Peña Lasa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Lazkano Patxi »  Peña Lasa

Patxi Lazkano



Peña Lasa



León’en egun bat eta gau bat pasa genituan. Millaka giñan gu an soldaduak, danak Asturias’era eramateko. Auskalo zenbat tren etorri ziran. An ibilli giñan ara ta onera. Tabernaren bat billatu ezkero, antxe sartu. Guk ez genduan ezer ikusi an.

Noria deitzen zaiona bai; an ezagutu nuan nik. Katxarro bat emen, pertika luze bat, eta batean astoa zan eta bestean idia lotua. Ta aiek tuk-tuk-tuk beren pausoan bueltaka dabiltzala, po-po-pot po-po-pot ura aidoso beetik gora. Eta ur ori andikan eraman, baratzak bustitzeko. Ari begira gustora egon giñan.

Andik, kamioitan artu ta San Pedro de Luna’ra eraman ginduzten. Erri ori, León’dik Asturias alderako kamioan izango da. Bañan beste kamio batzuk ere egongo dira, gero bueltan, mendi danak pasata, beste kamio batetik etorri giñan-da.

San Pedro de Luna ortan asi giñan aurrena gerran. An, kamioa pasatzen zuana ere iltzen zutela zeukaten aiek. Orregatik, illunpetan pasa giñan gu. Gero, lejionarioak aurretik eta gu atzetik, zabalduta atera giñan ta artu genduan mendi ura. Egun batean zeratu zan dana. Mendi koxkor bat zan, mendi txiki bat, San Pedro de Luna’ko muga ortan.

Andikan mendiz-mendi abiatu giñan, eta mendi ikaragarriak eta toki pobreak. Erri kaxkar batzuk, tellatuak belarrakin egindako etxeak.

Erri koxkor bat mendi-zoko-zoko batean billatu genduan. Metro bateko paretak buztiñakin-da egiñak, gero, gañetik egurra bota, esan bezela lastoakin tellatua, ta an bizitzen ziran. Ez dakit nik zenbat famili izango ziran: amar, amabost edo ola.

Erri txiki ortan, gure konpañian jatenik etzegoala-ta, tenientea baserri batera joan eta zekor koskor bat zegoan, larrean ibiltzen dan gorri arraza ori.

Etorri eta ura artzeko esan zidan. Artu ta beste laguna, Donostia’n bizi da, arabarra berez, Jose Abezia, ordurako mataderan lanean ari zana. Arek il zuan, artarako labana ere bazuan-ta. Odolak kendu ta garbitu ere bai. Zenbat kilo zan gutxi gora-beera esan zuan ta zenbat diru balio zuan ere bai. Orduan tenienteak neri:

Vete y págale a la señora.

Dirua eman zidan eta joan nintzan. Emakume plaka-plaka bat zan, berrogei urtetik gorakoa. Orduan guretzako zarra iruditzen zan, bañan emakume gordiña. Aiek, ordea, gorrien diruarekin oituak eta onela esan zidan:

Este dinero no vale.

Señora, este dinero es el que ahora vale.

No, no vale.

Sí, vale. En este pueblo, usted es la única que tiene dinero.

Que sea lo que Dios quiera. Lo guardaré como recuerdo.

Sí; guárdelo.

Zer esango nion, ba? Gajoa an geratu zan, diruak artuta ta txekorra falta.

Etzan beti modua izaten. Frentea bertan baldin bada, su egiterik ez baitago. Bañan su egitea egon ezkero, tiroteorik ez danean, mendira allegatuta ere, beti zerbait beroa jartzen zuten: edo babarruna, edo garbantzua, edo patata. Lau bat mando izaten zituzten, perolak eta arrantxoa eramateko. Ola jan genduan, gixatuta gañera, txekor ura.

Erri artatik, jo ta jo ta jo, aurrera abitu giñan. Beren izena izango dute toki aiek. Nik orain ez jakin, ordea.

Bañan Peña Lasa gogoan daukat. Milla ta zortzireun metroko mendia uste det dala.

Errezeloa ala daukat. Mapetan egongo da ori. An gerra gogorra egin genduan.

Orrera igo giñan, bañan gu batalloi bakarra ta indar gutxi. Bestea ere abixatuta zegoan laguntzera etortzeko eta bazetorren pixkanaka; bañan aiek ere denbora bear.

Ta zer gertatu da? Mendi-kate bat zan. Bañan kate orrek egiten zuan, andik onera zetorren bezela, emen beste mendi bat, saietsean, dana arkaitza. Ta gorriak an egoki. Bañan lañoa zegoan aundia ta guk ez ikusten.

Gu aurrera ta aurrera, ta orduan aiek tiro ta tiro arkaitzetatik. Gu aurreraegi sartu ta aiek saietsetik arrapatu. Aiek preparatuta egongo ziran. Aiek ezagutzen zuten mendi ura, bai. Bañan guk ez, eta mutil asko il ziguten.

Amabost-edo euskaldunak baziran illak an; eta euskaldunak etziranak ere bai mordoa. Sarjentoak, berriz, ia danak. An il zuten, len esa dedana, Esnabiro’koa, Inazio Orbegozo. Kontadore-fabrika dagoan ortan zan baserria.

Octavo de San Marcial uste det zala beste batalloia. Juxtu-juxtu allegatu aiek. Orduan gu atzera bota ginduzten, eta aiek ekin.

Bañan mendi altua beetik gora, mendiaren kaxkoa dana arkaitza, besteak an geratuak eta an etzegoan sartzerik iñondik ere. Batzutan lañoa kentzen zuan, ta taka! aiek tiroa. Edo, bestela, ta-ta-ta-ta ametralladorakin.

Urrengo egunean, komandanteak teniente koronelari abixoa: que no se puede tomar el monte.

Teniente koronelak beetik gora: nai ta nai ez, artzeko mendi ura.

Ta komandanteak: nai baldin bazuan, bera joango zala ta bera ilko zutela; bañan soldadurik etzuala bidaliko.

Izan ere, burua atera ezkero, segituan jotzen zuten. Bertan baigeunden. Arriakin allegatzeko moduan batetik bestera.

Bestea bai al dakizu zein il zuten mendi artan? Mendizabal nola aizkoran ta arri jasotzen ari da, Aduna’koa? Orren osaba, Frantzisko Mendizabal. Neronen ondoan zan, gañera.

Igo zan teniente koronela ta komandanteak esan zion:

Ahí está el monte.

Ta teniente koronela arrimatu zan denboran, ta-ta-ta-ta suak eta balak. Etzuten arrapatu. Aidoso atzeratu zan.

Orduan moroak ekarri zituzten, tabor bat. Aurrera bota ere bai mendi ura artzeko. Abiatu ziran ttau-ttau-ttau ojuka, Nik ez dakit zer esango zuten. Bañan izugarrizko bulla atera aiek.

Bañan moroak ere etzuten artu. Aiek ez dira gu baño geiago. Moroa kobardea da. Pilla galantak an geratu ziran ilda. Aiek sinistuta etorri ziran gizajoak, emen il ta beren errian piztuko zirala.

Lur emateko, biderako arrantxoa jarri zioten bakoitzari. Beren lagunak zulo aundi bat egin ta danak batera sartu zituzten.

Gero, bizi ziranak bueltan jarri eta burua ta besoak gora altxatzen zituzten, ta gero rak! lurreraño makurtzen ziran, tza-tza-tza-tza beren errezoa egiten zutela. Ta berriz gora ta berriz beera, ez dakit zenbat bider. Ori egin ondoren tapatu zituzten.

Mendi ura artzerik etzegoala-ta, an geratu giñan. Moroak ere an zeuden.

Gau batean, Arrua’ko zala uste det, edo ez dakit Zestua’koa zan, mutil bat zentinela zegoan. Gure aurrean bandera genduan jarria, arri koskorrakin gogortuta, abiazioa bonbardeatzera etortzen bazan ez deskuidatzeagatik.

Bañan nunbait ere aize aundia zebillen ta zer egin du? Bandera artu ta goitik beera eraman. Ta mutil, ura zentinela bertan egoki ta or iruditu zaio bandera gorriak daramatela.

Asi da bonba tiratzen. Korrika atera giñan ta asi da tiroteoa. Moro guziak ere bai txau-txo-txo txau-txo-txo...

Komandanteak, andaluza bera, esaten zidan:

Lazcano, vengan bombas, vengan bombas.

Ta kaja bonba an ta nik ere gogotik ekin diot esku-bonba tiratzen. Bañan andik onera tirorik etzala ta geratu giñan. Ta zer izaki ta aizeak bandera bota. Nunbait ere mutil ura bildurrak egoki. Batzuek gutxiago bear dute, besteak baño, ortarako ere.

An giñala, bajak osatu ta konpañia indartzeko, jende berria ekarri ziguten. Oietako bat, alfereza.

Egun batean, an bertan, arkaitz tartean, basauntza azaldu zan. Jendearekin izutu ta izkutatua, edo nik ez dakit zer izango zan ura, ta orduan atera. Ta iru edo lau lagunek tira genion ta il.

Tenienteak esan zuan, larrutu ta konpañiarentzat arrantxoa jartzeko. Nere lagun Abezia’k larrua kendu ta garbitu zuan.

Alferez berriak, labanarekin puska kendu ta gordiñik jan zuan. Kabo Millán kozinakoa zan ta esan zion:

Espere un poco. Ya le asaré un cacho.

Ta alferezak onela erantzun zion:

Si yo tengo hambre y le cojo a un rojo, me lo comeré así.

Bañan andik ordu gutxi baño len, bala batek jo zuan begiaren ondoan. Akabo gure alfereza. An gelditu zan betiko.

Naiko denbora pasa genduan an. Bearbada ogei egun bai. Ia illabetea.

Gero, mendi ura nola edo ala artu bear zala-ta, gu, geunden tokitik abitu giñan. Gure eskubitik reketeak jarri zituzten. Eta ezkerretik beste batalloi bat; ez dakit izena nola zuan.

Etorri zan abiazioa eta gu ere bildurrak, bertan baigiñan. Asma zazu bonba nora eroriko dan. Bañan ondo ikasiak egongo ziran eta zuzen botatzen zituzten. Ango burrunda! Dana arkaitza baitzan, arkaitz tartean sartzen zan bonba bakoitzak arri-zipristin ederrak ateratzen zituan. Puska ederrak bai. Mendigain ura ala txikitu zuten.

Ango batzuk itzuli asi ziran ta saietsetik artu zituzten. Besteak, geienak an garbitu ziran.

Gero, andikan beeko barrenera jetxi giñan, Busdongo errira. Ta andik atzerago erretiratu, Villamanín errira. Ez dakit Asturias’en dauden edo León’en dauden erri oiek. León izango da. Trena pasatzen da.

Guk eguraldi-giro onak izan genituan mendian. Bañan beera jetxi ta segituan elurra egin zuan goien.

Villamanín ortan egun batzutan egon giñan. Ordurako, artu samarra zan Asturias; ango gerra bukatuxea.

An bazeuden, afusillatu-edo ta ankak-eta bistan zituztenak. Ta zulo aundiak egin ta ondo tapatzeko aiek, eta an jardun giñan.

An geundela, prisionero asko ekarri zuten. Itxitura batean sartzen zituzten, ta gero andikan artu ta berriz eraman, batzuk kamioitan eta beste batzuk bagoitan.

Villamanín ori erri polita da. Artalde eder bat bazegoan an, irureun-lareun bat ardi zuana.

Gure lagun bat Abaltzisketa’koa zan, Antonio Etxeberria. Orain uste det Andoain’en edo or bizi dala. Arek zer egin du? Bildots bat ostu. Esan zidan:

Au biok jan biagu.

Ta zer da ta gaueko amabietan ordena: zera danak preparatu ta iru t’erdietan edo lauretan atera bear genduala.

Bai? Guk lonak eta katxarroak berealaxe bildu genituan; ta sua egin, erre ta goizeko iruretan jan genduan bildots ura.

Andikan León’go kapital ingurura ekarri ginduzten.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org