|
Gregorio Mujika. Utzi beharko!
Utzi Beharko!
|
IRUDIGILEAK:
|
Erretratista
Lino
Luis
Mutikoa
Ijitoa
Dardarizo
|
Mozkorra
Konkorra
Itsua
Tomas
Kale-garbitzaileak
|
I
Errerratista baten lantegia. Erretratista lanean ari da bere mahaian, eta Luis eta Lino, bere laguntzaileak, beste batean.
Erretratista, Luis eta Lino
Erretratista.- (Zutik jarriko da bat-batean, eta paperak botako ditu mahai gainera haserre-antzean) Langintza duk, ba, hauxe ere! Bi hilabete besterik ez dira honetan hasi nitzala, eta guziak hankaz gora botata joango nitzake. Hasi baino lehen ikusi behar nuen nik ni bezalako gizon bat ez dela erretratista izateko jaio.
Job santuaren pazientzia ere gutxi da askotan. Inork ez du uste den baino hobeto ateratzen denik: beti gaizki irteten direla iruditzen zaie: gizenegi daudela, iharregi daudela, begiak hala, begiak horrela... Batak aitzaki bat, bestiak beste bat... Doazela guziak ehun mila zaldizkoekin!
Izan ere nola aterako dira, ba, ondo? Batek zerura begira jarri nahi duela; besteak, infernura begira, kokotsarekin bularra joaz; bat aho zabalik, bestea muturra okertuta... Eta ezin hitzik esan inori... «Ea, zaude apur batean zuzen; begira ezazu honantz...» Baita zera ere!
Orduan eta okerrago: gora begira parrez, edo aurrean daukatenari keinu-eginaz, edo kokotea emanaz.. Ni behintzat Santa Ageda bidean jarri naute. Jesus! Horrela ezin bizi liteke. (Langileei) Hauek denak zuentzat utzita, banoa ni hemendik beste toki batera, bestela, zoratuko naiz-eta...
|