|
Gregorio Mujika. Pernando Amezketarra
61
TXALBURUDUN ARDOA
Bera bezalako erreminta jenero batekin, ari eta ari zen Pernando ardotegi-zulo batean, zurrut eta zurrut. Makina bat baso-erdi zor zituen etxe hartan, eta hala ere, zorrak ordaindu beharrean, edan eta edan, gehiagotu egiten zituen zor horiek.
Estutasun hartatik nola aterako eta nola aterako, hara zer gogoratu zitzaion.
Irten zen ardotegitik, joan zen inguruetako putzu-zulo batera, eta zortzi hamarren bat txalburu harrapatuta, atzera sartu zen. Ezkutuan, sartu zituen bi txalburu basoan, eta gainerakoak botilan. Handik pixka batera...
Zer zikinkeri arrano da hau?
Zer da, zer da?...
Horrelakorik ez zaio gizonari egiten. Ardoa eskatu eta zikinkeria hau ekarri.
Tabernaria gerturatu zen.
Adi ezazu, Pernando, nik ez dut zikinkeriarik ematen, eh, eta kontu zer esaten duzun. Hobe zenuke zor duzun ardoa ordaindu.
Ardoa, ardoa al da bada hau?
Zer ote da bada?
Ur zikina besterik ez; putzu zikinetik ekarritako ura.
Kontu gero, zer esaten duzun...
Kontu? Txalburu bat irentsi eta gero kontu?
Zer txalburu eta txalburu-ondo gero! Txoratu egin zera, gizona...
Txoratu eh? Eta hau, zer da hau?
Ontzian zeuzkan bi txalburuak erakutsi zizkionean, harrituta gelditu zen ardo-saltzailea.
Jakina! -zion Pernandok fanfarroi- putzuko ur zikina bota diozu-eta, txalburuak etorri...
Botilan ere izango dira gehiago onenean...
Bai, baziren. Botilako ardoa itzultzean, han irten zen beste txalburu-mordoxka bat.
Eta Pernandok:
Hau ezin isilik eraman liteke. Ardoari ur zikina botatzea...
Hara bada, Pernando, sekulan ez diot bada botatzen. Gaur... bai... pixka-pixka bat. Baina ur garbi, ederra zelakoan...
Niri ez didazu bada berriz horrelakorik egingo. Nik parte emango dut, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.
Ez Pernando, ez. Zaude isilik. Hor gordeta daukadan ardo zahar bikain horretatik emango dizut gaurtik aurrera. Eta zor guztiak barkatuko dizkizut.
Ondo isildu zen bai, Pernando.
|