 |
|
 |
 |
|
Biktoriano Iraola
Apari batez ostatuban
Begi biziyak eperren gisa,
karnaba beziñ airosa,
kasikan deitu litzaiokena
Apirilleko arrosa;
far-irri ariñ tentatzallia,
naiz serbitzalle panpoxa;
aldamenian jartzen zanian
ala sartzen ziran poza...
gai zan txulioz mugi azteko
mutill zar baten biyotza.
|
Urpeko arri ederrak eta
diamante garestiyak
ez dute denak baliyorikan
nola aren arpegiyak;
kolpez itzaldu izan balira
gela artako argiyak,
aiek ainbeste emango zuten
mirabe aren begiyak,
masusta baña beltxagokuak...
izarra beziñ garbiyak...
|
Lora xorta bat edergarritzat
maien erdiyan zeguan,
aietako bat eskeñi eta
ipiñi niyon eskuban;
usai egiñaz, biatz birekin
farrez jarri du petxuban;
begiyetara azaldurikan
ura alako itxuran...
baten lekuban bi bistek artu
nituben nere itxuban.
|
Añ eztitsu itz egiten ziran
eta añ biguntasunez,
aietxek entzun eta biyotza
bete ziran zorionez;
gabaz izarra ziruriyena,
lora garbiya egunez,
zeru zabalak aukeratuba
jazteko edertasunez,
nork zezakian bistek bezela
estali laztantasunez!
|
Esku emanaz andik kanpora
penatuba ninjuala,
biyotzez esan niyon bi itztxo
esan biar niyozkala;
nik uste nuben nere esanaz
benetan gustatzen zala,
baña kupida gabe algaraz
erantzun dit beriala:
- Oker zabiltza; bi illabete
dira ezkondu nintzala!
|
(Euskal-Esnalea, 1916)
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |