|
Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra
1948ko argitarapenaren azala
|
Hitzaurrea
|
Hona hemen Pernando amezketarraren esaera eta gertaeren liburutxoa. Bere ateraldi irritsu eta jakinenak berari ezartzen dizkioten gertaera atsegin eta politenak, hementxe daude ipinita, irakurle.
Pernandori ezartzen dizkioten gertaerak... Pernandori ezer gertatu al ziezaiokeen bada? Bizi izan zen gizona izan al zen bada Pernando? -esango du norbaitek noski. Eta ez da harritzeko izango. Pernando gizon izan ez zela uste duan bat edo beste izan liteke: norenak diren ez dakigun ipuin eta izkirimiriak berari ezarri al izateko asmatu zuten izena besterik ez dela Pernando hori, uste lezake norbaitek.
Ez ordea. Gu bezalaxe jaio eta bizi izan zen Pernando.
Bere aita, Martin Joxe Bengoetxea, adunatarra zen, eta bere ama: Joxepa Antoni Altuna, amezketarra. Amezketan, gaitz-izenez jolasean euli-herri esaten dioten Gipuzkoako herri txiki menditsuan bizi ziren biok, eta Pernando ere hantxe jaio zen: 1764garren urteko urriaren 10ean etorri zen mundura, eta Amezketan diotenez Ixpile-saletxe izan zuen bere lehendabiziko kabi epela.
Txikitandik omen zen bihurria, geldi egoteko txarra, etxetik irtendakoan etxera etortzeko estutzen ez zena. Hala, diotenez, berandutu eta gero mutila etxeratzen ez zela ikusita bere bila irten ziren batean, nondik nora zebilen jakitearren Pernandooo... deitzen omen zioten, eta berak, alde batetik bestera ihes eginaz. Ez noala oraindiooo... erantzun omen zien. Mendi-mutil, eskolarik ez, berez argia... bihurri izan behar.
Artzain zen; gehienak hala ziren orduan, eta hala dira gaur ere Amezketan. Ez zuen lanak itoko (langile erreza zen, esaten dute amezketarrak), eta izaten zituen estuasunetatik ateratzeko beso-lana baino bihurrikeria-lana sarriago egiten zuen. Gizon leiala omen zen, beren beharretan besteei gogoz laguntzen ziena. Bertsolari jator, azkar eta porrokatua, hori jakina; baina eztarri txarrekoa.
Amezketar batekin ezkondu zen, Mari-Joxepa Sagastumerekin, 1790. urteko orrilaren 3an. Bederatzi seme eta alaba bat eman zizkien Jaungoikoak. Ixpile eta Azentzi-txikia izan zituzten bizitokitzat, eta azkeneko baserri honetan hil zen Pernando, 1823. urteko uztailaren 9an, kristau on bezala, Jauna eta elizakoak hartu ondoren. Ez zuen, testamenturik egin. Hil eta hurrengo egunean lurperatu zuten Amezketan bertan.
Egia ala jolasa den ez dakigu, baina, Amezketan diotenez, Apaetxe bordan aran gehiegi jan ondoren Igaran-bizkar edo Goen errotako errekatxoan edan zuen urarekin gaitz eginda hil zen. Hiltzeko zorian zegoenean, hala omen zion: "Ni hiltzen naizenean esan gero argi asko alde guztietan, Pernando ez duela goseak hil; beti erdi-goseak eta miserian bizi izan banaiz ere, ondo aseta hil naizela".
Benetako gizona zen bada gure Pernando hau. Buruz azkarra, esaeratsua, hitzez etorri handikoa, orduko bertsolarien artean gain-gainekoa. Bere esaera eta ateraldiak, egikera eta gertaerak, izkirimiri eta ipuintxoak, hor dabiltza oraindik ahoz aho, esan eta entzun, guztien pozgarri. Eta horiek liburutxo batean bildu eta agerrarazteko asmoa hartu dut nik...
Aspalditik nerabilen buruan asmo hauxe. Esaera biziak, gertaera zorrotzak, ateraldi barreragileak, ipuin labur alaiak, guztion gogoko izaten dira, eta Pernandorenak bildu eta argitaratzeko asmoa aspalditik nerabilkian zirika.
Hala, hala, ustekabean, Pernandoren omenez Amezketan egindako jaiak etorri ziren.
1823garren urteko uztailaren 9an hil zen Pernando. 1923garren urtean bete ziren bada ehun urte, Pernando hil zen ezkero. Urte honetan egin nahi izan zuten jaia amezketarrak, baina, hau zela eta hura zela, jaia eratzeko hurrengo urtea etorri zitzaien.
Orduan bai. 1924garren urtean, egin zen jai hori.
Eta nolako jaia gero! Egun huraxe, uztailaren 13a, ez zaigu berehalakoan ahaztuko. A zer eguzki argi eta alaigarria zegoen, eta hara zer egun atsegina izan zen han bildu ginen guztiontzat!
Egun hartan Amezketan egin genuen guztia lehen ere esanda daukat. Hementxe berriz ipintzea, beharrezkoa da ordea.
Hamarretan, jakina, Meza-nagusia. Nolakoa ordea? Eliza ederra, argiz eta lorez ederki apaindua zegoen. Toki berezi eta apainetan diputatu jaunak, lehendakari eta guzti. Herri-buruak bere aulki jakinean, eta eliza osoa zoko guztietan bete-betea. Abeslariak ederki abestu zuten Goikoetxearen meza, eta Bidaniko erretore Balentin Azpeitia jaunak berebiziko sermoi eder, bikaina, egin zigun. Hura izan zen Meza-nagusia, hura!
Gero, plazan, pilota partidua eta bertsolariak, eta ordu batean... jakina!... bazkaldu.
Ehun eta berrogei baino gehiago bildu ginen bazkaltzeko Amezketako plazan. Plazan, bai, baina ezin eta hobeto antolatutako jantoki zabalean, eta guztien buru diputatu jaun, alkate, erretore, sermolari eta gainerako agirikoenak zirela.
Bazkalondoan, hantxe bertan, ereslari* trebeak entzun genituen. Paulo Sorozabal donostiarra, mundu guztiko toki onenetan musika ikasten dabilenak, biolina jo zuen, eta entzuleak liluraturik entzun genion. Gero Beltran Pagola jaunak pianoa jo zuen eta makina bat txalo irabazi zituen.
Arratsaldeko jaia gero. Pernandoren izena gogorarazi eta goratzeko eratutako jaia.
Jai hau ere plazan bertan. Han ez zen ezkutuan ezer egin. Guztia agirian, ikusi nahi zuten guztientzat.
Amezketako alkate jauna agertu zen lehendabizi, eta Pernandoren izena ospatzera herrira etorri ziren guztioi eskerrak eman zizkien.
Hurrena, berriz, Juan Bautista Larreta jauna azaldu zen. Antzinako denboretan Amezketa zer izan zen esaten hasi zitzaigun, baina laster, bide hori utzita, beste batetik hasi zen: kanpoko ohiturekin zer egin behar dugun, kanpotarrekin nolakoak izan behar dugun, eta horrelakoak. Barrez-barrez egi handiak esan zituen. Bai jendea ondo atsegindu ere.
Gero Karmelo Etxegarai jauna zen hitz egiteko. Ezin etorri ahal izan zen, ordea, eta berak bidalitako hitzaldia Antonio Pagoaga jaunak irakurri zuen. Hitzaldi sakon eta ederra da.
Gipuzkoako Diputazioko lehendakari Julian Elortza jaunak hitz egin zigun gero, garbi eta sutsu, euskaldunen ohitura eta hizketari sendo eusteko esanaz. Bere hitzaldi labur, xamur eta goratuari, txalo ugari jo genizkion. Tolosako Manuel Urreta jaunak bere olerki polit batzuk irakurri zituen.
Olerki honen ondoren, Pernandoren oroigarritzat Herriko Etxearen aurpegian jarritako harria agerrarazi zuen alkatearen alaba lirain batek.
Bere anaia Joxek pianoz lagunduta, Gabriel Olaizola abeslari ospetsuak ederki baino ederkiago abestu zituen Ezkongaietan zerbait banintzan, eta Behin batean Loiolan. Aho-zabalik entzun genituen abesti horiek, eta txalo ugari jo genizkien Gabriel eta bere anaiari.
Joxe Egilegorren aldia izan zen hurrena. Pernandoren ipuin eta gertaerak bizi-bizi esan zituen, eta jendea algaraz lehertzeko zorian eduki zuen. Hura zen gogoz barre egitea!
Bukatzeko, txotxongiloak agertu zituzten Egilegor berak eta Gregorio Beorlegik erabili eta hitz eginaz, gauza politak esan eta egin zituzten txotxongiloak. Haurrak eta haur ez zirenak ondo pozik egon ziren andara haien aurrean, algaraz eta txalo jotzen.
Hala bukatu zen jai hura, jai eder hura. Egun hartan Amezketan izan ziren guztiak, aho batez esaten dute halako egunik ez dela oraindik Amezketan ikusi.
Ez Amezketan eta ez inguruko herrietan ere, Euliak pozik zebiltzan orduantxe...
Jai honen antzeko beste bat ere egin zen Pernandoren izena piztu eta biziarazteko. Donostian izan zen bigarren jai hau. Euskal-Esnaleak urtero egiten ditu Nobedades antzokian euskarazko hitzaldi jaiak, eta 1924garren urteko lotazilaren* 7an egin zuena, Pernandoren omenez izan zen. Joxe Eizagirre jaunak esan zuen hasierako hitzaldia. Gero, Pagoaga jaunak, irakurri zuen Etxegaraik egin eta Amezketan Pagoagak berak irakurritako hitzaldi huraxe bera. Egilegorek, Amezketan bertan esandako Pernandoren ateraldiak berriz esanaz, makina bat algara eginarazi zuen. Amezketa herria eta bertan egindako jaiaren irudi politak erakutsi ziren, eta Joxe Olaizolak lagunduaz, eresi ederrak abestu zituen Bitor Garitaonandia jaunak. Entzule eta ikusleen gogo-gogoko jaia izan zen.
Jai hauek zirela-eta, jakina!, berriz han ibili ziren Pernandoren esaerak gora eta behera. Guztiak bildu behar liratekeela, guztiekin liburutxo polit bat egin zitekeela, egin behar litzatekeela... "Nik egingo dut" ordea, ez zuen inork esaten. Gehienetan hala gara gu: egin litekeela badakigu eta egin behar litzatekeela esaten dugu, baina... egitea besteentzat utzi.
Haiek guztiak entzutean, nire gogoa piztuagotu zen, "egitekotan, oraintxe" -esan nuen, eta hasi nintzen lanean.
Honi galdetu, hari idatzi, hemen irakurri, handik hartu, halakori entzun, honakori esanarazi, apurka-apurka nire lana aurreratu nuen... Ekin eta jarrai, hona hemen egin dudan guztia; Pernandoren ateraldiak hona hemen.
Guztiak? Ez dut uste. Guztiak nork bildu? Ezagunak, jakinenak, Pernandoren izena gehien zabaldu dutenak bai ordea, hemen daude. Gehiago izango dira noski, baina nik ez dut gehiago aurkitu.
Hemen doazen guztiak ere ez dira noski Pernandok esanak izango. Zeintzuk esan zituen eta zeintzuk ez nola jakin? Inola ere ez, eta jakin gabe ezin batzuek besteengandik aldendu. Hemen ipini ditudan guztiak, ordea, Pernandok esandako bezala entzun eta irakurri ditut. Neronek ez dut ezer asmatu; nire burutik ateratako ezertxo ere ez diot Pernandori ezarri.
Sail hau osatzeko galdera asko egin behar izan ditut, paper asko irakurri, hitz asko entzun. Makina bat aldetan ikusi, entzun eta irakurritako gaiz egina da liburutxo hau! Bakoitzari berea ez zaio ukatu behar eta, lehendabizikotik hasi eta 11garrenerainoko ateraldiak beste batek idatzi eta eratuak direla esango dut: Toribio Altzaga jaunak antolatu eta aurrena Amezketan eta urrena Donostian Joxe Egilegorek esan zituenak berak dira. Beste guztiak neronek bildu eta idatziak dira, eta biltze-lan honetan lagundu didatenen artean, Zaldibiko Prantxisko Erauskin bertsolariaren izena ezin isilik utzi dezaket, lankide iaioa izan dut-eta.
Hara guztien lana. Nik dakidala, Pernandotaz ez da oraindik liburutxorik egin, eta bere izena, bere izaera, eta bere ateraldiak, lainotan bezala, erdi-ezkutuan zeuden. Hona hemen, bada, nire liburutxo hau aurreneko. Gehitu liteke, noski; edertu eta txukundu, bizitu eta alaiagotu ere bai. Gai denak bizkortu, suspertu, gazitu eta osatu dezala. Txalo aurrez, berari.
Bitartean, zauden bezala zatoz giza artera, Pernando. Astotxoa aurrean duzula, etorri buru arin eta esaeratsu. Hala ikustean, erretore jauna irtengo zaizu bidera eta zorrotz zirikatuko zaitu. Ez estutu: erantzun bizi, ea zuen esaera eta ateraldiekin irakurleak pozten dituzuen.
Hala izan dadila, bide onezko poza bezalako ondasunik ez da-eta.
Gregorio Mujika
|