Karmelo Etxegarairen hitzaldia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Karmelo Etxegarairen hitzaldia

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra


1927ko argitarapenaren azala


Pernando Amezketarra

Karmelo Etxegaraik Amezketan eta Donostian Pernandoren omenez egindako jaietan irakurritako hitzaldia.


Mila eta mila txalo irabazi dituzue, hemen bildu zareten amezketarrak, gure aurrean zaudeten gipuzkoarrak, hona etorri zareten euskaldun guztiak.

Zer dela-eta bildu zarete gaur Larrunarriren azpian bere tokia aukeratu zuen Amezketako herri honetan?

Gudari bikainen baten izen hotsandikoak ekarri al zaituzte? Gizon jakintsuen artean bere burua jasotzen zuen askojakin baten omenak gehiago eta gehiago zabaldu eta goratzera al zatozte? Ez. Zuek hona ekarri zaituzten gizona, ez zen gudaria, ez zen jakintsua, ez zen handikia. Artzain bat zen, nik entzun dudanez; baina zuek ez zatozte artzaina zelako; bertsolaria, eta bertsolarien artean gain-gainekoa zelako, zatozte. Eta horregatik esan dut lehenago, mila eta mila txalo irabazi dituzuela.

Ez deritzozue, gure artean bertsolariak beti izan daitezen, bertsolari bikainen, bertsolari zorrotz eta azkarren oroitza goratzea eta zabaltzea ezin eta egokiago dela?

Goratu dezagun, bai, eta zabaldu dezagun Pernando amezketarraren oroitza, eta bere esaerak eta berak egin zituela esaten den gauzarik gogoangarrienak, buruan eta bihotzean eduki ditzagun.

Pernando noiz jaio zen, eta noiz hil zen jakin nahiko duzue. Berehalaxe esango dizuet.

Pernando Bengoetxea, Amezketako semea, herri honetan jaio zen, 1764garren urteko urriaren 10ean. Hemen bertan ezkondu zen Joxepa Sagastumerekin, 1790garren urteko orrilaren 3an, eta 1823an hil zen, orain ehun eta bat urte. Amezketan jaio; Amezketan ezkondu; Amezketan hil. Aitaren aldetik, Adunan bere aurretikoak eduki arren, benetan Amezketarra zen Pernando Bengoetxea. Eta Amezketarrentzat, noski, pozgarria da, Pernandoren tsiak bezala daude. Ez dugu inoiz entzuten Pernandoren izena, Amezketarra zela gogoratu gabe. Amezketarrentzat, noski pozgarria da, Pernandoren herritarrak direla beste euskaldun guztien aurrean erakustea.

Zer egin zuen, bada, Pernando hotsandiko horrek, bere izena, urteak joan eta gero hain pozik gogora ekartzeko, hain bihotzez goratzeko? Diru asko bildu zuen? Ez behintzat. Bera ezagutu zutenak diotenez, diru beharrean gehiagotan aurkitu zen diruz aseta baino. Dirutsua izan balitz, ez zuen Alegiako eskribauarena joan beharrik izango bere hartzekodunekin zer egingo ote zuen galdetzera, estu eta larri ekarri ez zezaten. "Zuk zor duzuna eskatzen dizuenean, hortzak erakutsi behar dizkiezu" -esan zion eskribauak. "Eta orain berorri, zer zor diot? galdetu zion berehala Pernandok. Eta eskribauak honenbeste edo hainbeste, erantzun zionean, badakizue Amezketako artzain burutsuak zer egin zion eskribauari? Hortzak erakutsi. Laster ikasi zuen eskribauak esan ziona.

Zorrak nondik ordaindu ez bazuen Pernandok, ez zen dirutsua, ez zen aberatsa. Gaurko egunean, ona izatea, jakintsua izatea eta beste edozer gauza pozgarri izatea baino aberats izatea askoz gehiago bilatzen dela, deritzot. Horregatik, lehenengo-lehenengo Pernando dirutsua ote zen galdetu dut.

Aberatsa ez zela ikusi dugu. Jakintsua ote zen bada? Jakintsua? Jakintsua izateko ikastola gutxitan ibili zen. Hain gutxitan ezik, irakurtzen ere ez zuen ikasi noski. Baina irakurtzen ez ikasiagatik, buruan argia bazuen, eta nori nahi ziri ederrak sartzen bazekien.

Berez, Jaungoikoak eman ziolako, buruan zuen argitasun horretatik dator Pernandoren oroipenak gaur ere, gure artzain eta nekazari eta langileen artean daukan indar eta sustraia. Eta buruko argitasun hori dela-eta, bildu gara gaur hemen, amezketarrekin Amezketakoak ez garen asko, Pernandoren izena eta Pernandoren oroitza goratzeko ustean.

Irakurtzen dakienak, berak jatorriz duen argitasuna gehitu eta bizirotzeko bide berriak baditu. Baina berez argitasunik ez badu, bere burua neguko beltz ilun bat baino ilunagoa bada, irakurtzen ikasteak ez dio argituko. Lehengo esaera zaharra da, jatorriz edo sorreraz batek ez duen argia, Salamancan ikasteak ez diola emango. Hori da askorekin gertatzen dena. Pernando berriz, Salamancara ez joanagatik, ikastola bat zer zen ez jakinda ere, irakurtzen ikasteko behar zuen erakusle bat ez aurkitu arren, beti izango da gure artean gogoangarria, buruan, beste askok ez zuten argitasunak dizdiz egiten ziolako.

Eta bera gogoangarria delako, gogoangarriak dira, era berean, bere bizitokitzat eduki zituen etxeak, bera ibili zen zelai eta ibai-aldeak. Toki hauetara goazenean, baderitzogu, handik edo hemendik Pernandoren hitzala sortuko zaigula, han gertatu zena guri esatera, gogoan eduki dezagun, gero gure ondorengoei guk ere edestu edo kontatzeko. Baserrietako sukalde txokoan, hamaika bider entzun dira Pernandoren gertaera hauek.

Gertaera hauek denak, Pernandori berari gertatuak ote dira? Nik ez dut uste; bene-benetan esaten dizuet, egia, beste gauza guztien gainetik maite dudalako. Baina, horiek denak Pernandori gertatuak ez izan arren, Pernandoren izena lehen baino iluntxoagoa gelditzen ote da? Nik ez deritzot behintzat. Aspaldiko gizaldietatik hona, herri batzuetan eta besteetan nork daki non sortua, eta zer bidetatik alde batetik besteetara eramanda, ipuin batzuek entzuten dira gizonik gehienak oso txalogarritzat hartu dituztenak. Ipuin horietan norbaiten buru-azkartasuna agertzen da. Norenak diren eta nork asmatuak diren ez jakinagatik, herri bakoitzak laster aurkitzen du noren izenean ipini. Alde batzuetan bat da; beste batzuetan, beste bat, gure artean Pernando, horrelako ipuin, aitarik eta amarik ez dutenen egilea. Zergatik? Ez da izango noski, beste edozein baino ipuingile txarragoa zelako. Horregatik nion nik, Pernandori berari gertatuak ez izan arren gertaera horiek guztiak, Pernandoren izenak ez duela ezertxo galtzen.

Gertaera horietatik bat baino gehiago badira, Pernando jaio baino askoz lehenago egindako liburu edo idaztietan neronek irakurriak. Idazti horietatik, batzuek Italian eginak dira; besteak Frantzian; besteak, Espainian. Idazti hauetako batek, zortziehun bat urte baditu. Judutar kristaututako bat zen bere egilea, aragoarra. Pedro Alfonso zen bere izena, eta Disciplina Clericalis, bere idazti edo liburuarena. Idazti honek dakarzkien ipuinak, gehienak behintzat, eguzkia sortzen den aldean bizi diren herrietatik hartuak dira, baina ongi zabaldu ziren Europa guztian. Hemen Aralar beheraino iritsi zen horietako bat, eta Pernandori gertatua bezala esaten digute. Hogei bat urte badira igande-arratsalde eder batean, neroni Amezketara etorri nintzala, txiki-txikitatik ikasi nuen ipuin edo gertaera hori, hemen Pernando bizi izan zen tokietan, Amezketarren ahotik entzun nahirik. Eta hor ibili nintzen toki itzaltsu eta ederretan, Pernandoren izena berekin daukaten etxeak ikusten. Orduan ikusi nituen Irulegi, Bengoetxea, Espila, Apatxeko borda eta Asentzinea txikia. Batik bat, azkena aipatu dugun honi begiratu nion. Bi latsa edo errekak hantxe aurrean bat egiten dute. Igaran da eskuinekoa; ezkerrekoa, Loidi. Urak harri gainetik doazelako, eta aldapa behera indarra daramalako, hots handia ateratzen du han. Eta hantxe diotenez, Errotako zubiaren inguruan, Pernandok gau batean, ardandegitik beranduxeago zetorrelako eta emazteak, bere Mari-Josepak etxeko atea ireki nahi ez ziolako, bere burua errekara botako zuela deitu zion eta hala egin zuela andre gaixoak sinistu zezan, harri handi bat hartu, eta bere buruaren ordez harri hura joan zen ibaira zalaparta ederra atereaz. Eta orduan emaztea etxetik eginahalean joan zen ibai-ertzera eta Pernando etxeko atea irekita ikusi bezain laster, etxera sartu zen, Mari-Joxepa atarian uzten zuelarik. Gertaera hau da, beste izen batzuekin, lehen aipatu dudan Pedro Alfonsok egindako Disciplina Clericalis deritzon liburuan, eta beste askotan, irakurtzen dena. Baliteke lehenago beste norbaiti gertatuagatik, gertaera bat eta beste, eta gehiago, Pernandori gertatzea, eta era berean Pernando jaio baino askoz lehenago egindako liburu edo idaztietan agertzea. Eta ez hemen inguruetan egindako idaztietan: oso urruti egindakoetan.

Pernandorenak bereak direla, zalantzarik gabe, esan genezakeen egitekoak, bertsolarien artean izen handia eta ongi irabazia eman ziotenak dira. Egiteko hauek izan ez baziren nondik bururatuko zitzaion inori, beste gertaera horien egilea Pernando zela asmatzea? Ipuinik gezurtienak ere badu beti bere egiazko sustraia.

Pernando -lehen esan dugu eta orain berriz gogoratu beharrik ez dugu- artzaina zen. Eta bere artzaintzan zebilela, norbaitek zirikatzen bazuen arin erantzunago zion, hitz neurtu ederrak eta zorrotzak bat-batean, iturritik ura ateratzen den erara sortuaz. Bertsolari onak baziren egun haietan Gipuzkoan, baina inork ez zuen Pernandok hainbat omen irabazi. Niri hemen esan zidatenez behin batean Pernando Aralarren zegoen bere artaldearekin eta ardiak eraisten ari zela etorri zitzaizkion estu eta larri Azpeitira joateko Azpeitian bertsolari-guda handia zela eta bere herritar Zabala beste hitz-neurlari batzuekin galdu beharrean zebilela, beste horiek Zabala baina argi eta zorrotzagoak ziruditelako. Eta Pernandok Amezketarren izena beste guztien gainetik laster jaso zuen, beste denak baino bertsolari azkar eta zorrotzagoa zela erakutsi zuelako.

Pernando ezagutu zutenen artean Iztueta zaldibiarra da haren gertaera batzuek idaztietan jarri dizkiguna. Beste gainerakoak, ahoz aho etorri dira gugana. Eta ahoz aho datorren hitza, sarritan ez dator lehenengo atera zen ezpainetatik sortu zen bezala. Horregatik Pernando amezketarraren izena goratu nahian gabiltzanak, Zaldibiako Iztuetari, Zaldibiako Txuriri asko zor diogu. Eta zorra aitortzea, ordaintzeko biderik egokiena da. Ordea aitortze hutsa ez da aski Iztuetari bere saria emateko. Pernandoren egite batzuek gogorarazi nahi zizkigulako, Pernandok bertsolarien artean erakutsi zuen trebetasun argia, idatzita utzi zuen. Ez ote da ongi egina izango Iztuetaren hitzekin gertaera horiek zuen aurrean gaurko egun gogoangarrian oroitzea? Entzun, entzun, Iztuetak zer dion.

"Datorren otsailean izango dira hogeita bi urte -oraintxe dira ehun urte, Iztuetak hau idazten zuela- Billabonako plazan jokatu zutela hitz neurtu edo bertsoetan bosna ontza urre, lehendanik apustua eginik, Zabala amezketarrak eta Txabalategi Hernanikoak". Iztueta bera zen, Zabalak bilatuta hitz-neurlarien artean zen indar-neurtze hartarako epaile edo erabakitzaileetako bat. Baina egun batzuek aurretik eritasun txiki batek hartu ninduelako, ez nuen zerbitzatu, eta nire ordez eraman zuten bere herritar Pernando, baita Txabalategik ere Aizarnazabalgo eliz zaina; eta Billabonako alkate jaunak erabakitzaile Jose Mendizabal jaun Tolosako apez handi sonatu hura: Ipinirik lau mila eta gehiago pertsonaren aurkez kantatu zuten bi orduz jokalariak, apustua egina zuten bezala; batak besteari asmatu ahal zitezkeen hitz gairik nekezenak irekiaz, nondik eta nola elkar nahaspilatuko zuten, ahaleginik handienak egiten zituztela".

"Guztiak ere, hain zuzen eta egoki eman omen zituen nork bere hitz neurtuak, non apustuko bi orduak betetzean, ekadoi edo juezak, elkargana batu baino lehenago, altxatu omen zen plazako jende guztia deiadarrez, esaten zutela: jokalari biak kantatu zutela guztiz ongi eta hutsaldirik gabe, entzuleak nahikidaturik utzi zituzten moduan, eta beragatik onkai zutela, berdin-berdinean gelditzea". Orduan irten omen zen era berean Aizarnazabalko eliz zaina plaza erdira, eta kantatu omen zuen hitz neurtu hau:



Txabalategi eta
Zabala gaztea,
Askok desio zuen
Kantuz ikustea.
Atsegin handietan
Geldi da jendea;
Bata adinbat egin
Behar dugu bestea.


Pernandoren erantzuera.

Ezin gentzake, bada,
Beste gauzarik egin;
Nik gogoan neukana,
Zuk duzu hitz egin.
Utzi behar ditugu,
Biak berdin-berdin,
Gipuzkoa guztiak
Har dezan atsegin.


Hara hemen nola zuen Pernandok, amezketarrak, gure Pernandok, gipuzkoarrak, erakusten digun hitz gutxitan, bere gipuzkoartasuna.

Hara, Pernandoren beste gertaera bat, hau ere Iztuetak idatzia.

"Orain hogei eta lau urte -badakizue Iztuetaren idaztia, orain ehun urte egina dela- San Sebastian egunarekin eraman zuten Pernando amezketarra Azpeitira, herri bereko batekin hitz neurtuetan jokatzera; baina ez zitzaien agertu kontra arizalerik plazara. Egia da, bera zegoen ostatuko atarira joan zitzaizkiola gauez, desgaraian deiadarrez eta aupadaka, baina ezaguturik Pernandok haien asmo txarrak, beraren onerakoak ez zirela, utzi izan zien gau hartan kantatu gabe, eta biharamunean ikusi zuenean karrikan igarotzen bere kontrario ustekoa, bota zion aurkez aurke, beste anitzen artean hitz neurtu hau:

Lagunak harturikan
Guztizko tirrian,
Nire bila henbilen
Bart gau erdian.
Erronkak botatuaz
Prestuezkerian
Ez dik ongi ematen
Nork bere herrian,
Egunezko argian,
Euskara garbian,
Jokatu nahi nian;
Baina ez nauk ipini
Inon premian.


Ederki erakutsi zuen Pernandok bera nor zen, eta bere bizkar barre egin nahi zutenak, alferrikako asmoa zutela.

Oraindik beste gertaera bat badugu, Iztuetari ikasi eta zuei esan behar dizuedana, Pernando zer nolakoa zen bertsolarien artean gogoan ongi sartu dezazuen.

"Tolosako herri leinargiko batzarkide jaunak -Iztuetak idazten du- 1802garren urteko inauteriaren azkeneko arratsaldean, biribilkatu zituzten lau hitz-neurtzaile, Gipuzkoan aurki ahal zitezkeen onenak: Zabala, Pernando, Txabalategi eta Altamira, lauak letra bat bakarra ere ezagutzen ez zutenak.

Plaza zaharreko baranda banatara igorik kantatu zuten arratsalde guztian bi-bitara. Hain atsegintasun handikoa eta pozkidatsua izan zen arratsalde gogoangarri hura ezik, ilunduta gero ere deiadarka zeuden entzuleak, aurrera ere kanta eragiteko, eta uste dut baldin eguna zabaldu arterainoko guztian ere ari izan balira kantari, ez zela aldenduko entzuleen artekorik inor ere". Bertsolariak beti izan dira gure artean, gogoz entzunak. Baserritarrentzat ez da jai pozgarririk bertsolaririk ez bada. Etxe batetik edo bestetik bertsolari bi ateratzen direnean, eta aurrez aurre jarririk, batak ziri bat besteari sartu, eta besteak lehengoari ziri zorrotzagoarekin erantzun hasten direnean, hura poza, hura atsegina baserritarren artean! Aurpegian, begietan, esku eta besoetan, beren ibileran ongi erakusten digute, bertsolarien ateraldi ederrekin atsegin handia hartzen duela. Eta horrela, inoren kalte gabe, poz ematen duten gizonak, txalo ugariz hartu behar ditugu. Lehen esan dudana berriz esatera noa, nire hitzaldia bukatu baino lehen: gure txaloak, gure omenak, ez dute gudarientzat eta agintarientzat eta jakintsuentzat eta aberatsentzat bakarrik izan behar. Artzaina dela-eta, mendian bizi dela-eta, dirurik ez duela-eta, idaztietan bere izena ikusten ez dugula-eta, ezereztzat eduki behar ahal dugu gure herritar askorentzat gogoangarria izan den bertsolari buru azkarra? Ez noski. Batzuek idazti edo liburuetan ikasten duguna, beste batzuek Jaungoikoak gure begien aurrean ipini dizkigun zelai, baso eta txara, ibai eta erreka ziztor, harkaitz eta leize-zulo, itsaso zabal, oskarbi eta lainoetan ikasten dute. Gure jakiteaz ez dugu gehiegi harrotu behar. Guk liburuen aurrean urte asko igaro eta gero ere ez dakizkigun gauza asko dakizki goizetik arratsera lurrari aberastasuna atera nahian dabilen baserritarrak, bere artaldearen ondoren dabilen artzainak. Eta baserritar hau, artzain hau berez buru azkarra denean, orduan maiz harrituko gara bere ateraldi zorrotzekin. Pernando amezketarra hauetako bat zen. Eta hauetako bat zelako, bere oroitzak gure artean, gizaldiak joan eta gizaldiak etorri, asko iraungo du. Asko iraun dezan, egin dugu gaurko jai eder hau.

KARMELO ETXEGARAI (1)





(1) Amezketan eta Donostian Pernandoren omenez egindako jaietan irakurritako hitzaldia da hau.







     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org