Konfesio aurreko hiru kontsiderazioak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Larroka Aita »  Konfesio aurreko hiru kontsiderazioak

Aita Larroka



KONFESIO AURREKO

HIRU KONTSIDERAZIOAK





Sakramentu honetan behar den fruitua ateratzeko konfesio guztietan hiru gauza ondo pentsatu behar dituzu.

Lehenengoa. Edozein konfesoreren oinetan jartzean Kalbarioko mendian Jesusen gurutzepean aurkitzen zarela.

ORAZIOA



Ai Ostiral santuz ni han aurkitu banintz, zer negar, zer deiadar bihotzekoak egingo nituen. Ai nire salbadore maitea, nire bekatuak ipini zaituzte estadu triste horretan. Ez Jauna gehiago pauso gaiztorik, baizik bizitza berria; hala ematen dizut hitza, zure graziarekin batean eta esperantza osoa daukat barkatuko dizkidazula nire bekatuak zure merezimenduak direla mediante.

Bigarrena. Konfesatzera zoazen guztian, federik bizienaz pentsa ezazu, ez gizon batean, ezpada Jesukristoren oinetara zoazela

ORAZIOA



Ai Jesus nire bihotzekoa. Baldin Jerusalemen zure egunetan bizi izan banintz, edo zu orain, orduan bezala, hemen agertuko bazina, zure oinetan belauniko jarririk nola esango nizukeen; ona Jauna, bekataririk galduena bekatu mortal askoren enfermedade krudelen azpian hondaturik aurkitzen naiz. Zu zara nire arimaren medikua. Zuk dakizu nik baino hobeto nire gaitz guztien berri. Arren zure miserikordiagatik senda nazazu. Banoa bertatik, zuri nire bekatu guztiak zure ministroaren oinetan aitortzera eta konfesatzera. Eta zuk nola nire berri dakizun, ez lotsa eta ez beldurrik izango dut, nire barren guztia agertzean.

Hirugarrena. Konfesatzen zaren guztian kontu egizu hori izango dela azkenekoa, eta hiltzeko konfesatzen zarela. Hil beharra fedeko gauza da, eta konfesio gabe ez bazoaz, hau edo beste bat izango da zure atzenekoa.



ORAZIOA



Ai nire biziaren ordu eta denbora guztien jabea! Zuk esango bazenit, hau dela nire atzeneko konfesioa; hiltzeko zorian nagoela. Berehala hil behar dudala, edo nire aingeru guardakoak zuregatik mandatu hau egingo balit; ea orain konfesatu eta berehala hil behar duzu; etzera gehiago konfesatuko. Jesus mila bider. Adio esango nuke, adio mundua; ken, ken hortik nire lagun faltsu eta gaiztoak, kanpora sekulako nire bihotzetik ohitura gaiztoak; zoazte hemendik ondasun gaizki eramanak, zoazte nire ibilera gaizto eta munduko atsegin gezurtiak; zoazte jan edan gaiztoa, arima eta gorputza galdu didazuna; zoazte guztiok oraindaino zoratu eta galdurik eduki nazutenak; zoazte betiko nigandik; hil behar dut. Jainkoak hala dio eta hala nahi du. Ai nire Jesus ona, nire jabe maitea; eta zein damu dudan zu nire bekatuarekin hainbeste bider ofenditua. Damu dut lehenago behar bezala ez prestatua. Zu nire Jainko eta nire Aita ona, amatu eta zerbitzatu beharrean hainbeste bider ofenditu zaitut.

Non da Jauna nik eman behar nizun onra eta errespetua? Non da nik zuri behar nizun amodioa? Etzan niretzat onrarik asko zure seme izatea? Bai nire Jesus ona. Damu dut Jauna nire bihotz guztitik zu ofenditua, zergatik zaren horren ona, santua eta amablea. Zugan Jauna aurkitzen dira zeruko santuak eta aingeruak eta kreatura guztiak sekulan ezin esan eta koprendituko ez dituzten exzelentzia, grandeza eta perfekzio guztiak. Zu horrelakoa izanik, damu dut zu ofenditua bakarrik, zu zarenagatik. Atzeratuko ditut nire ohitura eta egitera gaizto guztiak, eta egingo dut penitentzia nire bekatuen bengantzan, zu maite zaitudala adierazten dudala ondorengo bizi modu berri batekin. Amen.

Honela prestatu nahiko duzu hiltzeko denboran. Bada kontu hori orain egizu, eta nire kontu ondo prestatuko zarela, eta egingo dituzula ondo zure konfesio guzti guztiak.

Oraindaino esan denetik ezagutuko duzu; etsamina kontzientziakoa egin eta beste gabe konfesatzera doazenak, gaizki konfesatzen direla, dolore eta proposituaren faltaz, zeinak diren parterik prinzipalenak; eta konfesio jeneral bat egiteko premian aurkitzen direla.

Gainera dolore eta propositu hau iristeko, behar da askotan denbora gehiago kontzientzia etsaminatzen baino.

Bezperatik edo lehenago lan honetan jardun gabe, goizean lasterka jantzi eta elizarako bidean egin duzun etsamina, eta dolore arinarekin beste gabe berehala konfesatzea da gauza peligrosoa; zeren presaka eta espazio gabe nekez ondo egiten ohi diren gauza hauek. Behintzat nahiko ez zenuke hiltzeko horrela prestatzea.

Lehenagoko bekatuak barkatuak egon arren konfesio ona dela bide, hauen eta beste guztien gainean, hartu behar da dolorea konfesatuak ez baleude bezala.

Gero konfesorearen aurrean belauniko jarririk, zeinatu zaitez eta esan bihotzetik: «Ni bekataria» edo «Nire Jesukristo Jauna» eta gero arrimatuko zara konfesoreagana modu honetan, eta esango dizkiozu zure bekatuak direnak diren bezala.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org