Bertsolaria


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Lazkano Patxi »  Bertsolaria

Patxi Lazkano



Bertsolaria



Bertsotarako zera berez etortzen da, ttiki-ttikitandikan. Ortaz gañera, gure etxean, Otxoki’n, taberna genduan eta an zerbait entzun ere bai nik.

Len ere esan bezela, garai artan bazan or Altza’ko bertsolaria, Patxiku Amueder. Arzak apellidua.

Antigua’n bizi zan. Amueder baserrikoa bera ta igandean orrera etortzen zan, ta ortikan bueltan gure etxera sartu.

Beste aiton bat ere bazan emen, Baratzategi’koa, bertsotan pixka bat zekiana, ta ari kantatu; ta aiton orrek erantzun ta ola aritzen ziran.

Txirrita ere bai; aritu izan zan gure etxean, gu gazteak giñan baña.

Joxe Zapirain ere bai; Joxe Bordaxar. Nik obeditu egiten nion ta nerekin ondo etortzen zan. Esaten zidan:

I, ator onera. Aditzik bertsoak, aditzik: au ola ta ola kantatua, ta beste au ola botea.

Aiek kantatutakoan:

Orain berriak kantatu bear dizkiagu.

Aiton aiekin asi nintzan ni. Orduan asko aritzen nintzan.

Bein batean, zelaiean nitzala, Joxe Bordaxar ori konfesatzera Atotxa’ko praileetara joaten zan, Otxoki’tik pasa bear ta onela esan zidan:

I, ator onera. Orain irurogei urte, amazazpi urte nituala, jarritako bertsoak, aditu bear dituk.

Arek boza motxa zuan. Boza motxean aritzen zan ia beti ura, ez baitzuan eztarririk.

Sei bertso ziran. Bañan ni baratzan ari nintzala etorri ta kantatu zizkidan, ta iru gogoan jaso nituan, ordurako mutil zar bati zeozer adituak neuzkalako. Bañan besteak ez nituan ikasi, ta Zapirain’en liburuan dauden ere ez dakit. (1)

Auetxek dira:

Pasadizuak esan
biaitut itz biyan,
egun siñalia zan
Martxuan zazpiyan.
Urrutixkotik baño
ikusi nizkiyan:
mutilla gañian da
neskatxa azpiyan.
Perretxiku-lekuan
zuten komeriya,
lendabiziko egin
zuten bazkariya.
Ikusi nionian
kamisa txuriya,
neroni’re eman zidan
naiko inbiriya.


Saio bat egin dute
tira eta bultza,
alderdi guztiyetan
belarra ta autsa.
Izkutuan ibilli
baziraden utsa,
zakurrak e badute
oik ainbeste lotsa.




Bertso on asko zuan arek. Bertsolari xuxena zan.

Txirritarekin ere aritu izan naiz, 1935 urtean.

Txapelketa izan zan Donosti’n, ta ura, Donosti’ra etortzen zanean, Kale Easo’ra joaten zan, Bar Manolo’ra.

Ta Xebastian Salaberria lagun aundia nuan. Ankamotxa esaten diogu guk. Alkarrekin asko ibiltzen giñan, arek bazekian ta esan zidan:

Goazemak ara.

Joan ta Xebastianek kantatu zuan lenbizi, ta nik gero. Txirritak ere bai. Baita Xegundo Kalonje’ren osaba Linok ere.

Saiburu’rekin ere kantatu izan det. Gu San Marko’ra igo, bera ia bertan bizi zan ta etorri, ta askotan aritzen giñan.

Gerra ondorenean, berriz, Donosti’ko La Perla’n jarri zuten bigarren mallako bertsolarien txapelketa. 1946 urtea zala uste det.

Bi bertso baditut nik, an kantatu ta gogoan artuak. Batean, puntua onela jarri zidan Basarrik:

Oso torero ona
gendun Manolete...


Nere erantzuna:

Arek biar baño len
ordu danak bete.
Bere lantegi ortan
saiatzen zan fuerte,
orain argatik dago
gugandik aparte.


Bigarren puntua:

Gustatutzen al zaizu
kafe ta purua?


Nik:

Askotan artxek nastu
izan dit burua;
gaur ere artu dedala
gauza segurua,
ta ezin detenian
nere apurua!


Zenbat bertsolarik kantatu genduan ez dakit seguru. Amabi edo amalau izango giñan: Astigarraga’ko Inazio Berasarte zana, Elio esaten ziotena, onek irabazi zuan txapela; Joxe Mari Iriarte, oiartzuarra, bigarren geratu zana, il zan ura; bestea, Mujika, Zizurkil’koa; bestea Jesus Eskisabel, Legorreta’koa, bertsolari polita. gure kategorian onenetakoa, Jainkoa esaten ziotena, il zan ura ere; Manuel Lasarte, au gazte-gaztea orduan, au bostgarren utzi zuten.

Bestea, Iturbe, orain Lasarte’n bizi da, ori ere Zizurkil’koa; bestea, Etxeberria, Urnieta’koa uste det zala. Bañan geiago ere baziran.

Lasarte, nere iritziz, besteak baño askoz obea orduan ere. Bañan juezai ez ola iruditu, ta aiek erabaki bezela joan zan.

Juezak auek ziran: Don Benantzio Rekalde, oiartzuarra, beterinarioa; Antonino Pagola, Ernani’koa; ta Txomin San Sebastian, Astigarraga’ko sankristaua.

Bost aurrenekoak klasifikatu ziran. Gero ez dakit nora joan ziran; Azpeiti’ra-edo. Ta besteak ez dakit zein tokitan geratu giñan.

Amarna duro pagatu ziguten, ta gutxi al da? Orduan asko zan. Gañera, zortzina bertso kantatu genduala uste det, eta amar duro?

Bañan ura etzan nere gustora erabaki ta geiago ez naiz txapelketara agertu.

Intxaurrondo’n bi bider kantatu izan det festetan. Loiola’n ere bai bi urtetan. Martutene‘n ere bai iru lau aldiz. Oietako batean, Uztapiderekin.

Martutene’n Agorraren 8’an egiten ziran festak. Ama Birjiña Guadalupe’koa esaten genduan guk, ango eguna izaten da-ta. Aurten ostegunarekin egokitu da, ta orduan ostiralarekin.

Basarri ta Uztapide ziran etortzekoak. Uztapide etorri zan; bañan Basarrik iganderako zala entenitu.

Gu ere ara joanak bertsolariak aditzeagatik, orduan danekin saltsan aritzen giñan-da, eta Uztapide bakarrik.

Beste bat ere bazan an: Joxe Kruz Lasarte, Flores’koa. Bere gustora asten zanean, poliki aritzen zan. Bañan jendearen aurrean etzuan korajerik.

Lenengo, ari esan zioten:

Igoko al ziñake?

Ta arek:

Ni? Ezta milloi bat emanda ere.

Orain milloia ez da ezer; bañan garai aietan milloiaren izena bakarra genekian guk.

Orduan neri esan zidaten. Esan nioten:

Neri etzidak inportik, motell, begira egon edo or bertsotan ari.

Ala, Uztapiderekin aritu nintzan. Dotore gañera. Olako lagun batekin errex. Arek bidea ederki jartzen baitzuan. Arek, lan egiteko tokia berak ematen zizun.

Bañan nere bertsorik ez daukat gogoan. Esan izan didate:

Ik ola ta ola kantatu uan olako tokitan.

Batean, Erbia esaten zioten bati, onela kantatu omen nion:

Nik ganaduak etxian dauzkat
erdi gosiak ta otzak,
erbi zar onek jaten baiditu
gure zelaiko pagotxak.


Ola sakatu niola. Bañan ori bertso erdia da. Neri bai lagunak osorik esan. Bai beste asko ere. Bañan bertso oiek gogoan artzeko memoririk ez det izan nik.

Gazte denboran, bertsolarien atzetik ibiltzen giñan. Esan nai nuke, batek:

Bertsolariak nun dituk?

Besteak:

Alako tokitan.

Ta ara joaten giñan.

Orain, berriz, batere ez naiz joaten. Gustatu bai, bañan boletan eta tokan ibiitzen naiz. Ara joanda, bearbada batek esango dit:

Bertsolariak ari dituk.

Orduan ni, aiek aditu gabe, ez naiz geratuko. Bañan ez naiz, len bezela, beste zer egiñik gabe joaten.

Ez da garai batean bezela kantatu ere egiten orain bertsoa.

Oker pixka bat, nik esan baietz, gaiak jartzen ari diranak ere badute. Bertsolariak aña jakin bear du gaiak ondo jartzeko. Bertsolariai esaten diote:

Zu au zera, zu ori zera, ta ola ta ola ta ola...

Konparazio:

Zu onen nobioa ziñan; ori, zure andregaia. Zuk au esan zenion; orrek au esan zizun. Asarretu egin ziñaten. Gero, au ta ura ta beste ura egin diozute alkarri... Ez, et, et!... Nora oa? Ez, jauna, ez. Bertsolariai etzaio sekulan esan bear zer dan pasadizoa. Esan zaiozu:

Zuk egin bear dezu ofizio au. Zuk ofizio ori. Nai dezutena kantatu.

Len esan bezela, senar-emaztegaiak baldin baziran, esan:

Senar-emaztegaiak ziñaten. Zerbait okerra izan dezute zuen artean. Iruna bertso.

Utzi bertsolaria libertadean. Berak atera bear du gai. Bestela, esplikazioa emanda, gero aren gañean kantatuko du.

Onak daude, asko jarriak daude ta ondo aritzen dira, on oiek beintzat. Bañan ez da ori pulamentua.

Batean esan nion emengo gai-jartzalle bati. Amorratua bera bertsotarako. Ekarri zituzten bertsolariak, gaiak jartzen asi ta sekulako esplikazioak berak eman.

Asko estimatzen nau, ikusi orduko saludatzera segituan etorriko da, orduan ere etorri zan ta ola esan nion:

Ori etziok ondo.

Zergatik ba?

Ez dek ikusten; erorrek esan dekela, aiek esan bear duten gauza? Ik esaiek: Zu izango zera notarioa, ta zu tratantea. Zuek jakingo dezute zer egin bear dezuten edo zer egin dezuten. Bota iruna bertso.

Bai; ikusiko degu -esan zidan.

Urrengo urtean, askoz ere itxura obean jarri zuan gauza.

Esan nai nukena da, etzaizkidala gustatzen toki askotan jartzen dizkaten gaiak eta jartzen dizkaten bezela. Ez diote uzten tokirik lan egiteko.

Geienez ere, joan ta esan:

Erriko alkatea ola degu: festak ola moldatu dira; komisioak ola egin dute. Bota iezue dozen erdi bat bertso.

Edo bestela:

Apaiz berria, edo mediku berria, etorri da errira. Jendea oso gustora dago. Ea zer esaten diozuten gizon oiei.

Utzi bertsolaria bere gisa. Berak aterako du zer esana.

Garai batean, Txirritak, erri batera joan ta galdetuko zuan:

Zer da?

Ta:

Alkatea olako erritatik etorria zan onera bizitzera, olako etxetan ezkondu zan, ta ori daukagu orain erriko buru.

Pixka bat naikoa izaten zuan arek dana gobernatzeko. Ori, berak atera bear dute bertsolariak.

Ez, ordea:

Zu au zera, zu ura zera. Onek oni au esan bear dio; orrek oni au ta au esan bear dio...

Aiek zer esango dute orduan? Toki askotan ez dakite, nere iritzirako, gaia jartzen. Nik ola pentsatzen det.

Ainbeste ditu arek eta esango dizut Txirritaren egun bateko pasadizoa. Altza’n, garai artan, bi mediku ziran. Don Leandro ta don Inazio. Bertan bizi ziran biak.

Larunbatean bi medikuak Martillune’ko tabernan tokatu dira, ta asi dira Txirritari eman ardoa ta eman ardoa, ta Txirrita kantatu ta kantatu, ta ikaragarrizko jornada arrapatu du.

Nunbait ere, an ondoan bizi zan baserritar batek zaldi-karroan eramaten zuan Txirrita etxera bestela ere; ta, jornada kargatzen zuanean, zer erremedio.

Eraman du ta urrengo egunean lenengo mezetara etorri dan jendea segituan enteratu da:

Atzo, ola ta ola medikuakin ta egundoko jornada eraman omen dik Txirritak.

Ala, Txirrita meza nagusira-edo atera da etxetik eta illea artzen asi zaizka besteak. Baita Txirritak aguro jan ere, ta:

Ikusten badet zabal dagola
tabernetako atia,
pekatu dala iruditzen zait
an sartu gabe juatia;
gure erriko bi medikuak
pikaro xamarrak-tia,
bartarratsian biali naute
pipa bezela betia.


Besteak nun illea artuko zioten ta dana berak esan. Berak aurrea artu. Orain ura joan da. Zer esan bear diozu zuk ari? Ori da bertsolariaren talentua.

Esan nai nuke: lan egiteko tokia utzi. Andik aurrera berak esan bear du. An ikusten da grazia ta abildadea.

Beste batzutan, bertsolariak entzutera joan ta nere artean askotan esan izan det:

Bertso orri txalo jo?

Azkeneko puntuan disparateren bat esan duala ta atzaparrak puskatzeraño txaloa... Askori esaten diotet:

Bertsoak lau puntu izaten dizkik. Ez bat. Ta lauak bear ditu onak. Azkeneko puntua ederra bota duala ta txalo jo ari? Neretzako ez dek ori bertsoa.

Olakoak bertsolari txarrak ere ez dira. Bañan ez oso-osoak ere. Tarteko zera ortan ere bear duala esan nai nuke talentua gizonak.

Lasarte batengana baldin bazoaz, ez al dezu makinaz eskribitzen ikusi? Emen asi ta emen bukatu, ta dana berdin. Lasarte’k ez du bidean okerrik ibilliko. Arek zuzen asi ta zuzen eraman, ta lau puntu izango ditu aren bertsoak.

Uztapide zanak ere olaxe egiten zuan.

Orain, berriz, bertsolari koskorra asko dabil. Gazte asko ere ikusi ditut, eta nere artean:

- Emen etziok aurrerakorik.

On-onak, esan nai nuke, ale-ale batzuk daude orain ere, len izaten ziran bezela.





Oharra: (1) Orain arte eskuratu ez-ta, ez daude bertso auek Zapirain anaiak liburuan, Auspoa’ren 123-4-5’an.

















     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org