|
Gregorio Mujika. Utzi beharko!
IV
Lino, Erretratista eta Ijitoa
Ijitoa.- Zu... zu... (atetik deika)
Erretratista.- Aurrera... (Hau duk itxura ona!)
Ijitoa.- Aizu... hemen al da zer hori?
Erretratista.- Ez da hitzik ere. Zer esan nahi duzu?
Ijitoa.- Egiten diren zereko zer horiena hemen al den.
Erretratista.- A! Erretratuak esan nahiko duzu.
Ijitoa.- Hori da. Merke egingo didazu eh?
Erretratista.- Bai gizona, bai.
Ijitoa.- Oso behartsua naiz eta...
Erretratista.- Jarri zaitez pixka batean.
Ijitoa.- Ez daukat astirik egoteko. Berehalaxe nahi nuke.
Erretratista.- Hauxe duk pazientzia...! Berehala ezin liteke.
Ijitoa.- Ezetz? Orduan, egindako horietako bat eramango dut.
Erretratista.- Baina zer diozu, gizona? Beste baten erretratua nola emango dizut ba?
Ijitoa.- Zer axola dio? Bat aukeratzera noa.
Erretratista.- (Zoroa baino areago da hau). Baina gizona, zure erretratua ala besterena behar duzu zuk?
Ijitoa.- Nirea.
Erretratista.- Eta horiek beste batzuenak direla ez al duzu ikusten?
Ijitoa.- Bai? Nirea aukeratzera noa orduan.
Erretratista.- (Gizon honek zoratuko nau). Gizona, ez dezazula horrenbeste astakeri esan...
Ijitoa.- Aizu: nik ez dut gero astakeriarik esaten, eta kontu, bestela makila honekin burua hautsiko dizut.
Erretratista.- Ea zaitez haserretu, gizona. Tira, jar zaitez hemen, eta horiek guziak baino erretratu hobea aterako dizut.
Ijitoa.- Ea ba. (Eseri) Iluntzerako emango al didazu?
Erretratista.- Ez, etzi arte ezin emango dizut.
Ijitoa.- Eta etzi arte hemen egon behar al dut eserita?
Erretratista.- Ez, gizona. Pitin batean egonda joango zera zure lanetara, berriz etzi erretratuaren bila etortzeko.
Ijitoa.- Tira ba. Atera dotore-dotore. .
Erretratista.- Jarri tente, ohi duzun bezala. (Hanka zabal jartzen da) Horrela ez. Bildu itzazu hanka horiek. (Okertuta ipiniko ditu) Ezetz bada... zaude zutik.
Ijitoa.- (Beretzat) (Hau berriketa erretratu bat ateratzeko) (Jartzen da tente)
Erretratista.- Jesus, Jesus... Besoak ondo ipini itzazu.
Ijitoa.- Nola nahi duzu ba? Hau erretratatzaile astoa.
Erretratista.- Berriz esaten baduzu, denak utzita joan egingo naiz. Eduki ezazu burua zuzenago. Ez horrenbeste. Pixka bat eskuinerago. Ez horrenbeste. Jarri zaitez parrez... Ez horrenbeste.
Ijitoa.- Ze arraio diozu?
Erretratista.- Irribarrez jartzeko. (Ijitoa algaraka asten da) (Zoroa baino zoroago duk hau). Ezpainak pixka bat barre-antzean jartzeko... Ijitoak ezpainak osoro oker bitza) Ez horrenbeste... egon... horrelaxe... Begira honantz...
Ijitoa.- (Altxa eta erretratistarengana etorriaz) Nora honantz?
Erretratista.- Oxala joango bazina! Hain ederki ipinita... polita egin diagu! Jar zaitez berriz, eta nahi duan bezala irten dadila.
Ijitoa.- (Makina irekitzerakoan) Atxis... !
Erretratista.- Kaka zarra... ! Plaka galarazi didazu.
Ijitoa.- Etorri egin zait bada eta...
Erretratista.- Ea oraingoan... geldi...
Ijitoa.- Ai! (Burua eskuz joaz)
Erretratista.- Gizona, berriz?
Ijitoa.- Eulia etorri zait ba eta, utzi egingo al nion?
Erretratista.- Jaungoiko maitea...! Ea hirugarrengoan... Egon... Bazen ordua! Etorri zaitez etzi goizean.
Ijitoa.- Ondo da. Etzi arte, ba, Jaungoikoak nahi badu. Agur. (Bihoa)
Erretratista.- Zoaz gizona, zoaz... (Berarekin irtengo da, lagunduaz) Zoaz Jaungoikoarekin...
|