentu edo indar-aldi sutsu bat sortu zuan Gipuzkoako iriburuan bigarren karlisten gerratea bukatu eta fueroak galdu ondoren. Euskaltzale saiatu aietako bat degu Iraola jauna. Bere lagun batzuen izenak: Jose Manterola, Ramon Artola, Martzelino Soroa, Antonio Arzak, Kaietano Sanchez Irure, Alejandro Berroa, Felipe Kasal Otegi, Pepe Artola, Ramon Gelbenzu, Pedro Maria Otaño, Frantzisko Lopez Alen, Toribio Alzaga eta abar eta abar.

Donostiako erria talde edo gizaldi orrekin zorretan dagoala pentsaturik, bertako Euskararen Udal Patronatuak laguntza eman du liburu au argitaratu dedin. Milla esker, beraz, aren esku zabalari.

Antonio Zabala







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org