|
Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra
49
EMAN BEHARKO
Amezketako erretore-etxean apaiz batzuek jatura omen zuten, eta, bazkari-usainera, eguerdi-ingururako Pernando ere han omen zebilen. Apaiz haiek Pernando bidali nahi omen zuten handik patxadatsuago bazkaltzeko, baina ezin inola ere.
Azkenik, bati hauxe bururatu omen zitzaion: orpoak atariko atean jarri eta kanpo-aldera nork orpo salto handiagoa egin. Pernandoren aldia zetorrenean, honek ere bere saltoa egingo zuen, besteak bezala, kale-aldera, eta orduan atea itxi eta kanpoan utziko zuten.
Bai zera! Apaiz batek bere saltoa egin zuen. Gero besteak. Besteak gero, eta Pernandoren aldia iritsi zenean, orpoak jarri zituen atariko atean... baina bera barrura begira zela.
Nik, egingo dudan pixka barren-aldera egingo dut -esanaz, salto egin zuen, eta kanpora joan beharrean barrenerago sartu zen.
Bazkaria eman egin behar izan zioten.
|