Lopez Alen Frantzisko


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Lopez Alen Frantzisko

Frantzisko Lopez Alen

1866-1910

Frantzisko Lopez Alen "Mendiz-mendi" 1866ko urtarrilaren 9an jaio zen Donostian. Liburuetarako zaletasuna etxetik zetorkion; aita, Jose Lopez Aizpuru, udal liburutegiko zuzendari izan baitzen. Berak ere, ardura hori hartuko zuen handik urte batzuetara eta hori izango zuen bizibidea hil arte.

Idazle oparoa izan zen Lopez Alen, eta maiz agertzen ziren bere lanak garaiko aldizkarietan. Euskaraz idatzitakoen lanen artean Josecho (La Voz de Guipúzcoa 1896) poema da bere lan aipagarriena. Horrez gain, olerki eta idazlan ugari argitaratu zituen, maiz Mendiz-mendi izenarekin, garaiko aldizkarietan: Euskal Erria, Euskalzale, Ibaizabal, Esku-Egundiya... Dena den, Jose Manterolak (1849 - 1884) sortutako Euskal Erria aldizkarian idatzi zuen, batez ere, eta Antonio Arzak (1855 - 1904) hil zenean, aldizkariko zuzendari izendatu zuten, eta hala jarraitu zuen hil bitartean.

Lopez Alenen olerkiak sari ugari jaso zituzten urte haietan antolatu ohi ziren lore-joko eta euskal festetan, hainbeste non, lehiaketaz kanpo utzi zuten, beste idazleei leku egiteko. 1887ko abenduaren 26an eskuratu zuen lehen saria, Donostiako Antzoki Zaharrean, Atzo ta gaur Donostiarilanarekin, 1888an Kanbo, Gasteiz eta Donostian lortu zituen sariak, 1889an Donostian, 1890ean Donostian, 1891n Iurretan, 1893an Azpeitian, 1894an Hazparnen, 1895ean Ezpeletan, 1896an Arrasaten eta Maulen, 1897an Bilbon eta Oiartzunen eta 1898an Zestoan.
Gazteleraz ere idatzi zuen, Donostiako eta Gipuzkoako historiari buruz, batez ere: Okendo almirantearen biografia (Donostia, 1894); Iconografía biográfica de Guipúzcoa (Galería de guipuzcoanos ilustres, Donostia 1898); Estudio histórico-artístico del Convento de San Telmo de la ciudad de San Sebastián (1905); Memoria artística de San Sebastián y Descripción de las Fiestas Eúskaras (1906): Biblioteca Municipal de San Sebastián (Donostia, 1908). Lan horiengatik, Real Academia de la Historia y de las Bellas Artes de San Fernando-ko kide izendatu zuten.

Marrazkilari eta margolari fina izan zen Lopez Alen eta hala ikus daiteke gaurko Udal Liburutegiaren egoitza den Udaletxe Zaharreko hormetan XVII. mendeko Donostiako bizimoduan oinarriturik utzi zizkigun margolanetan. Euskal-Erria aldizkarian ere, erretratu eta marrazki ugari argitaratu zuen. 1890ean margo lan bat aurkeztu zuen Arte Ederretako Espainiako Erakusketan.

Berrogeita lau urte besterik ez zituela hil zen Donostian 1910eko uztailaren 27an. Kaietano Sanchez Irurek bi bertso sorta idatzi zituen haren omenez: O! Ill da Lopez Alen! (Baserritarra, 1910-07-02, 150. zk. eta Euskal Erria, 1910, LXIII, 27-28. orr.) eta Oroitz tristea! (El Pueblo Vasco, 1913ko urtarrila).

Donostiako udalak haren izena jarri zion Puio-Lanberriko kale bati.




     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org