Santander


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Lazkano Patxi »  Santander

Patxi Lazkano



Santander



Ez dakit bada orain agoztuaren ogei ta laua edo ogei ta seia zan, Crucero de la Montija’tik Santander aldera atera giñanean. Bietako bat.

Ordena eman ziguten, zera danak preparatu ta aurrera joan bear zala.

Aurrera abiatu giñan ta, aien lendabiziko trintxerara allegatzean, badakizu, len esan dedan moduan, alanbradak zituzten, guk genituan bezela.

Ordurako, ordea, beste tropa batzuk saietsetik bazijoazen, Bizkai aldetik, eta aiek andikan alde egiñak ziran.

Bañan alde egin baño len, alanbradetan minak utzi zituzten. Bonbaren batzuk alukerian jarri, alegia.

Ta alanbradetara allegatu ta pasatzeko moztutzen asi giñanean, dunba!

Illik ez genduan izan; bañan aleren batzuk eritu bai, bi edo iru lagun.

Etzan beste zerarik izan. Tiroteorik eta zalapartarik ez beintzat.

Andik, mendiz-mendi, ia itxasondoraño sartu giñan. Bidean ez genduan ezeren okerrik izan or.

Gu, ibilli ta ibilli, ibilli ta ibilli. Ez genekian nora ginjoazen ere.

Aundiak bai mendiak. Bañan ango izenik alerik ez dakit orain nik.

Geiegizko karga bai guk bizkarrean: fusilla, irureun kartutxo, bi esku-bonba, morrala, an zeozer erropa baldin bazenduan sartzeko, manta, kapotea, ta lona, allegatzen giñan tokian tienda de campaña egiteko.

Len esan bezela egun guziko errazioa goizetikan ematen ziguten: lata mermelada, beste lata atun, beste lata sardiña, txusko bana eta ardoa. Zalapartarik etzan tokietan, kafea. Uraxe artu eta segi aurrera.

Illuntzean esaten zuten:

Emen geratu bear degu.

Orduan tokia preparatu, zentinelak lonbratu, tienda de campaña jarri, irunaka lagun edo launaka bildu, batek manta eta kapote bat edo bi azpian bota, besteak gañera beste manta ta kapote bat edo bi, ta antxe sartu, bañan kartutxerarik soñetik bein ere kendu gabe.

Ala ere bai aguro lo artu. Bañan andik bi ordura altxa igual egin bear, puestora joateko. Beti bat edo batek zentinela egin bear an, bada ezpada ere.

Kontrariorik etzan iñun ere azaldu, eta ez genduan guk or tirorik egin.

Nunbait ere, Reinosa’tik eta itxas aldetik sartu zitzaizkienean, erretiratu egin ziran aiek toki guzietatik.

Orrela, egun batean puxka bat, bestean beste puxka bat, gu beti aurrera. Ibillera luzeak egin genituan, bañan ango jendearekin ez genduan batere tratorik izan.

Santander’ko alde orrek, gu mendi samarrean ibilli giñan, bañan toki onak baditu. Basarri aundiak eta ganadu-leku onak. Beiak ere, sail ederrak ikusi genituan.

Eta dana berde-berde, emen bezelaxe. Eta gaztañadiak, pagadiak eta arboladi bikañak nunai. Mendietako arria ere, emengo geiena bezela, kare-aitza.

Erriak, allegatu giñanak eta orain izenak gogoratzen zaizkidanak, Arredondo ta La Cavada. Besterik ez.

Urte asko baitira. Santander’tik uste det inguru samarrean dirala oiek. Erri politak dira. Mendi samarrekoak, bañan ganaduakin eta zelai ederrakin.

An, nunbait ere tropak deskansatu edo zeratu bitartean, bi edo iru egun egin genituan.

Gero, Santander’a joan bear genduala-ta, andikan berriz oñez atera giñan.

Bañan ia Santander’ko ondoraño allegatu giñanean, alto!

Etorri ziran kamioiak eta León’a eraman ginduzten.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org