Almansa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Lazkano Patxi »  Almansa

Patxi Lazkano



Almansa



Alicante’ko edo Muchamiel’ko ori bukatu zanean, andik Almansa’ra pasa ginduzten, eta an beste puska batean egon giñan.

Erri ona da. Erriaren gain-gañean, arkaitz baten puntan, gaztelu aundi zar bat. Bañan ez giñan gu araño igo. Eta erritik aurrera, dana berdin-berdiña. Ango lurrak ez dira oso aberatsak; bañan naiko onak bai. Baratza puxka bat ere egiten dute. Alkatxofa-ta, sail aundiak ikusi genituan.

Or naranja erruz jaten genduan. Valencia aldetik ekartzen zuten, eta Almansa’n transbordoa-edo egin. Leku aundiak zituzten estazioan naranja-pillakin. Orduan beiñepein bai, gu an giñala.

Noiznai egoten ziran an berrogei bagoi baño geiago, naranjaz beteak. Ta gu guardi egitera eramaten ginduzten. Ta an alde batetik jartzen giñanean, gure lagunak beste aldetik joan ta al zutena arrapatu. Guri inporta zigun orduan!

Ta erosita ere, ogei xentimo kiloa edo ez dakit zenbatean ematen ziguten.

Egun batean, retena tokatu zitzaidan neri. Guardia izaten da beti kuartelean, ta retenak ere an egon bear, guardiak faltatuko balu. Kuartela etzan, bañan kuartela bezelako etxe bat.

Nik zer egin nuan? Ara joan ez ta kalera erten. Ta neskatxa bat arrapatu ta kontu kontari an biok. Bañan sarjentoa etorri, artu ta prebentziora. Ez baitute ateratzea libre retenekoak.

Kuarto batean sartuta, an egon bear izan nuan egun bat-edo. Guri etziguten kastigorik ematen, gerran an ibilli baigiñan denbora guzian. Bañan, utzi ezkero, lañeza geiegi artzen baigenduan. Pixka bat zeratu egin bear, errespeto puxka bat jartzeko.

Ta, an nengoala, bertso auek jarri nituan, denbora pasa:

Bertso berriyak jartzera nua
lasaitutzeko barrena,
esplikatuaz nolakua dan
nere pasadizo dena,
ogei ta zazpi illabetian
emen izandu detena;
oraiñ artian biar bezela
kunplitu degu ordena,
ta gaur kastiguz pasio gabe,
nere barrenak au pena!
Garagarrillak amairu ditu,
San Antoniyo eguna,
kuartelian kastigu batez
pena sufritzen deguna.
Lengo batian jarri digute
zori gaiztoko retena,
ura utzita nik iges egin
kunplitu gabe ordena,
oi da motibu arrastatzeko
nik izandua detena.


Kastigu au jarri digute
soldaduzkako fedian,
ondo ibilli ez geralako
jarri diguten birian.
Lenago gerran ibilli gera
demoniñuen legian,
orain nai dute errespetua
guztiz formalidadian,
nik ori ezin nezake egin,
neri iges egin zian.
Gerra-denbora pasatu degu
penatzen eta sufritzen,
bañan alare guregatikan
eztira asko errukitzen.
San Antoniori aritzen nitzan
egunero errezatzen,
okasiyotik libratutzeko
biyotzez niyon eskatzen,
bere laguntza ona izan det,
oi ez det gaizki juzgatzen.




Mutil gaztiai tentaziyua
etortzen zaigu askotan,
serbiziyua eiteko partez
gu asi giñan nesketan,
geren buruak izkutaturik
libratutzeko ustetan;
sarjento batek arrapatu dit
nola naguan izketan,
ez dadukagu broma aundirik
San Antoniyon pestetan.
Dozen erdiya osatu ditut
sentimentuz da dolorez,
gure Jainkuai pazientziya
eskatzen diyot faborez.
Nik dedan pena ezin lezake
iñork juzgatu balorez,
nerekin juan zan neskatxa orrek
izena zuben Mertzedes,
geiago onera ez etortzeko
eskatzen diyot mesedez.


Almansa’n giñala, altuen danak apartatu ginduzten, Italia’ra desfileak egitera joan bear zala-ta. Iru-lau euskaldun antxe giñan alkarrekin, gu ere berezita, eta esan genduan:

Si hay que ir iremos. Pero de nuestra voluntad, no.

Ta tenienteak:

No sé lo que queréis. Teniendo oportunidad de ir a Italia, no os da la gana. Vosotros, que no habéis visto más que bueyes.

Ta nik:

Eso es lo que quiero: volver a ver los bueyes que dejé.

Ori esan nion tenienteari, bai. Erritan eman zigun arek.

Bañan etorri da komandantea, italianoa bera, nunbait ere esan diote batzuek ez genduala nai-edo Itali’ra joan, ta arek:

Tutti i battaglioni: At-tenti!

Jarri giñan danak eta:

Volontari, chi vuele andare in Italia, avanti!

Ta rau! aurrera mordoska bat. Gu ez; gu beste aldera. Nik esan nuan:

Joan bear baldin bada, joango naiz. Bañan ni, militarren mende boluntario, ezta emendik orrera.

Aiek, berriz, Malaga’ra allegatu dira ta baporean sartu. Ta, itxasoan dijoazela, Europa’ko gerra asi, emengoaren bukaeran-edo piztu baitzan ura, ta or atera zaiote susmurra ara daramazkitela, boluntarioak ziralakoan. Orduan larri danak ere.

Gero, atzera etorri ziranean, berak esan zutena:

Bai. Izan gera Italia’n bañan ez degu ezer ere ikusi.

Kapital batera iritxi ta andikan etzituzten mugitzen ere uzten. An desfilatu, artu autobusetan ta beste kapital batera. An ere desfilatu ta berriz ere aide! Ola ibilli zirala esan zuten aiek.

Jatena ere, otelean bai, bañan kazkar xamarra. Platera asko, bañan jateko gutxi.

Etziran gustora ibilli. Geienak plakatuta etorri ziran. Libertaderik ez. Ezta denborik ere. Egun gutxin Italia guztia korritu baitzuten.

Almansa’n geundela, granu aundi bat atera zitzaidan besoan. Medikuagana joan nintzan, italianoa bera, ta arek:

Venite tutti, presto! Adesso, adesso!

Zerari deitu, anbulantziari, azkar ibiltzeko. Ta artu ta Alicante’ra eraman ninduten.

Alicante’n zegoan italiano mediku aundi bat, lodi-lodi bat; eta mai baten ondoan exerita jarri ta ebaki zidan granu ori.

Ala, kura egin ta bertan geratu nintzan. An ikasi nuan alkatxofak eta makarroia jaten. Ikasi bearko!

An etzuten uzten italianoak, ospitaletik iñor ateratzen. Bañan guk zer egin genduan? Leiotik salta, an ere taberna bat billatu ta ara joan.

An Donosti’ko gizon bat billatu nuan, Egia ballarakoa. Emen osasunik ez erreumarekin, toki legorra bear zuala ta Alicante’ra joan ta antxe bizi. Nik bera ez nuan ezagutzen, bañan andrearen aita ta osaba bai.

Berak esan zidan zer familitakoa zan:

Olako ta olako ezagutzen al dituzu?

Ta nik:

Ezagutuko ez ditut ba nik? Antonio ta Pedro!

Bi anaiak baitziran perratzalleak, eta aietako baten alaba.

Berriz ere leiotik sartu barrena ta ala pasa genituan amabost egun.

Gero, ospitalean paper bat eman zidaten:

Dieci giorni di riposo nel battaglione.

Riposo, deskantsua. Amar eguneko deskantsua, serbiziorik gabe, pasatzeko batalloian. Orduan gerra bukatu berria zan, jendea etxera alde egiten asia, ta etzuten uzten iñor trenean etortzen. Bañan nik esan nuan:

Bai? Au ez ditek entenitzen emengo interbentoreak.

Papera bear baitzan etxera etortzeko. Eta trena artu ta, Almansa’n barrena, Madrid’a etorri nintzan, Mediodia’ko estaziora.

An atera ta gero Norte’kora pasa bear. Bost kilometro edo ez dakit zenbat ziran. Orrera oñez joan nintzan, ta:

Hasta mañana no se puede entrar. Ya no hay tren.

Bai? Aldamenean obra zar bat bazan ta an lo egin nuan, ijitoak bezela. Bokadillo bat edo zeozer banuan ta ura janda pasa.

Urrengo goizean, seiretan-edo zegoan trena onera. Joan nintzan ta atean interbentore bat. Eman nion papera, dana italianoz eskribitua, egon zan begira ta:

Está bien. Tenga. Pase.

Ni, barrena. Artu trena ta, bidean nentorrela, beste interbentore bat. Eman nion ari ere papera, begira egon zan, gero doblatu ta:

Tenga.

Ala, martxa Donosti’raño ta etxeraño. Gero, zortzi egun pasa etxean, ta berriz ere ederki jarrita, Almansa’ra, zeozer ere arako eramanda.

Bueltakoan ere, interbentore guztiai papera atera. Ura ondo gordeta eraman nuan nik, bai. Ta arek etzuan ezer besterik esaten: amar egun deskantsu emateko batalloian. Bañan interbentoreak etzuten entenitzen.

Presentatu nintzan konpañian ta:

¡Hombre! ¿Ya estás aquí?

Sí, señor. Ya estoy aquí.

¿Estás bien ya?

Pues sí.

Me alegro. Oiga, sargento: a éste no le ponga servicio esta noche.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org