Lehenbiziko Irudia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Libros digitales »  Sanchez Irure Kaietano »  Azken beltza »  Lehenbiziko Irudia

Kaietano Sanchez Irure. Azken beltza

Egintza bakarra

(Iruditegia moldatu behar da etxeordeko baten antzera, traste bazterreratutako batzuekin eta zelai eta baratza lanketarako ohituratzen diren tresnekin.)



Lehenbiziko Irudia

I

Martzelo eta Joxepa

Martzelo azalduko da ezkerrean leihotik begira, kanpoko edertasunaz oso zoraturik. Joxepa sartzen da atzeko atetik



Joxepa.- Oraindik ez zara aspertu leiho horretatik begira?

Martzelo.- Ama, aspertuko naizenik ere ez dut uste.

Joxepa.- Itxurak hala dira.

Martzelo.- Urteak eta urteak itsasoetan igaro ditut, baina ez dut egun bat bakarra izan, leiho horretatik ageri den bazter zoragarriaz gogoratu ez naizenik.

Joxepa.- Sinisten dut.

Martzelo.- Bost urte dira etorri nintzela, eta geroztik leiho horretan, zoraturik, igarotzen dira nire ordurik gehienak eta gogotsuenak.

Joxepa.- Ikusten dugu, bai.

Martzelo.- (Leihora inguraturik) Begira, ama: hara han urrutian Donostia, zilarrezko katilu ederra, lekurik txukun eta osasungarriena, herririk alai eta pozgarriena.

Joxepa.- Ba, bai: donostiarrak ez ditu hamar mila duro behar, bera eta besteak ttun-ttuna baino ere alaiago jartzeko.

Martzelo.- Begira ondoan itsasoa, oinak milizkatzen dizkiola bere apar harro jostailuarekin, Igeldoko mendi-aldapa atseginean jauregi polit, apainak, herritarrak baserritarrei agur egitera aurreratu balira bezala. Eta hemen, tontor-tontorrean, nekazarien zelatari dirudiela, “Arburuko” baserri-etxe, sendo, bortitza, atariko lau zuhaitzen itzalpe eztitsuan bere sarrera nagusia gordetzen duela. Hara han zelaitxo loretsuaren ertzean “Arriyolene” baserri zabal eta patxadakoa, amak haurra gonetatik helduta ohi duen bezala, aldamenean etxe ordeko koxkorra daukala. Alderdi honetan, ageri du mutur bat “Mugoitzako” baserriak...

Joxepa.- A, bai! Ez badakizu ere...

Martzelo.- “Garoneta Aundi”, oparoa, aurrean dauka...

Joxepa.- Ba, bai. Baserri horretan dago neskatxa bat, nolakoa bera.

Martzelo.- E?

Joxepa.- Mikela Anttoni; neskatxa eder bikaina, azkarra, bizia, langilea, zintzoa...

Martzelo.- (Leihotik alde eginaz) Eta... ez al da inguruan halako mutil gazte...?

Joxepa.- Aizpuru Beko Migel Martiñ. Batak bestearentzat eginak direla dirudite.

Martzelo.- Baina, ama, ezkontzak sumatzen ari ez den bitartean onik ez dauka.

Joxepa.- Neskatxa gajo horiek ere norbaiten laguntza behar dute.

Martzelo.- Egunak dituen orduak horretan igarotzen zaizkio, edo bestela trukean, kanta zaharrak dion bezala eginaz: (Kantari) Labarekin irubaren keñuba (Esertzen da eskuineko aulki batean) Ja! ja!

Joxepa.- Gezurti.

Martzelo.- Berorri bizi bada, inguru hauetan ez du gelditu behar neskazahar batek ere.

Joxepa.- Eta gaizki aurkitzen al duzu?

Martzelo.- Hori, berek esango diote... ezkondu eta gero.

Joxepa.- Ezkondu baino lehen, eta ezkondu eta gero, eskerrak ezin emanik gelditzen dira.

Martzelo.- Hobe, hobe.

Joxepa.- Begira: neskatxak kolokan dagoen hortzak bezala izan ohi dira; mingainarekin ibili batera eta bestera, eta beti hortza bere lekuan. Neskatxa gazteei ere hori bera gertatzen zaie. Ezkontzeko zaleturik dantzatu mingaina batera eta bestera, eta berak berean egon. Pixka bat laguntzen bazaie, ezkontza egina da.

Martzelo.- Baina, ama: nor bere hortzekin saiatzea ongi aurkitzen dut, baina, zer ikusteko dugu besteren ahoan?

Joxepa.- Nork bere etxean ez daukanean zer eginik, kanpoan bilatzea taxuzkoa iruditzen zait.

Martzelo.- Etxean ez daukala?...

Joxepa.- Zurekin behintzat ez.

Martzelo.- A, ez ama! Nik honezkero andregaia baino, oilo-salda koipetsua nahiagoko dut. Baina, ez dauka etxean ere ezkontza antolatua, nire iloba Karmentxo eta morroiarekin?

Joxepa.- Hori ere gaizki aurkitzen al duzu?

Martzelo.- Ez daukat zergatik gaizki aurkitu beharrik. Bakarrik, lehen esan nion bezala, Karmentxo oraindik gaztetxoa iruditzen zait.

Joxepa.- Hemeretzi urte ditu, Martzelo, hemeretzi urte; eta sasoi horretara iritsi den emakumeak, zer edo zer pentsatzen hasteko garaia badu, bada hogeitik aurrera abiatuz gero neskazaharren mailak agudo atzitzen dira.

Martzelo.- Ez dauka horrelako beldurrik berorri aldamenean badago.

Joxepa.- Gainera, Juan ezin eta hobea da.

Martzelo.- Hala da; murru xamarra izatea, baina langile amorratua.

Joxepa.- Hartakoa eta gogotsua

Martzelo.- Egi-egia da; eta batean esateko, aitortuko diot ezkontza hori ongi aurkitzen dudala. Baina, Jaungoikoaren izenean, ez bedi gehiago kanpoko neska-mutil guzien ezkontzak maneatzen.

Joxepa.- Hori ere esan.

Martzelo.- Inguruko auzo guziekin haserretu behar dugu. Tolaretxikikoek begiratzen ere ez digute...

Joxepa.- Ez noski, haiek nahi zuten etxean sudurra sartu ez zutelako.

Martzelo.- Errotaberrikoak gugandik itzuri dabiltza...

Joxepa.- Bai bada: hango Nikolax, Aitzburuko Klotildetxorekin ezkontzeko egunetan zegoela, senargai bat hobea bilatu nion nik, eta, zer egingo zuen neskatxak? onenarekin gelditu.

Martzelo.- (Altxatuaz) Beraz hitz emana egon arren, hobeagokoren bat aukeratzen bada, lehengoa bazterreratu?

Joxepa.- Noski.

Martzelo.- Hori horrela bada, nire iloba Karmentxori senargai bat hobea, esan nahi da, diruduna, zergatik berontzat ona eta txarra, diru asko edo gutxi izatea da; senargai dirudun bat agertzen den egunean, morroi gizajoa airean bidali beharko dugu?

Joxepa.- Zer egingo diogu bada? Hobea aukeratuz gero...

Martzelo.- Eta hitz emana...?

Joxepa.- Gauza hauetan, hitza eta atariko haizea berdinak dira.

Martzelo.- Ama, gaizki doa, bide horretatik badoa. Hitza da gauza bat, bizia dugun bitartean eutsi behar dioguna, gure azken arnasarekin batean ito behar dena. Bere hitza jaten duen zorigaiztoko umeari ez zaio aurpegira begiratu behar ere.

Joxepa.- Gizona, ez zaitez behinik behin haserretu horrengatik.

Martzelo.- Morroi gizajoari agindu, hitz eman, eta zoratzeko zorian jarri dutenean...

Joxepa.- Zer? Karmentxorekin ezkondu!

Martzelo.- Ez da hori lehen esan didana.

Joxepa.- Non uste duzu bilatuko lukeela Karmentxok Juan bezalako senargai bat?

Martzelo.- Hori besterik da.

Joxepa.- Zure iloba eta morroia ezkonduko direla ez ezparik bat ere izan. Ez daukat Juan horrela baztertzeko. Hori bezalako mutil ona, langilea, zintzoa... A! Hara bera!











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org