Kataluña


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Lazkano Patxi »  Kataluña

Patxi Lazkano



Kataluña



Negu-sarreran-edo, Calatayud’etik Kataluña aldera eraman ginduzten. Etzait gogoratzen nundik sartu giñan. Ori ez nizuke esango.

Asieran toki onak ziran; toki zelaiak. Gero, mendi koskorrak, bañan gari-sail asko. Fruta ere bai; almendra ta olakoak asko.

Bide asko korritu genduan or. Egunean, egunean, egunean, aurrera ta aurrera. Illuntzen zan tokian, parapetoa preparatu, arri koskorrak edo zerbait baldin bazan; ta batzuk goardian ta besteak lotan.

Negua zan ta otz egiten zuan. Guk lona bana eramaten genduan, tienda de campaña’koa; ta manta ta kapote bana. Ta egiten genduan lonak bota azpian, gero kapote bat edo bi, mantak gañetik eta irunaka jarri, alkarren beroan. Bañan batzutan jelatua azpia; ta jelak, goiko berotasunarekin urtzen asten danean, oñazea ematen du beetik gora.

Ametralladoretako konpañiak pikatxoiak palak eta atxurra eramaten ditu, ta aiei pikatxoia edo zerbait eskatu, lana egindakoan atzera eramateko.

Lur-azala egoten zan jelak gogortuta. Azpia ez. Jela ez da lurrean beera sartzen. Azala kaska! kendu ezkero, ez da otzik nabaitzen. Ederki lo egiten genduan.

Gorriak egiten ziguten mendi-muturrean itxoin; ta, gu irixten giñanean, ekin tiroka andik. Guk, ametralladorak-eta preparatu ta fuego! Ta aiek itzuli andik, atzerago joan eta urrengo mendi-muturrean, edo babesa zeukaten tokian, berriz ere itxoin.

Gu, orrela, bakarren bat edo beste, batzuk illak eta besteak erituak, beti bajakin. Era ortan joan zan Kataluña’koa.

Kapitana genduan, bañan batalloian komandante egiten zuan. Arek onela zion:

Ai prigioneri non toccate niente. Trattate bene ai prigioneri.

Askok arrapatu ta errelojua ta zeramazkiten guztiak igual kentzen zizkioten. Ta non toccate niente, ezer ere ez ikuitzeko edo kentzeko esan nai du orrek. Pixka bat ikasten asi giñan italianoz ere berakin-eta.

Egun batean, bagoaz aurrera ta tipiti-tapa tiroka asi zaizkigu mendi koskor batetik, eta tenientea il digute, kapitanaren aiudantea.

Andik jetxi gera beeko txoko batera, ta an iru prisionero arrapatu ditugu. Makil txiki bat eramaten zuan kapitanak eskuan ta asi da arekin prisioneroai burutik beera tinkiti-tanka joka. Guk, berriz, geren artean:

Non toccate niente? Trattate bene? Ez iri min eman ditekenean! Orain ez dituk ba ondo tratatzen!

Teniente ori il zutenean, beste baja ale batzuk ere izan genituan. Antxe jo zuten Andoain’go Santa Kruz ere. Ura belaunetik eritu zan.

Guk or egin genduan, trenbidea nun zegoan bazekiten gure jefeak eta, ura arrapatzera, aurrera ta aurrera joan, moztutzeagatik. Trenbidea arrapatu genduan ta atzetik gorriak etorri ta moztu kableak, telefonoa beti eramaten da ba.

Guk, berriz, ez genekian nola giñan. Iñorekin komunikatzerik etzegoan. Erdian artuta geundelakoan? alde bakoitzara frentea prestatu genduan, danetan guardiak jarri, ta gau guztian antxe erne asko. An etzegoan lo egiterik. Bañan aiek egin zuten, gutxi izaki nunbait eta aria moztu ta ospa! Ez zan ezer ere pasa.

Monserrat ere ikusi genduan. Arkaitzmendi aundi bat da. Ernio bezelako mendi luze bat. Muturrean txuri-txuri ermita. Ermita edo komentua edo zerbait. Gu ez giñan gora igo. Gero, Manresa’ra allegatu giñan. Erri aundi bat da. Kuartel txiki bat ere badu. Ta, or giñala, buka egin zan Kataluña’koa.

Egun batean, kalera atera ta lagunai esan nioten:

Emen ardoa ta limonada nun ematen ditek?

An bean saltzen ditek taberna batean. Bañan lanerako neskak zeudek or...

Nai duana izan dedilla, gizona! Edaria ematen badute, guri igual ziguk.

Orduan balkoitik emakume batek euskeraz:

Zuek nungoak zerate?

Gu? Gipuzkoarrak.

Bai? Ni ere bai; Bergara’koa. Emen ez dago sekretorik esaterik.

Guri etzaigu inportik, edozer gauz esateko ere, geron martxan gabiltza-ta.

Bai, bai. Ala da.

Ala, pixka bat izketatu giñan, ta gero esan zuan, erropik garbitzeko-edo baldin bagenduan, egingo zigula. Eraman genizkan alkandora zarren bat edo beste ta olakoak.

Bañan guk erropak eraman ta gaueko amaiketan ordena eman ziguten: bigaramonean goizeko seiretan atera bear genduala. Joan giñan berriz emakume orrengana ta esan genion.

Ta arek, danak bustiak zeuzkala, segituan danak beratzen jarriko zituan-da. Guk:

Nai ta nai ez joan bear degu. Ez degu beste erremediorik.

Ta arek:

Abitzerako etorri, ba. Orduko preparatuko ditut nik auek.

Danak garbitu, plantxarekin legortu ta goizean danak pronto jarri zizkigun. Zerbait kobratu zigun, bañan oso gutxi.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org