Calatayud


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Lazkano Patxi »  Calatayud

Patxi Lazkano



Calatayud



Pirineo mendi oietatik Calatayud’era ekarri ginduzten, kamioietan. Or illebete-edo pasa genduan. Matsa eldua zegoan eta udazkenean izango zan, Urrian-edo.

Calatayud erri polita da. Erriberak aberatsak eta fruta asko egiten da or.

Fruta-arbola izugarriak. Udare-arbolak baziran or, udare-arbol zarrak, ikaragarri galantak, bi besoekin arrapatzen etziranak.

Erriberak, berriz, berdin-berdiñak, eta an babarrun motza-ta, piperra-ta... Piper-sallak bai galantak. Gero, alde batera, mendi xamarra, ta bestean ere mendi xamarra, ta aietan matsa ta ola.

Bañan Calatayud’en, orren erri ederra ta urik ez dago. Ibaia pasatzen da, Jalón izena, bañan eltzea egosteko ta jana maneatzeko ez omen du balio ango urak. Kanpotik ekartzen zuten barriketan, mandotan ta karrotan artuta, ta saldu egiten. Kalderako erreala pagatzen zan. Garai artako diru asko zan.

Gu olako tokitan ondo egoten giñan. Ogia billatzen genduan, beste batek beste zeozer ere bai, ta ardoa, berriz, ona. Guk, erri koskor batera allegatzen giñanean, arrapatzen genduan guztia jaten genduan.

Calatayud’en amabost bat egun pasa ta andikan Ateca’ra eraman ginduzten. An beste amabostaldi bat egin genduan. Calatayud’etik amar bat kilometro edo ez dakit zenbat izango diran.

Ateca ere erri ona da, bañan Calatayud’en baño berdura ta beste dana eskaxeago.

Erri oietako batean giñala, Ikaztegieta’ko batek bertso batzuk eskatu zizkidan:

Jarri izkidak bertso batzuk, ola ta ola osabari bialtzeko.

Ala, aren izenean nik bertsoak jarri ta eman; bañan beste kopia bat nerekin gorde ta etxera biali:

Urriyak ditu ogei eta bi,
astera nua kantuan,
osaba Andresi esplikatzeko
zer posturetan naguan;
jan da erana urri antzian,
gauza ugari goguan,
obetuago esango dizkat
gerr’au bukatutakuan.
Gabak askotan pasatzen ditut
trintxeran lo egin gabe,
egunez berriz zorriyak iltzen,
beti enredutan gaude;
obe litzake gerra bukatu
eta etxian bagaude,
batzuk biar da, osaba, beok
aldi ortan ondo daude.


Onta ezkero au esango det
gertatuzen dan kasua:
lo egin gabe pasatzen degu
iñoiz aste bat osua;
amaika aldiz gogoratzen zait
nere paraje gozua,
osaba, asko akordatzen da
zure illoba gaxua.


Calatayud’en italianoetara pasa ginduzten, batalloiaren erdia-edo, batalloi berri bat osatzeko. Flechas Verdes-edo esaten zioten.

Gure batalloian, soldadua emengoa zan dana, española; eta ofizialak, italianoak.

Bestetan, berriz, soldaduak ere baziran italianoak, lenago etorri ziranak. Españolak eta italianoak nastuan, beraz.

Gure jenerala Emilio Batisti zan, motz bat. Geroztikan ere aren izena aditu izan det Itali’ko gertakizunetan, periodikoan-edo.

Italianoakin, fusilla etzan obea. Guk lenago alemana ibilli baigenduan.

Bañan eskuadra bakoitzak fusil ametralladora izaten du. Ura batek eramaten du. Ta eskuadran bost soldadu ta besteak ogeina kargadore eramaten dituzte bizkarrean arentzako. Kaboak, berriz, kaja bat repuestoakin.

Fusillik etzan ia usatu ere egiten italianoakin. Fusil. ametralladorak kargadore bat tiratzen duanean, berria sartu. Besterik ezer ere ez fusileroak.

Gero, konpañi osoa morteroakin, eskuadra bakoitzak bana, mortero txiki batzuk. Eta beste konpañi bat osoa ametralladorakin.

Armamentua askoz ere ugariago emengo aldean. Emengoak, fusil bana eta ametralladora ale batzuk eta ola.

Erropa, emengoa baño obea. Sendoagoa ta lodixeagoa. Traje bezela gañera.

Amabostean bein, bederatzi pakete zigarro ematen ziguten errazioa: iru, tabako oria; iru, beltza; ta beste iru, iru izarrekoa, tres estrellas.

Nik artu ta gorde egiten nituan. Ta, lagunak danak erretzen zituztenean, esaten nien:

Zigarroa erreko al dek?

Ba al dek?

To!

Paketea atera, raka-raka eman ta erretzen zuten.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org