|
Biktoriano Iraola
Jose Maria Zubia “Mari” bere miragarri baten oroitza
(Irungo Euskal-Festetan D’Abbadie jaunak 80 pezetakin eta Laborde-Noguez jaunak makillarekin saritutako moldaera.)
Non dira gizon jakintsu aien
indar sendoak? Non dira?
Gogoratzian negar malkoak
saltatzen zaizkit begira;
nik baneukake menderatua,
o!, nik Erato-ren lira,
zer pozik, Mari, ateratuko
zinduzkian gaur argira!
|
Eskatzen diot aingeruari,
eskaka nago zerura,
argi apur bat sar dizatela
gaur nere pentsamentura;
atozte, fama zabaltzalleak,
egan nere ingurura,
denak batean kanta dezagun
zein dan gizon aundi ura.
|
Odoi beltz pisu bildurgarriak,
tximist zorrotzen su-garrak,
beren azpitik ikaraz datoz
itsasoko deadarrak;
urikalduen (1) antsi larriak,
legorrekoen negarrak,
laburtzen ditu beso sendoak
eta biotzen indarrak.
|
txalupa txiki argal batian
ausarkiz ziran atera,
Mari gidari zuela presaz
urikalduen bidera.
“Ara anaiak urian -zion-,
arraun da goazen aurrera,
itsaso arro indartsuari
anai geriak kentzera”.
|
Itsas golpeak puskatu bear
txalupa menderatuta,
ala zijoan anaien billa
itsasopean sartuta;
olatuari desafioka
odol guziak sututa...
Ikusi utsak jartzen zituen
ille muturrak zut-zuta.
|
Palo zatitu erbalan edo
ol puska bati eutsiak,
olatu zakar irakiñetan
estu zebiltzan guziak;
itsas goititu orrolaria,
turmoi nastuan aiziak,
o zer trantzetik kentzen zituen
zenbait gizonen biziak!
|
Baña egun bat, o zer eguna!,
triste sartzen zait gogora,
itsaso puskak arkaitz gañetik
saltatzen zuten txit gora,
olatu batek ontan txalupa
jo ta botarik ondora;
o zer agudo galduen billa
Mari irten zan kanpora!
|
Urezko mendi nabarbenduak
golpez alkarren furian,
legoi indartsu zaurien gisa
orroaz beren aurrian,
“Ara gizonak -zion- itotzen!
Ara gaixoak urian!
Boga, mutillak! Boga korajez,
denak atera artian!".
|
Itsas-egazti mokoluziak
txilioz denak gosiak,
egalka jiran beren gañean
kendu bearrez begiak;
olatuaren zurrunbulluak
uzten zituen gordiak,
ziruritela ezkutatuak
betiko beldurgabiak.
|
Itsaso eta aize zorrotzak
ala ziraden indartu,
beren bultzadan arkaitzak ere
nai zituztela urratu;
olatu batek istante artan
bertan zituen ondatu,
eta... a!, Mari gizarajoa
etzan geiago agertu.
|
Biotz aundiko kantauritarra
beldurgarria urian,
euskaldun onak biotz barrenen
gaur daukatena gordian;
anai askoren salbatzallea,
beti laguntzen urpian,
arkitu zuen arte obia (2)
itsasoaren erdian.
|
Beti urpean, beti laguntzen
ziran bere zorionak,
zenbait alditan eldu ta kentzen
itsasoari gizonak;
famak, berriro zabaltzazute
orain urrutira sonak,
bada sari au merezia du
ori egiten zuenak.
|
(Euskarazko itz-jostaldiak Donostian, Oroimengarria, 1881)
(Euskal-Erria, 1882.)
(1) Náufragos. (Egillearen oarra.)
(2) Sepultura. (Egillearen oarra.)
|