Pirineo


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Lazkano Patxi »  Pirineo

Patxi Lazkano



Pirineo



Andikan Tremp’era eraman ginduzten, ta ortik Esterrí de Aneu, Sort, Llavorsí... Kamio batean daude erri oiek. Ordurako beste tropa batzuk zeuden an; eta, gu allegatzean, aiek erretiratu egin ziran.

Ara joan ta Puerto de la Bonaigua’ra igo giñan. Apirillaren 17’a zan. Kamioa irikia zeukaten; bañan or elurra zegoan, bazterreko zokonetan, igual lau metro altuko. Ta dana jelatua ta azpitik ura: rrruuummm... Goien, danean elurra.

Karabinero batzuk-edo tiroka asi zitzaizkigun. Ta gu tipiti-tapa asi giñanean, Prantzi aldera joango ziran aiek.

Goiko kaskoan, kamineroen etxea zegoan. Ederra etxea. An jartzen zuan: 2.072 metros sobre el nivel del mar. Ta ura txoko batean dago. Or mendia ta or mendia. Ikaragarriak mendiak!

Gero, andikan beera ta beera jetxi giñan, Prantzi aldera. Valle de Arán edo ola uste det dala. Bi erri txikitan ailegatu giñan: Tredós eta Salardú. Erri kaskar-kaskarrak.

Etxe zarrak. Bañan aiek egurrak eta aiek frontalak zeuzkaten! Ta tellatuak aldapa aundikoak.

Ikaragarrizko elurra egiten zuala, esaten zuten, an. Egin bear. Gu bide askoan jetxi giñan, bañan ala ere auskalo zenbat metro altu diran erri oiek.

Neguan, berak esan ziguten: goizean egiten zutela, jeiki ta egunero elurra palakin kendu, ta errekak eta bideak idiki, ura ekartzeko. Ta udaran, egurra ebaki negurako, su egiteko. Negu guztian elurpean egoten zirala.

Gu an geratu giñan. Gero, beste batalloi bat joan zan andikan aurrera, fronteraraño. Ta gu, ortikan atzera bueltatu ta Bonaigua’ra igo; beste aldera jetxi ta berriz ere Llavorsí edo orrera.

Antxe, mendi aietan, denbora asko egin genduan. Bildurgarriak mendiak.

Elurra etzuan kendu urte guztian mospeletik. San Antonio egunean, elurra egin zuan. Zuritu ez, bañan elurra. Ta bestea, Abuztuan egin zuan berriz ere. Elurra po-po-po zuri-zuri, bañan zuritu gabe orduan ere.

Ur edaten asi ta otzarekin ez da ortzetan aguantatzen. Urak bai garbi ta ederrak. Ur asko.

Bañan or, nola azitzen dira olako piñuak? Beti elurpean ta piñua ikaragarri baitago. Piñu aundiak. Auskalo zenbat urte dituzten.

Larre motz ori goien izaten da. Arkaitza ere asko an, bañan elurpean.

Gu giñan tokian, arboladi asko zegoan. Len esan dedana, piñua asko. Ta bestelako arbol zarpallak ere bai. Pagoa ez. Bañan ametza ta aritza bai.

Baita ezpela ere. Ta otea bezelako ta otea bezin aundia egiten dan zera bat ere bai. Asko da or zatarreria.

Errira, bost orduko bidea bagenduan eta ez giñan joaten. Bero aundiak egiten omen zituan an udaran. Inbutuan ura nola pasatzen da? Berdin-berdin sartzen da eguzkia an bean, errian, ta ikaragarri berotzen. Bañan goien ez; an ez da berorik.

Sarreran ez; sarreran etzan or ezer ere izan. Bañan gero, kontraatake asko eman zuten gorriak. Menditik sartzen ziran. Denbora askoan eman zuten lata. Illebete baño geiagoan bai. Ta mendia kendu ere bai.

Gu ez giñan an. Gu urrutiago geunden, emendikan Errenteri’ko mendira bezela-edo. Beste batalloi bat eta falanjekoak ziran an.

Tiroteoa gau guztian, ta zer egin zieten? Aiek tokia ondo ezagutzen, ta bueltan artu ta mendia kendu. Itzuli egin bear.

Bigaramonean, eguna argitu zuanean, jo ta txikitu kañonazoakin, ta kendu berriz ere.

Gu giñan tokian, piñudi osoa moztu zuten ametralladorakin ta bonbakin. Gabero tipiti-tapa asten ziran ta ¡fuego! Bañan piñu arbola aundiak. Amabost edo emezortzi bai, mendi-kaskoan. Jo ta dana moztuta geratu zan.

Or izan zan gañera: an egun guztiak berdiñak zirala, igandea noiz zan etzitzaiola antzematen, jaia zala ta meza eman bear zala.

Ala, prestatu genduan piñudi batean, egur batzuk-eta moztuta, aldarea bezelako toki polit bat.

Ta, mezetan giñan denboran, meza erdiko garaiean, fuego! darrrrr... ametralladorakin beste aldekoak.

Nik ez dakit nola jakin zuten, bañan batenbatek bazekian ura, guk zer egin bear genduan, naiz-ta piñu tartean izan.

An balazoa tititi-tata euria bezela, ta al zuanak al zuan tokira korritzen zuan. An bizia aurrenekoa.

Bañan gero, nunbait ere etsi zuten eta etzan tiroteorik izan. Ta, tirorik ez bazan, gu pozik.

Txabolak-eta bagenituan. Guk, allegatzen giñan tokian, gau batekoa egin bear baldin bazan, orduan lonakin preparatzen genduan. Bañan geratu bear zan usaia baldin bazegoan, segituan egiten genduan txosna.

Egurra izan ezkero, tak! eta rak! jo ta moztu. Jarri egur-puskak alkarren kontra, zotala gañetik, ta antxe lotarako tokia.

Danak sasoi ederra ta eskuadra ona giñan gu. Lau euskaldun ta kaboa Santander’koa. Bañan ondo konpontzen giñan.

Urrengo bertso auek, Pirineos mendi oietan jarriak izango dira. Ogei ta bi urte esaten du bertso batek; eta nik Martxoan kunplitu nituan urte oiek, or Apirillean sartu giñan, ta liteke ori ere. An denbora asko izaten baigenduan, geldirik egon giñan-ta.

Kantu lanian asi biar det
lendikan daukaten griñez,
zerbait arrazoi esplikatzeko
Jesukristoren dotriñez;
ogei bat urte kunplitu zaizkit
ikasi nubela oñez,
besteren mende gabiltza eta
nora guazen jakiñ ez.
Ogei ta bi urte kunplitu zaizkit
mundura sortu nintzala,
orain artian nunai eman det
gizon tajuzen (1) itzala;
pakeosua beti izan naiz,
umilla ta serbitzala,
okasiyuan sartu gaituzte,
Jaunak bedeinka ditzala!


Naziyu ontan lautatik iru
bizi giñanak pakian,
jarri gaituzte okasiyuan
askoren errematian;
nere ezagunak pranko badira
sartutakoak lurpian,
ta beste asko beren denbora
guzirako itzalpian.
Jaunak, emango nituzke ondo
kasu onen notiziyak,
bañan etzaigu guri komeni
esplikatzia guziyak;
ainbeste leku pasa ditugu,
asko ditugu ikusiyak,
bestiak ondo bizitziagatik
jokatzen geren biziyak.


Esaten dute: «Ekarri zagun
Jesukristoren legia»,
ori egiya dala uste-ta
bizi diranak badia.
Baña guziyak nai dutena au da:
salba bakoitzak beria;
Jaunagandikan datorrena ezta
olako formalidadia.
Sei bertso berri kantatu ditut
deskantsatzeko barrena,
mundu guziyan pakia dala
diye gauzik ederrena;
modu orretan konprendi zagun
nik esplikatzen detena:
zeruan nola sartu liteke
gerra au sortu zubena?




Euskerazko bertsoak, bañan pasatzen uzten zuten.

Euskeraz bakarrik iskribitzen zuten Goierriko mutillak. Erriko apaizarekin ikasita, euskeraz aiek etxera. Etzekiten besterik.

Nik, berriz, erderaz egiten nituan kartak, guk eskolan erderaz ikasi genduan pixka bat eta. Bertsoak euskeraz.

Beste lau auek ere Pirineo aldetik bialduak izango dira:

Milla beatzireun da
oi ta emezortzi urte
Kristo jaio zanetik
onera arte;
gerr’au dabillela’re
bi izan biaute,
nere entendimentuak
ala esan naute.
Legerik ez bete,
ordenak aparte,
juramentu fuerte,
Españiya’n parte,
gezurtzat alferrikan
ukatzen dute.
Askok esaten dute:
«Au negoziyua!
Nik badet Jainkuakin
partiziyua!»
Zuzen artu ezkero
deklaraziyua,
geienak Judasekin
dute soziyua.
Zer ofiziyua!
Oin kondiziyua
da ernegaziyua,
ez deboziyua,
euskaldunen kontrako
traiziyua.


Euskaldunaren kontra
badaukate griña,
asko ori ez degu
pentsatzen baña;
gauza guziyak badu
munduan tamaña,
guretzako dutena
sufritu eziña,
aspaldi egiña;
nik daukaten miña,
edozeñek aña,
biartua zaña;
billatu egin bear
orren ordaña.
Orra lau bertso jarri
beatzi puntuan,
gusto duen guziyak
artu goguan;
senper ikusten pranko
ai gera munduan,
pobre inozentiak
alkarren onduan;
estadu senduan
jokatzen genduan,
baña beranduan
lan egin genduan;
amaika il digute
azken orduan.




An giñala, teniente batekin asistente jarri ninduten. Extremadura’koa zan, komandante edo jeneral baten semea. Almeida apellidua. Bañan gaixotu ta etxera joan zan. Ta ni libre-edo geratu nintzan, aterea bainengoan konpañitik arentzako.

Orduan, aprobetxatzeko, komandanteak egin ninduan, mendi aietan ez genduan ezer ere ta Zaragoza’ra biali, ofizialentzat fruta pixka bat, konejoak, ollo bat edo beste ta olakoak erostera. Jateko gauza dana, bai.

Nik zer egin nuan? Binefar’era etorri kamioietan, an, artu trena ta zuzenean Donosti’ra. Etxean etzekiten ezer ere. Ta badakizu: ama beti ama, ta ura beti marruz olakoetan.

Alferez batek, enkargua emana zidan: Zaragoza’n, bera ere angoa zala ta aren etxean karten bat-edo uzteko. Aruntzean, jetxi Zaragoza’n ta enkargu ori egin.

Urrena, lengusua neukan nik an lanean, ogei ta geiago urtean egon zan, eta ari bixita egin. Gero, arekin Pilarica ikustera joan. Pilarica, ola dago: eliz aundi baten barruan, irudi txiki bat. Eta an, bonbak egin zuala-ta, zuloa zegoan goien, tellatuan; ta bean, jotako tokia. Beste pulamenturik ez det emango, bañan ori bai; ori ikusia nago ni.

Iru egunean egin nuan buelta. Batean, andik onera. Emen eguna pasa ta Zaragoza’ra. An ori ikusi, gauzak artu ta mendira.

Binefar’tik gora joango bazan, konbinaziorik etzegoan. Gu orduan Sort’eko goien giñan. Orain beatzarekin nola egiten da? Ba, garai artan, eskubia altxa ta zabalik jarrita egiten zan. Ta kamioi zarren bat gelditzen bazan:

Voy para tal sitio.

Puska batekin arekin joan, gero jetxi ta berriz ere eskubia altxa. Danak militarrak, bañan bakoitza bere serbizioan.

Ola joaten giñan batetik bestera. Edo joan bearra zegoan. Etzan beste erremediorik.

Guk or, Pirineo aldean, denbora-puska aundia egin genduan. Uda osoa. Bañan gero, Kataluña’ko alderdi ura ia menderatu zanean, Calatayud’era eraman ginduzten.





Oharra: (1) gizon tajuza: gizon tajuzkoa.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org