Txarteletan


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Txarteletan

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

36

TXARTELETAN



Urtero bezala, orduan ere joan zen Pernando txartel bila.

Zer dakarzu, Pernando? Dotrina ikasi al duzu?

Eta Pernandok erantzun zion:

Errespetua ekartzen diot
erantzirikan txapela
dotrina franko badakit eta
eman behar dit txartela.




Pernando joan zen garizuman txarteletara.

Erretore jaunak galdetu zion:

Nor da Jaungoikoa, Pernando?

Jaungoikoa bera.

Horixe aise esan duzu. Obra miserikordiazkoak ba al dakizkizu?

Ez jauna.

Ez dizut bada txartelik emango. Datorren iganderako ikasi eta etorri.

Hala beharko... Eta berorrek ba al daki ardi bakoitzak zenbat hortz dituen?

Ez...

Ea bada berorrek ere iganderako ikasten duen.

Hurrengo igandean, etorri zen berriz Pernando, eta erretore jaunak galdetu zion:

Ikasi al dituzu, Pernando?

Bai jauna. Eta berorrek ikasi al du?

Bai; ardi bakoitzak zortzi hortz dauzka.

Goian ala behean?

Erretoreak ez zekien. Eta txartela isil-isilik eman zion Pernandori.



Pernando zer gauza da dolorea? -galdetu zion erretore jaunak.

Eta Pernandok erantzun zion:

Zer gauza den dolorea?
Ez edukitzea ezer gordea;
jan beharra, eta errotan laborea:
hori izaten da gure dolorea.




Txarteletarako garaian, han joan zen gure Pernando ere, beste amezketarrekin batera, sakristiara. Erretorea bertsolaria zen, eta Pernando atean sartzen ikusi zuen bezain laster, bertsoz galdetu zion dotrina.



Hona nola:

Esan behar didazu
istante batean
liburutik txartela
nik atera artean,
nola sinisten duzun
zuk zure artean
daudela hiru pertsona
Jaungoiko batean.




Eta Pernandok, hitzetik hortzera, halaxe erantzun zion:

Nola sinisten dudan
arrazoiarekin,
orain esango diot
sagartxo batekin.
Usain (e)ta zaporea
kolorearekin,
horra hiru jenero
gauza bat-batekin.


Bi zortziko hauek, batez ere lehendabizikoa, oso politak dira.



Garizuma batean Pernando txarteletara joan zenean gertatua.

Pernando zer nahi duzu galdetzea?

Txartela eman eta bidaltzea.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org