Babak eta arrautzak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Mujika Gregorio »  Pernando Amezketarra »  Babak eta arrautzak

Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra

46

BABAK ETA ARRAUTZAK



Amezketako mutil batek, nahi adina arrautza frijitu jateko gutizia izan zuen behin. Bai jan ere. Ostatura joan eta zortzi sartu zituen tripatzar hartan. Ordaindu ordea bat ere ez: ordainduko zituela eta ordainduko zituela... baina ordaindu gabe Ameriketara joan zen.

Ameriketan hamar urte igaro, eta aberastuta etorri zen. Bere zorrak kilisk-kilisk egiten zion bihotzean, eta ordaindu behar zuela-eta, joan zen ostatu etxera.

Hara bada -esan zion ostalariak -zortzi arrautza haietatik zortzi txita txiki atera zitezkeen; zortzi txita haiek zortzi oilo izango ziren laster; zortzi oilo horiek urtean zortziehun arrautza ipiniko zizkidaten; zortziehun arrautza... hamar urte... bi mila oilo... hamasei mila txita... hamabost mila pezeta hortxe nonbait ibiliko dira.

Mutila izutu zen. Baietz eta ezetz luzaroan aditu eta gero, bakoitzak bere aldetik gizon bat jarri, bien artean hirugarren bat izendatu, eta haiek esaten zutena egitea erabaki zuten.

Ostalariak lege-gizon ospetsu bat jarri zuen; mutilak berriz Pernando. Elkarrekin hitz egiteko eguna eta ordua ipini zituzten: lege-gizona joan zen, baina gure Pernando ez zen ageri.

Halako batean, han dator lasterka, izerdi patsetan. Epaikariak, juezak, hala ikustean, esan zion.

Baina gizona, zuk lehengo lepotik orain ere burua. Erlojua gelditu egin al zaizu?

Ez jauna, ez. Nire Mari-Joxepak atzo egositako babak zeuzkan lapikoan, eta haiexek baratzean aldatzen aritu naiz.

A gizajo, gizajo, gizajoa!... Egositako babak hazitarako ez dituk gauza, gizona.

Ez eh? Ezta orain hamar urte jandako arrautzak ere, txitak ateratzeko.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org